Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Hemeroteka

"Herritarren interesaren bila?" (Julen Zabaloren iritzi artikulua)

Julen Zabalo

Julen Zabalo Soziologia irakasleak abstentzioaren inguruko artikulua bidali digu. Martxoaren 9ko data izango duen ARGIA aldizkarian argitaratuko dugu.
 
"Hauteskunde kanpaina batean, herritarren intereseko kontuak zehaztea, eta horien gainean proposamen erakargarriak egitea bilatzen omen dute alderdiek. Hori dela eta, abstentzioa saihestu nahi izaten da, abstentzioak herritarren desinteresa adieraziko luke eta. Teoriak praktika behar du, ordea, eta praktikak esaten du alderdiek eurek herritarren interesa zehazten eragiten dutela, komunikabideen bidez, batez ere, eta komunikabideetatik hedatzen diren berriei emandako tratamenduaren bidez, zehatzago.
Hala ere, praktikak orain esaten digu estatuak nahiago duela herritar jakin batzuek abstentziora jo dezatela, herritar horiek gizartearen dinamika politiko instituzionalizatuan sarraraztea baino".

Oraindik ez ditut ikusi, baina laster hasiko dira mezu instituzionalak jendea botoa ematera joan dadin animatuz. Halakoetan, jendeari arduraz jokatzeko eskatzen zaio; herritar gisa bere erantzukizunak bete ditzala. Badaude herriak botoa ematea derrigorrezkotzat jotzen dutenak, eta zigortu egiten dutenak abstentzioa. Hego Euskal Herrian, aldiz, erabaki sendoa dago herritarren kopuru esanguratsu bat hauteskunde jokotik at uzteko. Sendoa ere bada Espainiaren tradizio demokratikoaren beste keinu bat!

 

Ez da keinu bakarra, ordea. Izan ere, tradizio horrek ez du uzten euskal herritar askoren interesa den independentzia lantzen (aldarrikatu ahal den arren). Halako erabaki bat defendatzeko, metatu egiten dira motiboak, ondo oinarrituak asko: elkartasuna, herritarren arteko tirabira posibleak saihestea, eta abar. Gainera, badaude, nazio arazotik at, milaka gai interesgarri daudela diotenak, eta are gehiago, bestelako gaiak benetan interesgarritzat jotzen dituztenak, nazio arazoa ez bezala.

 

Baina hasierara itzuliz: zein da herritarren interesa; nork erabakitzen du zein den; edo zelan eragiten da batera edo bestera mugi dadin. Nik, datu berezirik behar izan gabe, baieztapen argia egingo nuke: Hego Euskal Herrian nazio gaiak interesa pizten du, eta interesik handiena pizten duela ere esan nezake. Hauteskunde hauek interes handi horri erantzutea eduki zezaketen helburu, baina aurretiaz badakigu ezetz. Alderantziz, gai hori da erantzun nahi ez dena, eta hori badakite aurkezten diren indar politikoek. Badakite Hego Euskal Herriko herritarren interes handia pizten duen nazio gaiak eragile politiko guztien arteko konponbidea eskatzen duela, eta indar horietako bat hauteskundeetatik bazterrean utzita, ezina dela konponbidea erdiestea. Noren interesa defendatu nahi dute, orduan?

 

- ARGIAko artikulu guztiak



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan