Erreproduzitu bideoa
dokumentala
Hiru buruko munstroa
3. zatia
2019-10-11

Basaurin izandako sexu abusuen inguruko ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala sortu zuen GEURIA Hego Uribeko herri komunikabideak. Lanak hiru atal ditu eta guztira hamaika testigantza jasotzen ditu.

Honako herritarren testigantzak jasotzen ditu lehen atalak: Txema Durán (1979-1980 urteetan Calderón ikastetxean eskola futbolean jokalari), Koldo Bilbao (1986-1989 urte bitartean Basconia Kirol Klubeko haurren kategorian jokalari), Jota (1987-1989 urte bitartean Basconia Kirol Klubeko alebin kategorian jokalari) eta Inaxio Niño (‘Ez naiz isilduko’ plataformaren kide eta Peperen laguna). Halaber, lehen atal honen amaieran, hurrengoen aurrerapen labur bat ikusteko aukera dago. 2019ko otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean grabatu ziren elkarizketa guztiak.

Lan honen asmoa bere garaian GEURIAn zein beste hedabide askotan argitaratutako informazioa osatzea eta honako helburuak betetzea da:
– Abusuen biktimei babesa ematea.
– Ulertzen saiatzea nola den posible gertakari hauek gertatu izana, une hartan sakaletarik izan gabe. Biktimekin enpatia izan, baita susmoak eduki baina delitua egiaztatzeko frogarik izan ez dutenekin ere.
– Basauriarrekin eta, orokorrean, Hego Uribeko herritarrekin arazo larri hau elkarbanatzea eta guztion artean nola aurre egin diezaiokegun hausnartzea, etorkizunean berriz halakorik gerta ez dadin eta gure seme-alabengan eraginik izan ez dezan.

Dokumentala egiten honako pertsonek hartu dute parte: Jon Villapun (zuzendaria eta gidoia), Etxahun Gonzalez Sarria (elkarrizketak eta gidoia), Maider Ibañez (azpi-idatziak), Sara Zozaya (abesti nagusia: ‘Run’ III diskotik), Amaia Goikoetxea (musika), Garikoitz Grijalbo (Pedro López Cortazar zelaiko argazkiak) eta Olaia Nogales (artxibo irudiak).

Lanaren arrazoia
2014an sortu zenez geroztik, GEURIAren ezaugarri nagusienetako bat izan da kontu handiz landu beharreko informazioa modu konstruktibo batean kudeatzea gure inguru hurbilerako. Kazetaritza-zorroztasunarekiko gure konpromisoa mantentzen ahalegindu gara beti, baita gure solaskideak ahalik eta modu justuenean tratatzen ere.

Pepe Godoyk bere kasuaren berri eman zuenetik informazio ugari argitaratu da bai gure eskualdean baita Euskadi mailan ere, sare sozialetan milaka iruzkin irakurri ahal izan dugu… Baina uste dugu, behin hilabete batzuk igarota, argitara atera diren kasuen inguruko hutsune informatiboa dagoela: abusu kasu horien gaineko begirada lasaiago bat, hobeto hausnartutakoa, baita kasu horiek eragin dituzten edo eragin ditzaketen ondorioen gainekoa ere.

Lan honek ez du morborik, sentsazionalismorik eta konfrontaziorik nahi, ezta bertan parte hartzera gonbidatua izan den pertsona edo entitaterik salatzea ere. Egiarekin konprometitutako errelato anitza eratu nahi du, kontu honekin lotura duten pertsona guztien tokian jartzen saiatu nahi du, eta etorkizunean jarraitu beharreko norabide bat ezarri, Peperena eta gainerako biktimena bezalako kasuak ekidin ditzagun etorkizunean.

 

Egilea(k):
Geuria .eus Geuria .eus
Multimedia elementu honek hainbat zati ditu