Anarkista asko izan dira munduan, eta dira oraindik ere. Ugari izan dira kausaren alde lapurretan edo kontrabandoan arituak. Oso gutxi izan dira Ché-rekin estrategia-eztabaidan jardunak, edo Eldridge Cleaver Pantera Beltzen buruari lagundu diotenak. Bakarra izan da, horri guztiari batuta, planetako bankurik boteretsuena estu eta larri jarri zuena traveller check-en faltsutze masiboaren bitartez, egun bakar batean ere huts egin gabe bere etxegintzako lana. Lucio Urtubia, Cascantekoa (Nafarroa).
Lucio Parisen bizi da gaur egun, erretiratua. Hogeigarren mendearen bigarren erdiko gertaera historiko ugariren lekuko izan da, eta partaide sarri. Barrutik bizi izan zuen 1968ko Maiatza, Castroren erregimenaren hasieran laguntzaile izan zen, Francoren aurkako ekintza mota guztietan hartu zuen parte… Baina zalantzarik gabe bere kolperik handiena hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian eman zuen: prentsako izenburuetan “lapur ona” edo “Azeri euskalduna” deitu zioten. Garai hartako 3.000 milioiko iruzurra egin zion First National Bank (orain Citibank) etxeari, dirua berak sinesten zuen kausetan inbertitzeko. Harrigarria da, baina bere “karrera” hilabete batzuetako kartzela aldia besterik ez zaio kostatu.
Dokumental hau ETBk emititu eta sareratu zuen.