39 urte dira orbaizetarra torturapean hil zutela Intxaurrondoko kuartelean. Auzia argitzeko oztopo izan direnei egiaren alde lerratzeko eskatu dute.
Mikel Zabalza orbaizetarra gogoratu dute 39. urtez, bere jaiotetxearen atarian, Orbaizetako Olan, egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea aldarrikatzeko. Jaurlaritzak 2022an egin bezala, aurtengo apirilean Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko biktima gisa aitortu zuen Mikel Zabalza, eta urratsa nabarmendu dute sendiak eta ekitaldiaren antolatzaileek, eguerdian. “Mikel biktima deklaratzea eta erreparatzea aurrerapauso garrantzitsua da, inoiz imajinatuko ez genukeena”, adierazi du Idoia Zabalza arrebak.
Pausoaren garrantzia aitortuta ere, errekonozimendu integrala eskatu du Eneko Villegas Mikel Zabalza gogoan herri ekimeneko kideak: “Madrilen oztopoa izan diren horiei esan nahiko genieke errekonozimendu horiek ekintzekin lagundu behar direla. Argitu dezatela behingoz euren posizioa eta egiaren alde lerrokatu daitezela exijitzen diegu”. Kasuan partu hartu zutenen kargu igoerak edota Zabalzaren auziko sekretu ofizialak ez desklasifikatzeko Bolaños ministroak jarritako aitzakiak jarri ditu oztopoen adibide. “Mikelen kasuak Estatuko segurtasun nazionalari zertan egiten dio kalte? Zer dauka berezi? Erantzun bakarra topatzen dugu guk. Mikelen kasuak eta horien antzera urte hauetan guztietan zehar gertatutakoek segurtasunari kalte egiten badiote, atzean sistematizazio bat egon delako da”.
Mikel Zabalzaren auzia isolatutako kasua ez dela gogora ekarriz, ekimenak aurten ere motibazio politikoko biktimatzat aitortua izan den Angel Berruetaren alaba Aitziber Berrueta gonbidatu du ekitaldira; azaldu dutenez, haien kausatik hurbil sentitzen baitira. Maite Loperenaren musikaz lagunduta harilkatu dituzte parte hartzaileen hitzak. Urtero bezala aurreskua dantzatu dute Mikel Zabalzaren oroimen harriaren aurrean, eta lore eskaintza egin dute Orbaizetako Udalak eta herri ekimenak.
39 urte
1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Zabalza orbaizetarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean. Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena.
Datorren urtean 40 urte beteko dira Mikel Zabalzaren heriotzatik, eta egia, justizia eta erreparazio osorako bidean lanean jarraitzeko asmoa agertu dute gaur Orbaitzeta eta Donostiako Altza auzoko herri ekimenek.