Erreproduzitu bideoa
Albistea
Azken Zama Doinuz Arindu jaialdia, urtarrilak 24 eta 26 Etxarri Aranatzen
2024-09-22

Auzolanean antolaturiko euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ekimen honen hamargarren edizioan jartzen dute amaiera antolatzaileek. Etxarri Aranatzeko Sare Herritarrak antolatzen duen elkartasun jaialdi honetan izen handiko musikariek eta hain ezagunak ez zirenak hartu dute parte, beti ere preso eta iheslarien senideen zama arintzeko helburua izanik.

“Uste dugu norabide horretan oinarritu behar dela gure herriko etorkizuna ere. Ezberdinen artean batzen gaituen hori lehenetsi behar dugula banatzen gaituen hori baino. Eta batzen gaituen hori elkarbizitza eta bakea dira. Badakigu herri honek asko sufritu duela eta urtetako gatazkak zauriak utzi dituela… itxi gabeko zauriak oraindik ere”, azaltzen dute antolatzaileek.

Etxarri Aranatz azken 47 urteetan soilik 15 hilabetez egon da preso edo iheslaririk gabe. “Guk eguneroko bizitzan sumatu izan dugu eta sumatzen dugu oraindik ere zama hori. Hausnarketa horrek eraman gintuen 2016an proiektu honetara, eta hemen egon gara hamar urtez, elkarbizitza eta bakerako norabide horretan presoen korapiloa askatzeko beharretik, zama doinuz arintzen”. 

Ibilbide oparoa izan duen proiektua dela azpimarratu dute, eta hamargarren edizio honetan amaiera jartzeko erabakia hartu dute. “Jakinik ez garela helburuetara oraindik iritsi. Jakinik, egon badagoela oraindik, zama arintzeko beharra. Baina argi izanik, hil behar direla proiektu zaharrak, berriei jaiotzen uzteko”. 

Azkena, bi egunetan ospatuko da

2025ko urtarrilaren 24an eta 26ean ospatuko dira kontzertuak. Sarrerak, ohikoa denez, Etxarriko Xapatero eta Leku Ona Tabernetan eskuratu daitezke, edo www.etxarriaranatz.eus webgunean.

U24 ostirala, 22:00 Etxarri Aranazko Gaztetxean

UNIDAD ALAVESA / SKABIDEAN / DJ MALANDRO

U26 igandea Etxarri Aranazko Herri Eskolan

GORKA URBIZU, ZETAK, EL DROGAS, OLAIA INZIARTE, PORROTX, GATIBU, BRIGADE LOCO, EÑAUT ELORRIETA, ZEA MAYS, NØGEN, BULEGO, JUANTXO ARAKAMA.

Bideo hau Ahotsa.infok argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.
Egilea(k):
 Ahotsa.info Ahotsa.info