Nafarroa
Itzaltzu
Nafarroako ipar-ekialdean dagoen udalerria da, Zaraitzuko ibarrean kokaturik eta bertako herririk txikiena dena. Nafarroako hiriburutik 88 kilometrora kokatzen da eta 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 50 biztanle ditu.
Eska-Zaraitzu Hondakin Solidoen Mankomunitatea zaborra biltzeaz arduratzen da Itzaltzun eta eskualdeko beste hainbat herritan.
Herria Zangozako merindadearen ipar-ekialdeko muturrean kokatzen da Pirinioetatik gertu. Herria NA-140 errepidearen ertzean dago.
Itzaltzuren herri mugakideak honakoak dira: Iparraldean eta mendebaldean Otsagabia eta Orontze; hegoaldean Ezkaroze; eta ekialdean Uztarroze (Erronkari).
Herria San Migel eta San Salbador monasterioen inguruan sortu zen XI. mendearen hasieran. Monasterioen eskubidea Blasco Aznarrek eman zion 1034an Leireko abateari. Herriari buruzko hurrengo dokumentua 1507koa da, Zaraitzu ibarreko elkartearen dokumentua alegia. XI. mende eta XIII. mendeen artean Itzaltzu "Icizuloa" eta "Iceizoloa" izenak izan zituen.
Erdi Aroan zehar, eta XIX. mendeko erreforma administratiboa egin arte, Itzaltzu ibarreko alkateak eta herriko alkateak gobernatzen zuten eta kargu horiek herriko eta ibarreko biztanleek izendatzen zituzten. 1846an herria Zaraitzu ibarretik banandu, eta udalerri independente bihurtu zen. Garai hartan, Itzaltzuk eskola bakarra zeukan, urtero 34 erregu gariz hornitua. Bi bide zeuden, bata Zuberoara Abodi mendatetik, eta bestea Erronkarira. Irina ekoizten zuen errota eta oihalgintzan aritzen ziren lantegi txiki batzuk zeuden.
1920ko hamarkadan hiru ziren martxan zeuden errotak, horrez gain, herrian zerratokia eta karabineroen postua zeuden.
Itzaltzu herriko jaiak ekaineko azken asteburuan ospatzen dira. San Kristobal egunean, berriz, Muskildarako erromeria antolatzen da, uztailaren 10etik hurrengo igandean alegia.