Elbira Zipitria Irastortza hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko lana da. Fikziozko dokumental honek Zipitriaren bizitza du oinarri. Elbira andereñoa gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak ditu protagonista eta haren istorioaren narratzaile.
Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dituzte. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak. Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituta.
Baleuko ekoiztetxeak sortu eta Iban Gonzalez Pagaldaik zuzendu du lana, Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin eta EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren, Emakunderen eta Bermeo eta Donostiako udalen laguntzarekin .
EiTBk zabaldu du lana.