Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren baten bidez.
Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?
Kartzelaren eta gaixotasunaren errealitatea ezagutu duten pertsona bat baino gehiagoren lekukotzetan oinarritua da dokumentala. Bertan agertzen dira, besteak beste, Ainara Fresneda Etxebarri Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren bikotekidea, Peru del Hoyo Sanchez Kepa del Hoyo zenaren semea, Nahia Aia medikua, Onintza Ostolaza abokatua eta Kepa Etxebarria Sagarzazu euskal preso ohia.
Sare Herritarrak zabaldu du lana.