Garaziko Lizeoko ikasleek Piarres Larzabalen 'Infernuko Dirua' antzerkia antzeztu dute. Piarres Xarritonen arabera, antzezlan honen abiapuntua Garaziko Inchauspe anaien arteko desadostasun batetik hartu zuen Larzabalek.
Baina Inchauspe familiatik gutxi du obra honek. Larzabal apeza zen, eta nonbait, irakaspen lana egin nahi izan zuen diruaren alderdi on eta txar guztiak denei erakutsiz: dirua droga da eta bi zentzuetara funtzionatzen du; sartzen gara metatzearen zurrunbiloan, baina horren xahutzea ere bilaka daiteke lasterketa amai ezina, desira guztien iturri da, ohointza eta beste makurretara akuilatzen gaituena.