30 de setembro de 1975,
Bigarren greba eguna izan zen Hego Euskal Herrian. Bizkaia eta Gipuzkoan erabatekoa izan zen lanuztea, eta Araba eta Nafarroan bezperan baino jarraipen handiagoa izan zuen. Manifestazioek ez zuten etenik, baina Donostian ospatzekoa zen hileta elizkizunak bildu zuen arreta handiena. Poliziak, ordea, eliza inguratu eta hileta eragotzi zuen, Gobernu Zibilaren aginduz. Donostia istilu gune bilakatu zen, jendez gainezka zegoen hirian Poliziak hamabi aldiz kargatu zuelarik. Kalean 40.000 lagun zeudela aipatu izan dute zenbait iturrik. 9 urteko haur bat zauritu zen Londres Hotel inguruan, bala baten talkak botatako erlaitzak kolpatuta.
Nazioartean ere izan ziren mobilizazioak: Ambereseko portuko langileek 48 orduko boikota abiatu zuten itsasontzi espainiarren aurka; Sindikatu Askeen Nazioarteko Batzordeak ere Espainiaren aurkako boikot eta protesta deialdia egin zuen urriaren 2rako. Bostonen Iberiaren bulego baten aurka atentatu zuten, eta Turkian espainiar enbaxadaren ur eta elektrizitate horniketa eten zuten.
Fonte:
Iturria: Hainbat egile, Euskadi eta Askatasuna – Euskal Herria y la Libertad, IV. Liburukia, 1974-1976. Milis y polimilis (Txalaparta).