Erreproduzitu bideoa
Ekitaldiak > Argia Sariak 2024
Prentsako Argia Saria: Sahara. Herri bat erresistentzian
2024-01-25

Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.

Honengatik saritu du Sahara. Herri bat erresistentzian liburua ARGIAk:

"Kazetari honek ametsa betetzea erabaki du eta hala egitea lortu du. Bi hamarkadatan idatzi du nazioartean ahaztuta eta isilarazita dagoen herri baten borrokaz, eta duela gutxi, egindako lanari kronika itxura eman eta liburua argitaratu du. Kazetariak berak altxor preziatutzat ditu urtetan jasotako testigantzak, lekukotza gogor eta latzak, lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatu guneetan bizi diren herritarrek kontatutakoak. Hiru eremuetan lan egin ahal izan duen kazetari bakanetakoa da.

'Pertsona bakar baten bizitzaren bidez, herri oso baten historia idatz daiteke', saria jasoko duenari, berari, irakurri diogu esaldi hori. Lan honetan, herritarren lekukotzak eta historia tartekatuta, behin eta berriz traizionatu duten herri baten aurkako errepresioa kontatu du, hasi duela mende erdi eta gaur egunera artekoa.

Mendebaldeko Sahararen askapenerako borroka lehen lerrora ekartzeagatik. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasainek".

Egilea(k):
ARGIA