Hemen maskaradetara joateko manexentzako lehen gomendioak.
Zuberotarrentzat mundua bitan banatzen da: xiberotarrak eta manexak. Haiek eta zu! Eta zuri manex izatea tokatu zaizu! Beraz, ez duzu inoiz braletik jaustea xiberotarrek bezala dantzatzea lortuko, eta ez duzu inoiz Kabana Handiaren pherediküa ulertuko!
Koka dezagun Zuberoa: 18.000 biztanle ditu, Hernanik, Azpeitiak edo Bermeok bezala. Maule-Lextarre du hiriburua 3.000 biztanlerekin. Eta herriek 200, 400 edo asko jota 800 biztanle dituzte. 300 biztanle dituen herri batean, maskaradak antolatzeak herriko ia-gazte guztiak inplikatzea dakar.
Zuberotarren arteko harremanak lotu eta indartzeko bide dira maskaradak eta giro horretan, hara agertzen gara manexok, autobusetik jaitsi eta argazki eta bideo kamera eskuan. Ordutegiak gutxi gorabeherakoak izaten dira maskaradetan. Goizean 9:30 - 10:00ak aldean hasten dira barrikadak eta 4, 5, 6 izaten dira goiz guztian zehar, herriko txoko ezberdinetan. Arratsaldeko jokoa 15:30-16:00ak aldera hasten ohi da eta 2 ordu t'erdiko iraupena izan dezake, beraz, gerta liteke 19:00ak ere izatea bukatzerako.