Daniel Landart kulturgile "umila, langilea, luma ederrekoa eta militantea" omenduz hasi zuten eguna Ziburuko bosgarren Euskal Liburu eta Disko Azokan, 60 urtez euskal kulturari emandako "uzta emankor eta aberatsa" azpimarratuz. Esker onez eta "bozkarioz" hartu zuen omenaldia eta bere duen xumetasunetik hitz egin zuen, bizian ondoan ukan dituenak eskertuz: euskara landuaren musika helarazi zion amatxi, ezaguturiko euskaltzale eta abertzale suharrak –Jean Hiriart-Urruty, Marcel Etchehandy, Xabier Elosegi eta Jean-Louis Davant–, Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon, liburuak agertu aitzin laguntzen egondakoak –Pierre Narbaitz, Gexan Alfaro Lantziri, Beñat Oyharçabal, Piarres Charritton, Andolin Eguzkitza, Jon Cazenave eta Ladix Arrosagaray–,bere komerien jokalariak eta bere hitzak musikatu eta kantatu dizkieten artistak, ukandako publiko nasaia eta irakurleak, Euskal Kultur Erakundean ukandako bi zuzendari eta lankide ohiak eta azkenik, omentzen ari zitzaion Maialen Tapia eta azken aldian elkarrizketatzen aritu zaizkion kazetariak.