Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu bereko zigor eskaera luzatu du finantza-prokuradoreak presidente ohiarentzat –Nicolas Sarkozy–. Milioiak bereganatu dituzte, batak diru publikoa lapurtuta eta bere hurbilekoei eta alderdiari banatuta, eta besteak, Muammar Gaddafi Libiako diktadore krudelarekin gordekako tratua eginda. Aferen larritasuna isilean atxiki eta epaituak kasik biktimatzat dauzkate mainstream komunikabide handiek. Frantziako komunikabideen errealitateaz anitz erraten digu bi epaiketei begira egindako "kazetaritza" lanak.
Perspektibak bestelakoturik ditugu. Diote momentu antidemokratiko batean garela, hain justu, epaileek legea bete dutelako. Orwellen 1984 liburua bizitzen ari gara. (…) Historia zuzenean eta abiadura handian idazten ari gara, iraganeko distopia okerrenen heinera heldurik, zeinetan egiaren eta gezurraren arteko mugaren ezabaketa daukagun. Jendea, baita fede onekoa ere, itotzen ari da maelstrom nazkagarri horretan, zeinetan erraten zaigun gerra bakea dela eta ignorantzia indarra. Hori dugu 1984 liburuaren bihotzean". Fabrice Arfi kazetariaren hitzak dira, Mediapart komunikabide independenteak antolaturiko Le Pen, Sarkozy: au nom de la loi (Le Pen, Sarkozy: legearen izenean) mahai-inguruan plazaraturikoak. Marine Le Penen eta Nicolas Sarkozy frantses politikari ezagunen kontrako zigorrei buruzko ihardukitzeak aztertzen dabil.
Martxoko azken astean jakin dira Le Penen kontrako zigorra eta Sarkozyren kontrako finantza-prokuradorearen zigor eskaera. Eskuin muturreko RN alderdiaren buruari lau urteko kartzela-zigorra –horietariko bi fermu–, 100.000 euroko isuna eta hauteskundeetara aurkezteko bost urteko debekua bideratu dizkio Parisko Auzitegi Korrekzionalak; eta 2007tik 2012ra Frantziako presidente izandako Sarkozyren kontra, berriz, zazpi urteko kartzela-zigorra, 300.000 euroko isuna eta bost urtez aurkeztu ezina galdetu ditu finantza-prokuradoreak. Bi afera ezberdinentzat epaituak izan badira ere, antzekotasun handiak dituzte: komunikabide handiek egindako auzien jarraipenean, Justiziari begira epaiturikoek harturiko jarreran, eta pribilegioen eta boterearen ustiaketan. Osagai horiei so jarri aitzin, goazen ikustera zer zaien leporaturik. Komunikabide handiek mamiari gehiegi ez badiote begiratu ere, harrigarria delako bi politikari ezagun horiek bideratutakoa.
“Boterea eta dirua elkar topaturik dauden horretan, epaituak bestelakotu dezake egoera, Justiziaren epaiketa bideratuta. Iritziak manipulatzeko laboratorio batean gara”
Fabrice Arfi (kazetaria)
Alde batetik, Le Pen dugu, Europako Parlamentuko dirua –4,6 milioi euro epaileen arabera, 6,8 milioi europarlamentuaren arabera– desbideratu eta bere hurbilekoei zuzentzen ariturikoa. Eurodiputatuen laguntzaileen lana ordaintzeko Bruselak emandako diru publikoarekin alderdiko langileak, edo hobeki erran Le Pen familiakoak eta horien hurbilekoak, kontratatu zituzten 2004tik 2016ra. Le Penez gain, alderdiko beste 23 kide ere erruduntzat jo dituzte –Le Penek du zigor potoloena bildu–, eta RN alderdiari ere bi milioi euroko isuna ezarri diote –erdia gibelapenarekin–.
Beste aldetik, Sarkozy dugu, 2007ko presidentetzarako kanpainaren legez kanpoko finantzaketagatik epaiturikoa, Muammar Gaddafi Libiako diktadore zenarengandik milioiak jaso izanaren frogak direlako –50 milioi euro, 2007ko Libiako Gobernuaren dokumentu ofizial baten arabera–. Finantza-prokuradorearen arabera ez da dudarik: "Ustelkeria-paktu pentsaezina, izugarria eta zikina" egon da bi buruzagien artean. 2005ean hasi zituzten gordekako hartu-emanak, garaian Barne ministro zelarik Sarkozy. Milioiak Sarkozyren kanpaina diruztatzeko eta trukean abantaila diplomatikoak Gaddafirentzako: Abdallah Senoussi militarra atxilotzeko nazioarteko aginduaren ezeztatzea, Total konpainia frantsesarentzat petrolioa ustiatzeko kontratu bat, eta bi herrien arteko merkataritza hitzarmenak, tartean, Frantziaren partetik espioitza materialaren salmenta. Baina oroz gainetik, bi herrien arteko harremanen garapena eta horrek ondorioztatuko zion "errespetagarritasuna" zuen lehentasunean diktadoreak, finantza-prokuradoaren arabera. Sarkozyren ondoan, beste hamabi ere dituzte epaitzen, tartean, hiru Frantziako ministro ohi.
