Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Euskal alderdiak eta kanon digitala

Elisabeth Pombo

Azken hilabeteetan iritzi eta eztabaida ugari entzun dugu kanon digitalari buruz. Orain, hauteskunde kanpainan botoak lortzeko edo galtzeko argudio bat bilakatu da. Batzuen iritziz, kanonaren alde agertzeak ez dio batere mesederik egin PSOEri, aldiz PPk sozialistak erasotzeko beste aitzakia bat aurkitu du gai horrekin. Gogoratu behar da ordea, PPk jabetza intelektualaren aldeko legeak jasotzen zuen kanonaren aldeko botoa eman zuela bere garaian. Baina jakina, boto emaileen artean askoz gehiago gara kanona diru lapurreta dela iruditzen zaigunak, eta orain hauteskunde kanpainan gaude.

IUk, etengabe ahaztua den alderdiak, honakoa dio bere programan kanonari buruz: “Beharrezkoa da gaur egun kanon digitalaren ezarpenaren bidez babesten den jabetza intelektualaren sistema aldatzea, aukera egokiagoak bilatuz”.

Eta euskal alderdi politikoek zer dute esatekorik honen inguruan? EAJ-PNV alderdia abstenitu egin zen Espainiako Kongresuko bozketan eta EAk otsailaren 22an Eusko Legebiltzarrean osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen. Horrekin Legebiltzarra kanon digitalaren aurka agertu dadila nahi dute EAko kideek. Hauteskunde kanpainan gaudela aprobetxatuz, euskal alderdi politikoen aipamenak jaso nahi izan ditugu. Behean agertzen direnez gain, EAE-ANVrekin ere hitz egin dugu, baina beraien iritzia ez plazaratzea erabaki dute, abokatuen gomendioz. Nafarroa Bai alderdiak berriz, oraindik ez digu bere iritzia helarazi.

 

EAJ (Aitor Esteban): “Musikaren industriak garai berrietara egokitzeko ahalegina egin beharko luke. Kanona trantsizio moduan ongi legoke, baina industriak beste modu batera bilatu behar ditu etekinak. Artista batzuk jada hasi dira bira eta kontzertu gehiago ematen. Bestalde, batzen den diruaren kudeaketa nahiko iluna da; adibidez, ez dakigu ez zenbat, ez nola, ez diru gehiegi biltzen ote den.... Bi aldeen interesak, hau da, herritarren eta sortzaileen interesak zaindu behar dira eta kanona bitarteko neurria izan daiteke, baina ez behin betiko erantzuna”.

EAren osoko zuzenketak dioenez, kanonak “kontsumitzaileen eskubideak erasotzen ditu" eta “informazioaren gizartearen garapena oztopatzen du".

Aralar (Jon Abril): “Kanon digitalaren kudeaketa ezinbestean errotik aldatu beharrekoa da. Egile eskubideak sortzen dituenak jasotzea bermatuko duen sistema bat ezarri behar da. Eta hori, inork baino hobeki erakunde publikoek kudeatu beharko lukete, gainerako zergak kudeatzen diren moduan. Horrek sortzaileek jaso beharrekoa izugarri aldatuko luke. Sistema justuagoa topatzen ez den bitartean, kanona bera aplikatzearen alde gaude (ez ordea planteatu den moduan), uste baitugu eztabaidak ez duela izan behar kanona bai, kanona ez, baizik eta kanon horren onurak nork kudeatzen dituen, eta batez ere, nola kudeatzen diren eta zein eragin duen horrek guztiak egileengan. Eztabaida hortik hasi beharko litzateke, eta horren arabera finkatu zer nolako eta zenbateko kanona ezarri. Betiko moduan, etxea teilatutik egiten hasi gara!”.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan