Gipuzkoako herri honek Lapurdirekin eta Nafarroarekin egiten du muga. Historian garrantzi handia izan duen herria da, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugagatik eta bertatik pasa direlako azken mendeetan, mugaren alde batera eta bestera milaka iheslari.
Ondasun nabarmenen artean daude XVI. mende inguruan eraikitako Junkaleko Andre Mariren eliza, Udaletxea, San Martzial baseliza, FICOBA azoka eta Oiasso erromatar museoa, besteak beste.
Festa nagusiena ekainaren 30ean ospatzen da, San Martzialetan. Egun horretan “San Martzialetako alardea” egiten dute herritarrek. 1522an Enrike II. Nafarroakoaren gudarosteak –nafarrez, lapurtarrez, frantsesez eta lanskenet alemaniarrez osaturik– Bidasoa gurutzatu zuen bertoko gaztelua erasotzeko asmoz. Irungo eta Gipuzkoako miliziek lagunduta, Gaztelako gudarosteak nafarrak garaitu zituen Aldabe mendian ekainaren 30ean, "San Martzialgo guda" deiturikoan; hori gogoratzeko ospatzen dute urtero egun hau irundarrek.