"Disoziazio baten aitzinean gara. Bada telebistak kontatzen diguna eta auzitegian iragaten dena. Harrigarria da han eta hemen ‘dosierra hutsa da’ entzutea. Hori dioten kazetariak ez dira inoiz egon epaiketan, ez ditut inoiz ikusi, ez dute dosierreko orri bakar bat ireki. Epaiketan egon den inork ez dezake erran dosierra hutsa dagoenik”, dio Mediapart-eko kazetariak.
Bi kasu horiek azaleratu zituen Mediapart-ek, puntako ikerketa-kazetaritza eramanik. Funtsean, gezurrak zabaltzen ari zirelakoan, komunikabide horren kontra jarri zuen salaketa Sarkozyk 2013an –Mediapart hobengabetu zuen Kasazio Auzitegiak 2019an–. Hamahiru urte berantago, tesia berarekin segitzen du presidente ohiak, nahiz eta lana dorpea zaion, ikusita bere kontrako kronologia zehatzak, dokumentuak zein lekukotasunak.
Frantziako komunikabide handien eta eskuinaren –baita eskuin muturraren– artean dagoen loturaren itzala ageri da bi epaiketa horiei buruzko analisi, titular eta ondorioztapenetan. Frantziako Estatuan prentsa idatziaren %80, telebista kateen %60 eta irratien %50 direlako 11 bilioidunen esku artean. Horien artean dago, eskuin muturraren sustatzaile ezaguna den Vincent Bolloré, ikuspegi ezkertiarra isilarazteko eta eskuin muturraren ideologia zabaltzeko misioari segi aitzina doana. Monopolio horrek dakarren arriskuaz RSF Mugarik Gabeko Kazetariak egiturak ekoizturiko Le système B. L´information selon Bolloré (B sistema. Informazioa Bolloréren arabera) dokumental laburra ikusgai da Interneten.
Hori horrela, epaiketen hurbileko eta sakoneko jarraipenik ez dute egin, eta behin auzia burututa, akusatuen adierazpenen eta horien aldekoen bozgorailu egin dira. Demagun, Le Penen kontrako epaiarentzat ondokoak zabaldu zituzten: "Demokrazia legeen zangopilatzea" (Kremlinaren bozeramailea), "gerra deklarazio bat" (Matteo Salvini), "Frantziako demokraziaren bukaera" (Jordan Bardella), "sistema judizialaren gehiegikeria" (Elon Musk)...
Finean, botereari eta pribilegioei begiratuta bakarrik ulertu daiteke fenomenoa Mediapart-eko kazetariaren arabera: “Zintzotasunari kalte egiten zaio erraterakoan Justizia arazo bat badagoela. Boterea eta dirua elkar topaturik dauden horretan, epaituak bestelakotu dezake egoera, Justiziaren epaiketa bideratuta. Informazio faltsua fabrikatzeko eta iritziak manipulatzeko laboratorio batean gara, eta hori, azkenean, oinarrian dauden aferen larritasuna ahanztaratzeko".
Frantziako Estatuan prentsa idatziaren %80, telebista kateen %60 eta irratien
%50 dira 11 bilioidunen esku artean. Horien artean dago eskuin muturraren sustatzaile ezaguna den Vincent Bolloré
Ebidentzien ukazio sistematikoa, kontraerranak eta gezurrak zein dokumentu faltsuen fabrikazioa, Justiziari bizkarra erakutsita egon dira tinko biak. Frantziako Estatuko presidente izandakoak eta 2027an Frantziako presidente izan nahiko lukeenak Justiziaren kontrako horrelako jarrera eduki izana azpimarragarria da. Finean, horrela ondorioztatzen du bi epaiketek utzitakoa kazetariak: "Zuzenbide Estatuaren aurkako populismoaren hitz basatiak askatu izana; eta sakonean, pribilegioen itzuleraren eta legearen aurreko berdintasunarekin bukatzeko nahi sakonen adierazpena". Munduari begiratzea besterik ez dago ohartzeko eskuin muturra boterera arribatu eta Zuzenbide Estatua desegiteari lotzen zaiola, eta nolazpait, hori egin ahal ez izatea dute "antidemokratikotzat".
Sentimen hori are gehiago elikaturik dute Le Peni hauteskundeetara aurkezteko aukera moztu zaiolako. Hots, ezingo luke aurkeztu 2027ko presidentzialetara –hala ere, helegitea jarri duenez, oraindik ikusteke dago, baina gaur egungo epaiari segi, ezingo luke–. RNk debeku horri eskandalagarritzat jo du eta nola ez, mainstream komunikabide guziak dira epaiaren zati horri begira jarri. Alta, oinarrian diru publikoaren lapurreta dago. Bere hurbilekoak aberasteko eta bere alderdia sendotzeko, milioiak lapurtzen arituriko bat presidente aulkian kausitzeko aukerari bidea mozteko epaia izan da. Epaileak erran bezala, Le Penen jarrera eta iragana ezagututa, "berrerortzeko arrisku argiak" daudelako, eta demokraziaren bermeari eta ordena publikoari "kalte" eginen liokeelako.
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.