Euskal Herrian ihesi!

Pasahitza ahaztu zait

Alta eman

Araba

Tertanga

TERTANGAKO HISTORIAN ATZERA BEGIRATUA

Arrastariako toki hau agirien bitartez agertzen zaigu XI eta XII. mendeetan, Lope Sanchez noble jaunak San Millan Monasterioa, Urduñako sagastiak, Gesaltzako gatzagak eta Tertanga, Corcuera, Villamaderne eta beste zenbait lekutako jabetzak Santiago de Langreiz Monasterioari eskaini zizkionean. 1124an, Iñigo Lopez de Laudio jaunak, Lope Sanchezen semeak, Donemiliaga monasterioa ere sartu zuen aitak emandakoen artean.

1257an Tertangako parrokia Jeronimo Aznar apezpiku jaunaren gutunean aipatzen da, inguruko beste zenbait parrokiaren ondoren, ziur aski, garrantziaren araberako hurrenkeran: Delika, Urrunu, Tertanga, Artomaña, Aloria eta Aruietu-ko parrokiak. Hurrengo mendean, 1321ean, Armentiako kabildoak ardoa, mahatsa, sagar eta sagardoaren hamarrenetan parte hartzea zela eta Armentiako Kolegiata eta eliz horiek auzitan zeudela, Delikak zazpi elizgizon zituen parrokian, Tertangak hiru, Artomañak hiru, Aloriak bi eta bakarra Arbietok.

XVI. mendean eliz onuradun bakarra zegoen, agian, Tertangak hamazazpi auzokide zituelako, Delikak ehun, Artomañak hogeita lau eta Aloriak hamabost zituen bitartean. Tertangako onuradunaren errentak hogeita hamar fanega gari eta laurogei gurbil ardo balio zuen garai hartan. Izarraren fraideek ere parte hartzen zuten Tertangako hamarrenen banaketan, Erdi Aroko dohaintza batengatik. Tertangak jasotzen zituen hamarrenak eta hasikinak garia, garagarra eta beste bihi batzuk, ardoa eta arkumeak izaten ziren.

XVII. mendean, Tertangako biztanleria ozta-ozta iristen zen hogei auzokidera, 1630eko ordaintzaileen zerrendan jasotzen den bezalaxe; mende erdialdean, ostera, hogeitik gorakoa zen eta XVIII. mendean ere bai. 1786ko Tertangako erroldan 122 biztanle eta parrokiako bi elizgizon daude; XIX. mendean hogeita bi auzokide dira.

Jaurerriko Bidea Urduñatik eraiki berria zuten ordurako, eta beraz, ibilbide garrantzi hura Tertangara hurbildu zen. Antzinako Haitzeko Bide Zaharra egungo errepidearen ekialdetik San Bartolome baseliza hondatuaren elorri-raino igotzen zen, bihurgune itxietatik bentaren eta hondatutako baselizaren kokagunearen arteko desnibela saihestuz. Bide berria egitean, bidaiarien iraganbidea Tertangatik hurbilago geratu zen eta toki hori, mugapeak barne, Jose Santos Calderon obraren zuzendari jaunaren proiektuaren seigarren tartean ageri da. Izan ere, Calderonek berak 1769 urteko 6 zenbakiko planoan, Tertanga, Presillako etxea eta Arbineko benta azaltzen dira. Bide berria eraiki zutenetik, bertatik igarotzen ziren abereen belar-saria jasotzeko eskubidea eskatu zuten Berberanako eta Tertangako auzokideek, betidanik librea izandakoa, Gurdizainen Errege Etxola salbuetsi gabe.

Tertanga Urduñako mendatetik itsasorainoko jaitsieran kokaturik egoteak, handik pasatzea eta XIX. mendeko gerretan soldaduak herrian lekutzea eragin zuen.

1808ko urrian soladu talde handia zegoen Arrastarian eta ogia, animalientzako lastoa, egurra eta beste tresna batzuk behar zituen; horregatik, araneko kontzejuak neurriak hartu zituen horiek hornitzeko hilabete horretako 30ean. Bitartean, Cangas de Tineoko koronela Unzan zegoen eta Arrastariari eguneko azienda larriko abelburu bi eskatu zion eta horri erantzunez, kontzejuak azaldu zuen aranean lekututako tropek behar zuten guztia hornitzea zaila zela eta Urkabustaizen Unzako tropei bidali ez izanagatik barkamena eskatu zuen.

