Erreproduzitu bideoa
dokumentala
Bass-que culture
2011-03-15

Fermin Muguruzak Jamaika eta Euskal Herriaren arteko zubia eraikitzeko asmoz burutu zuen proiektu hau, aldarrikapena sustraiekin nahasten dituena.

Kamera eskuan duela zuzendu du dokumental hau. Bertan, narrazio-ildoa "Euskal Herria Jamaika Clash" diskoaren grabazioa da (Jamaikako musikari eta abeslari onenetariko batzuekin Kingston-go bi estudiotan landutakoa: Tuff Gong , Marley-tarren egoitza nagusia, eta Big Yard, Shaggy-ren crew-aren gunea), herri txikien arteko loturen gaineko begirada soziala, konplizea eta gertukoa eskaintzen zaigu, kasu honetan bi herri-irla, duintasuna mantendu eta bizirik irauteko ahalegin etengabean ari direnak, lehen kolonialismoaren aurka eta orain errebolta politikoari eta kulturalari uko egitera behartzen dituen uniformetasun globalizatzailearen aurka.

Dokumentala zeharkatzen duten lerro ezberdinak azalduz joango dira musikak transformazio erreminta gisa duen esanahia ("We'll free the People with music"), soinu jamaikarra dela Muguruzaren musika ibilbide luzearen katalizatzaile (duela 20 urte idatzitako "La línea del frente" abestia jasotzen du bertsio batean, "Siempre me ha interesado, esa jerga que emplean los rastas" dioen kanta), euskararen sonoritatea eta misterioa, reggae musikaren jatorria eta garapena, egiturazko indarkeria eta yankien interbentzionismoa, ghettoaren bizimodua eta kulturen arteko topaketa.

Gerrilla kutsukoa, ohiko irudi- eta soinu-muntaketak alde batera utzita, gertutasunezko sentsazioa gailenduz lortu du giza testigantzen berri ematea. U-Roy, Luciano, Toots, Rita Marley, Marcia Griffiths eta abenturan parte hartzen duten musikari eta pertsona guztiek agurtzen dute Jamaika eta Euskal Herriaren arteko kultur talka hau, "Bass Culture" eta Basque Culture batzen eta besarkatzen dituena, injustizien aurka, musika bizitzaren ospakizuna dela aldarrikatuz.

Zubi sendoa da, beste uharteei deiadar egiten diena artxipelago berriaren bila, planeta mailakoa baina anitza, elkartasunezko uharteen batasuna dena.