29 de setembro de 1975,
Lehen greba eguna egin zuten Hego Euskal Herrian, bi egun lehenagoko fusilaketen aurka. Gipuzkoan jarraipen handia izan zuen, %80koa sindikatuek emandako datuen arabera, eta hiri industrial nagusiak paralizatu zituzten. Guztiz gelditu ziren ondorengo hiri eta herriak: Eibar, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Usurbil, Andoain, Pasaia eta Orereta. Eibarren, Poliziak 1.500 laguneko manifestazio isilari tiro egin zion eta gainerako herrietan ere liskarrak izan ziren manifestarien eta polizia frankisten artean.
Bizkaian, Ezkerraldeko eta Bilboren gerriko industrialeko enpresa handiek grebarekin bat egin zuten, portuko langileek bezala. Manifestazioak egin zituzten herri guztietan eta istiluak orokortuak izan ziren.
Nafarroan batzarrak egin zituzten enpresetan eta %50eko jarraipena izan zuen paroak. Iruñean, Espainiako Poliziak desegin zituen auzoetako manifestazio ugariak.
Ipar Euskal Herrian, Hendaian manifestariek muga blokeatu zuten, eta Espainiako Estatuko ibilgailuei igarotzea eragotzi zieten. Espainiako Garraio eta Komunikazioen Sindikatu Nazionalak Europako herrialdeetara egitekoak ziren bidai zerbitzuak etetea aholkatu zuen, "segurtasun faltak eta erasoak irauten duten bitartean".
Espainiako bidaia agentziek ere bertan behera utzi zituzten Parisera eta Erromara programatuta zeuden guztiak.
Mexikoko presidente Luis Echevarriak idatzi bat bidali zion Nazio Batuen idazkari nagusi Kurt Waldheimi, eta bertan eskatu zion Espainiarekin harremanak eteteko.
Fonte:
Hainbat egile, Euskadi eta Askatasuna – Euskal Herria y la Libertad, IV. Liburukia, 1974-1976. Milis y polimilis (Txalaparta).