Kantauri Itsasoaren ertzean, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Urumea ibaiaren bokalean kokatuta dago hiria. Donostiak hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Horiek Ulia, Urgul eta Igeldo mendien artean daude. Azken bi mendi horien artean, eta Kontxa eta Ondarreta hondartzen artean Santa Klara uhartea dago.
Ondare edo monumento garrantzitsuei dagokienez, Kursaal Jauregia, Victoria Eugenia Antzokia, Miramar Jauregia eta Eduardo Txillidak egindako burdinezko Haizearen orrazia har daitezke kontutan esaterako.
Donostia bertako gastronomiagatik ere da ezaguna. Bertako sukaldari eta jatetxe entzutetsuak (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) mundu osoan dira ospetsuak. Halaber, Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetan tradizioz zerbitzatzen diren pintxoek ere goi-mailako errekonozimendua lortu dute. Horrez gain, hainbat jai eta jaialdi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Kontxako bandera eta San Tomas eguneko feria, besteak beste. Hiriaren zaindariak San Sebastian eta Koruko Andre Maria dira, eta haien jaiegunetan ospatzen dira hiriko jai nagusiak: San Sebastian eguna (Donostiako Danborrada), urtarrilaren 20an, eta Aste Nagusia, abuztuaren 15eko astean.
Donostiako festa ezagunenak Danborrada (urtarrilaren 20an) Aste Nagusia (abuztuaren erdialdean), eta Santo Tomas eguna (abenduaren 21ean) dira. Gipuzkoako hiriburua 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango da, Poloniako Wrocław hiriarekin batera.