Lodi, potola edo borobil deituta, ondo; sahiestu potolita, potxola edo hezurdura zabalekoa bezalako eufemismoak pertsona lodiez hitz egiterakoan. Horixe baita aste honetako gai potoloa: loditasuna. Mijo Lizarzaburu filosofo eta militante transfeminista gonbidatu dugu gaian sakondu eta bere esperientziatik hitz egiteko: lodi identitatea, edertasuna, osasungintza, 'Body positive' mugimendua, Euskal Herriko lodien topaketak, pertsona argalentzako aholkuak... Bi orduko saioa egin genezakeen, baina saioaren neurrian kabitu behar izan dugu guk ere.
Saio amaierako kolaborazioan Edurne Azkarateren txanda izan da, eta oraingoan entzutera eta galdetzera etorri da oiondarra: zein ekarpen egin dezakete pertsona argalek lodien borrokan? Edo behintzat, nola ez molestatu? Askotan hori ere ez da eta gutxi.
ARGIAk ekoitzi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Sailak babestutako saioa da BTN.