Erreproduzitu bideoa
Ekitaldiak > Argia Sariak 2024
Kanpaina onenaren Argia Saria: Guggenheim Urdaibai Stop
2024-01-25

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen oroigarria jaso dute Itsaso Zaldunbidek, Eider Gotxik eta Zuriñe Gandariasek.

ARGIAk hala argudiatu du urteko komunikazio kanpainarik onenaren aukeraketa:

"Negozioa eta turismoa ala herritarren beharrak eta naturaren zaintza? Galdera zahar hori inoiz baino indartsuago dugu gure artean. Premia pribatuak, diru publikoz ordainduta, Basque Country-a enegarren aldiz nazioartera saldu nahi dute. Handira, nola ez.

Marko inkonparableak behar dituzte hemendik kilometro askotara diseinatutako kulturaren frankizia multinazionalek. Eta hemen halakoak badirenez, haientzat da erreserbatua biosfera. 140.000 turista eroan nahi dituzte udaro.

Mota horretako egitasmoek mugikortasunean, etxebizitzen prezioan, euskaran, ondare historikoan, bizi kalitatean, gu ez besteko animaliengan, ingurumenean, kulturan... ageriko eragina izango badute ere, han bizi direnak ez daude erabakien atzean.

Baina… beti dago “bainaren” bat. Eta kasu honetan, zorionez, herritarrek jarri dituzte “baina” guztiak. Herritar antolatuak, eta ez nolanahi gainera. Gernikako urriko azken astelehenaren bezperatan 4.500 lagun kalera ateratzea lortu zuten, eskualdean azken urteotan egindako manifestazio handienean. Ez da makala…".

Egilea(k):
ARGIA