Ez gatoz Paristik podcastak jaso du entzunezkoen 2024ko Argia Saria. Euskaraz diharduten artisten eskubideen defentsan eginiko lanagatik, eta alor horretan dibulgazioan egindako ahaleginagatik jaso du saria podcastak. Lanartea, Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen izenean jaso dute saria Amagoia Gurrutxagak, Harkaitz Canok eta Ander Mujikak.
ARGIAk honela arrazoitu du podcastari saria eman izana:
"Izaki asko bizi dira kapitalismoak zedarritutako habitatean, eta oihan horretan, merkatuaren logikak eramaten du egilea, sortzailea, miseriaren adarretan harilkatzera. Baina miseriak azaleratzeko hautua egina dago.
Kultura euskaraz egiten dutenek hartu dute hitza. Ez dira artelanaz mintzo, baizik eta artea egitearen lanaz, lanbideaz, eta lan baldintzez. Prekaritateaz. Burokraziaren atzaparretan harrapatuta daudela diote.
Artistak dira, eta artista izan dira podcastaren produkzioan ere. Mimoz kontatu dizkigute haien eguneroko korapiloak.
Eta mimoz gogorarazi digute artista guztiak ez datozela Paristik".
Euskararen langile profesionalen alde, euskaraz diharduten artisten eskubideen defentsan eginiko lanagatik, eta hain justu ere, kasu honetan, dibulgazio lanetan eginikoagatik jaso du saria Ez gatoz Paristik podcastak.