“Aurrez aurre egin zidan tiro, barrabiletan apuntatuta, 30 metro baino gutxiagora”

  • Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".

Itoitz Otsoa. El Salto CC BY SA

2025eko apirilaren 07an - 09:25
Azken eguneraketa: 12:35

Irala auzoko (Bilbo) 33 urteko bizilaguna den Ikerri egin dio elkarrizketa El Correok Basurtoko Ospitalean zegoela. Errekaldeko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoa kontatu du, eta Ertzaintzaren jarrera oldarkorra salatu.

Ikerrek adierazi du Ertzaintzaren oldarraldietako batean jaurtigai baten talka jaso zuela: "Bizilagun gehiagoren ondoan nengoen, besteak beste, adineko pertsonen ondoan, babes-seinale gisa, modu baketsuan eta istiluetan parte hartu gabe, ertzain batek zuzenean apuntatu ninduenean". "Ondo-ondoan bizi naiz –jarraitzen du–. Egia da gaztetxera joaten ziren gazteak ezagutzen ditudala, baina ni lagun baten amaren ondoan nengoen, besterik gabe, tiroka hasi zirenean".

"Berariaz" egin zuela dio Ikerrek: "Niri aurrez aurre begira zegoela egin zidan tiro, 30 metro baino gutxiagora, txarrera eta arrautzetara apuntatzen, baina ez dakit nor den, ezinezkoa izango da jakitea", deitoratu du. Jaurtigaiaren talka jaso zuen momentua ere kontatu du: "Belauniko erori nintzen lurrera eta pixka bat ibili ahal izan nuen bertatik urruntzeko, ezer ez egiteagatik ere atxilotuko nindutelako beldurrez". Jakinarazi du lagun batek etxera lagundu ziola eta bertan "ibuprofeno" bat hartu eta izotza jarri zuela. Baina egoerak txarrera egin zuela esan du: "Gero eta gehiago puztu zen eta goizaldeko hiruretan oinazeekin gehiago ezin izan nuenez, larrialdietara etorri behar izan nuen".

Larrialdietara heldu eta lau ordutara egin zioten ebakuntza: "Barrabil bat kendu didate. Bestea salbatzea espero dut", aitortu du etsipenez. Ospitaletik irteten uzten diotenean –alta noiz emango dioten ez daki eta– Ertzaintzan salaketa jarriko duela jakinarazi du, eta seguru agertu da: "Ez dakit zer egin behar dudan, baina komisariara joango naiz". Hala ere, itxaropenik gabe zera salatu du: "Okerrena da ez duela ezertarako balioko, agentea salatu behar delako eta haien artean ezkutatuko delako".

Ostiralean Etxarri II gaztetxea hustu zuten

Errekalden, Bilboko Kukutza III gaztetxea zegoen auzoan, proiektu urbanistiko berri bat egitea aurreikusten da. Amenabar enpresa eraikitzaileak eta Bilboko Udalak onartutako proiektuaren ondorioz, gaztetxearen hustuketa agindu zuten apirilaren 4rako. Hori salatzeko, gaztetxeko asanbladako hainbat kidek Bilboko Osoko bilkura eten zuten, eta elkartasunean 55 kolektibotik gora batu zaizkie.

Hustuketa ostiralerako iragarria bazegoen ere, Ertzaintzak ostegun arratsaldean abiatu zuen operazioa. Gaztetxea defendatzen zegoen gazte taldea 10:00ak aldera kanporatu zuten eta barruan egondako kideak identifikatu zituzten. Elkartasunean manifestazioa egin zuten eta gaztetxera hurbiltzean oldartu zen Ertzaintza. Ondoren barrikadak altxatu zituzten manifestariek.

ARGIAko Xabier Letonak hala jaso zituen zaurituen eta atxilotuen zifrak: "Sare Antifaxistak jakinarazi duenez, ertzaintzak sei lagun zauritu zituen. Gedar atariak zehaztu duenez, horietako bati urgentziaz ebaketa egin behar izan diote. Agerkariak dioenez, bost atxilotu ere izan ziren eta horietako lau askatu dituzte jada. Ertzaintzaren esanetan, halaber, lau ertzain ere zauritu zituzten istiluetan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxarri gaztetxea
Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


2020-10-23 | Axier Lopez
Bilboko Etxarri gaztetxearen hustea momentuz bertan behera geratu da

Gaurko iragarrita zegoen Bilboko Errekaldeko Etxarri II Gaztetxearen aurkako hustutze agindua eta ostiral goizean hala egiten saiatu dira. Halere, idazkari judiziala ez da gaztetxera azaldu eta beraz prozesua geldituta geratu da oraingoz.


2017-01-25 | Uriola.eus
Bilboko Udalaren kontrako demanda, Etxarri gaztetxearen “desalojo ilegala dela eta”

Bilboko Administrazio Auziko epaitegietan "Errekaldeko Etxarri gaztetxearen aurka Bilboko Udalak aurrera eramandako desalojo jarduketaren kontrako demanda" aurkeztu du Bilboko Okupazio Bulegoak (BOM). Aipatutako demandak "udal jarduketaren baliogabetasunaren... [+]


Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etxarriko manifestazioa egingo dela adierazi du

Preso gaixoen aldeko elkarretaratzea debekatu egin du Espainiako Gobernu ordezkaritzak, eta hura egiteko nahia adierazi du taldeak. Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiek 18 egun daramatzate greban.


2014-07-09 | Judith Perez
Udako oporrik gabe Errekaldeko gaztetxe berria txukuntzeko

Uda osoa auzolanean emango dute Bilboko Errekalde auzoko Gazte Asanbladako kideek “Etxarri” gaztetxean lan egiten. Info7 irratiak gaztetxeko kideekin hitz egin du, txukuntze lanak nola dihoazen jakiteko.


2014-07-04 | Axier Lopez
Kukutza gaztetxearen ondorengoa okupatu dute Bilbon

Ostegun gauean zabaldu da albistea sare sozialetan: "Bilboko Errekalde auzoak gaztetxe berria lortu du".


Eguneraketa berriak daude