Napoleon penintsulan gerrako planak berrantolatzen ari zenean, hautsi egin zen fronte espainiarra Zornotzan urriaren 31n. Horrek tropa frantzesak Tertangan eta Arteaga izeneko mendian lekutzea eragin zuen, 1808ko azaroaren bitik zazpira. Tertangak, ataka larrian egonik, eta armada frantzesari 8.300 anoa ogi, haragi eta ardo, 830 zama egur eta zortzi fanega indaba eman behar izan zion.

Urte horretako abenduaren 29ko gauean eta 30eko goizean, hamabost ofizial eta batailoi frantzes bat kokatu ziren Tertangan; abenduaren 20 Delikako eta Tertangako auzokideek egin behar izan zuten ?Harkaitz eta Mendizerrako elurtza apurtu eta irekiunea Berberanaraino iristeko, bi batailoi eta tropa frantzesaren fardelak igarotzeko.

Gerra amaitu zenean, Arrastarian jadanik ez ziren tropa frantziarrak sartzen eta Tertangan, leku segurua izanik, Arabako Batzar Nagusiak egin ziren 1812ko maiatzaren 27an.

Lehenengo karlistaldian, araneko hitzarmen eta dekretuen liburuetan aipatzen diren jakien ekarpen eta mobizilazioez gain, gerraren azkenengoetan Tertanga arpilatu zuten Espartero Generalaren zutabea Tertangara jaitsi zen, parrokiako dokumentazioan irakur daitekeenez;orduantxe artxibategiko liburuak, bitxiak, apaingarriak eta elizako gurtzarako objektuak.

XIX. mendearen erdialdean, Goikoa eta Behekoa auzo bietan hogei etxe, hemeretzi auzokide, 94 biztanle eta parrrokian eliz-onuradun bi zituen Tertangak; errota ere bazuen eta zerealeak eta txakolingintza ziren ekoizpenik handiena.

XX. mende hasieran, 132 biztanle eta hogeita hamabi biztanle zituen Tertangak eta igoera hori, agian, Basalduako igeltsu-harrobiaren ustiapenak eragin zuen. Harrobian, aireko kablea zuen lurrun-makina batek mugitzen zuen eta hogeita hamar langile aritzen ziren.Tertangako benta zeritzona ere onenetan zegoen 1900eko lehenengo urteetan.

pico_del_fraile1930ean 109 biztanle bizi ziren erdigunean eta 10 Beheko Bentan; 1950ean 133 biztanle ziren baina 1970ean 116ra jaitsi zen eta 112ra 1983an. 1986ko udal erroldak 113 biztanle jasotzen zuen.

San Cristobal elizaren alboan, Tertangako gainerako eraikinetatik nabarmentzen da, Zaldibartarren aitonen-semeen oinetxea; noble-eraikina, angeluetan kuboak eta harresia, zuela.

Ez dago parrokia-libururik, Zaldibartarrak Tertangako elizan obra eta fundazioekin zuzenenan lotzeko; hala ere, leinua argi eta garbi aipatzen da Urduñako parrokiako agirietan. Tertangako jauregiko Juan de Zaldibar jaunak, Urduñako Andra Maria Elizaren eskuinaldeko nabearen bigarren kapera erosi zuen 1619an Kapera hori Aginagatar eta Arbietotarrena izana zen eta XVII. mendean Villareal markesen eskuetara igaro zen, Antonia de Zaldibar anderearen, kapelaren erosle Juan jaunaren iloba eta Francisco Diaz Pimienta markes jaunaren arteko ezkontzaren ondorioz. 1689an, Juan Díaz Pimienta jauna Calatravaren Ordenan sartzeko probetan, Tertangako aitonen semeen jauregia bisitatzean, harrizko armarriko arku-atea zuen, armarriaren eskuinaldean ageri zen zuhaitza, koroa gainean eta lau otso, bi albo banatan, ezkerraldean zuhaitz batetik zintzilik kate eta eltze bat, dena katebegiak dituen kate batek inguratua. Gaur egun, sarrerako arkuaren arrasto bat ere ez dago, ezta Zaldibartarren harrizko armarriaren aztarnarik ere Tertangako orubean.

Diego de Garnica jauna ere Tertangan jaio eta Ameriketan aberastua zen. 1730eko urtarrilaren 26an San Francisco de Quitoren testamentua egin eta kapelautza sortu zuen Tertangan, antzinako 8 errealeko zilarrezko lau mila ezkutuko ekarpenaz. Baina dokumentazio galdu da parrokiako liburuekin batera.
 
 

ihesi-ko erabiltzailea zara?

Pasahitza ahaztu zait

Proposatu gainontzeko erabiltzaileei zerbait.