'Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza', Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek ekoitzitako dokumental-sorta da, 40-50 minutuko sei atalek osatua. Egitasmoak Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu.
6. atalaren sinopsia:
Pizkunde aroa 36ko Gerrak moztu zuen, baina indarrez berpiztu zen 60ko hamarkadan izugarrizko lana bururatuz mendearen azken erdian: kultura, hizkuntza batu, irakaskuntza, hedabideak sortu…
Azken urteotan euskarak lurralde eta funtzioak galdu (Ipar Euskal Herrian bereziki) eta irabazi ditu (Hegoaldean batez ere) aldi berean. Bestalde, hiritartu egin da. Egun, inoiz ez bezala, euskaldun gehienak hirietan bizi dira.
Hala ere, euskaldungoak minorizaturik jarraitzen du: familia transmisioak zailtasunak ditu, hainbat tokitan euskara ez da ofiziala eta, ofiziala den tokietan, ez dago erdararen pare.
Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka berriak ditu, galdera berriak ditu, eta galdera berri horiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.
Hizlariak:
Jose Angel Irigaray: idazlea eta kulturgilea
Jon Sarasua: kulturgilea eta irakaslea
Amaia Aire: irakaslea eta abeslaria
Iratxe Esnaola: informatika-ingeniaria eta PuntuEus elkarteko kidea
Musika:
Ruper Ordorika, Ibon Rodriguez, Ibon Agirre
Lan talde nagusia: Xamar, Mikel Arredondo, Hibai Castro, Adur Larrea, Lutxo Egia, Lon Fernandez eta Maria Uriarte.