Araba Euskal Herriko hego mendebaldean dagoen lurraldea da. 3.311,98 km² ditu eta 2009an ia 313.819 biztanle zituen. Bere barnean du Trebiñu barrendegia, Burgosko probintziaren administraziopean dagoena. Gasteiz da Arabako hiriburua, eta 1978az geroztik, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua ere.
Herrialdeko mendirik garaiena Gorbeia (1.481 m) dugu, Bizkaiko mugan dagoena. Bestela, Toloñoko mendilerroan Palomares (1.446 m) eta Cruz del Castillo (1.432 m) mendiek ere 1.400 metroko maila gainditzen dute.
Arabako ibai garrantzitsuenek Mediterraneo aldera jotzen dute: Ebro eta beronen ibaiadarrak.
Azalerari dagokionez EAEko lurralde handiena izan arren, biztanle gutxien eta dentsitate txikiena duen lurraldea da oraindik ere. Halere, azken aldian Araba da biztanletan hazi den EAEko lurralde bakarra. Arabarren erdia Gasteizen eta inguruetan bizi dira, honek bi aukera ezberdin emanez herrialdea bisitatu nahi duenari: hiria edo herriak.
Arabako Errioxako ardo ekoizleek Euskal Herri osotik antolatzen diren bisita turistikoak hartzen dituzte upeltegietan, eta dudarik gabe, herrialdearen beste ikuspegi batez gozatzeko aukera ezin hobea osatzen dute.
Bestalde, herrialdean museo ugari ere badago: Sobrongo Uraren Museoa, Ertzantzaren Museoa, Euskal Gastronomi Museoa, Euskal Buztigintza Museoa, Artziniegako Etnografia Museoa, Felix Murga Etnografia Museoa, Farolen Museoa, Arte Sakratuaren Museoa, Natura Zientzien Museoa, Bibat Fournier Karta Museoa, Arma Museoa, Bibat Arkeologia Museoa, Arte Ederren Museoa eta Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, batzuk aipatzearren.
Iturria: Euskarazko Wikipedia
ARGAZKIEN EGILETZAK:
Orri honetan ikusten dituzun argazki guztiak Creative Commons lizentziapean daude. Argazki bakoitzaren beheko eskuin erpinean dagoen CC ikurraren gainean punteroa jarriz gero, jatorrizko argazkiari buruzko informazioa topatuko duzu. Informazio hori ageri dela, klik eginez gero, jatorrizkora joateko aukera daukazu.
2012 Euskal Herrian IHESI - Komunikazio Biziagoa S.L. Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Nor gara | Kontaktua | Mapa | Lege oharra |