Gauean afari goxoa ere eskaini ziguten Saadatarrek, eta mahai bueltan galdetu nion Ablari ea zein ote den bere ametsa: “familia osoa berriz etxean elkartuta ikustea”, espero du. Nik erantzun hura espero nuen, Ahmad senarra preso baitu, FPLPko burua, eta Israelgo Turismo ministroa hil zuen ekintza pentsatu eta prestatu izana leporatzen diote. Eta horrek karga du bizkarrerako. Orain ari dira epaitzen, ez dute kondenaren berri eman, baina diotenez, bizitza osorako zigorra jar diezaiokete, eta agian posible da bizitza baterako baino gehiagorako ere zigortzea, Israelen dena da posible. Eta pentsatu nuen neure barrurako, agian, Ahmadek hobe izango duela bizitza baterakoa baino lau bizitza osorako karga bizkar gainean hartzea. Zeren eta lau bizitzari hiru laurdenen legea aplikatuta bizitza bat libre gelditzen da. Eta agian, epaile judu ultra ortodoxo sinistuak, onartuko dio libre bizitza hau uztea, eta hau bukatutakoan pasako ditu beste hiruak preso. Baina hori nire amets bat da.