Intuizioaren ebidentzia: erdara darabilten Euskal Herriko hedabideek bizkarra ematen diote euskarazko kulturari

  • Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko kulturari eman zaion tartea %40 ingurukoa izan da. Alegia, hemengo komunikabideek ahots handia ematen diotela kanpokoari.

    Txostena aurkeztu du NOR ikerketa-taldeak, Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan deiturikoa.

UEU

2024ko urriaren 27an - 08:00
Azken eguneraketa: 2024-10-29 11:30

Ukatu egiten zaio jende bati euskal kultura jasotzea. Nagusiki erdarazkoak diren arren, Euskal Herriko hainbat komunikabideren kontsumitzaile diren herritarren gehiengoak badaki euskaraz, ez da dudarik, eta CIESen datuek horrela baieztatzen dute –El Correo-ren irakurleen %51ak euskaraz egiten du, El Diario Vasco-ren %73ak, Naiz-en %90ak–. Baina kultur paisaia oso ezberdinak marrazten dituzte erdarazko eta euskarazko hedabideek. Ukatu egiten zaio jende bati euskal kultura jasotzea, eta, erdaldun asko, euskal kulturarekiko kontakturik gabe bizi dira.

Bistakoa da emaitza: euskara hutsezko hedabideetan, 2023an gehien agertu diren hamar kulturgileetatik zazpik euskara hutsean egiten dute lan; aldiz, gaztelaniakoetan, hamarretik hiruk egiten dute euskaraz, baina inork ez euskara hutsean. Elebidunetan, top-10eko zortzigarren postuan Harkaitz Cano ageri da; euskarazkoetan, top-10aren hurrenkera da Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Mikel Laboa eta Esti Urresola dira. Bi zerrendetan errepikatu diren izenen artean dago Urresola; ez da kasualitatea, 20.000 especies de abejas pelikularen sona iaz izan baitzen oro har.

2023an, Euskal Herriko 11 komunikabide esanguratsuenetan agerpen gehieneko kulturgileen hamarrekoa. NOR ikerketa-taldea

UEUren bueltan sortu zen Kultur Sorkuntzaren Transmisio Taldeak antolatu eta erakunde publikoek babestuta, Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldien hirugarren edizioan aurkeztu du NOR ikerketa taldeak labetik irten berri den txosten berria, Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan deiturikoa. Azpeitiko San Agustin kulturgunean egin da jardunaldia.

Kultura” arloko 24.246 eduki 2023an

EHUren barnean antolatzen den NOR ikerketa taldeko kideek egin dute txostena, eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta NOR taldeko Libe Mimenzak eman ditu xehetasunak, Naroa Burresok eta Ane Martinezek lagunduta. Galdera bat jaso zuten abiapuntu gisa, Mimenzak esan duenez: Euskal Herrian zer espazio mediatiko daukate euskal kulturgileek?

Euskal Herriko 11 komunikabidek kartografiatutako 2023ko paisaiaren analisia egin dute. ARGIAren 2023ko Kultura atalaren esposizio digitaleko lana aztertu dute, eta ondorengo komunikabide hauena ere bai: Berria, Arabako Alea, Goiena, Kazeta, Naiz, El Correo, El Diario Vasco, Noticias de Navarra eta Eitb.eus.

Guztira, iazko urtean, 24.246 eduki argitaratu ziren aipaturiko komunikabide horien Kultura ataletan. Horietatik 8.500 pasa izan ziren euskaraz, eta 15.700 inguru gaztelaniaz. Portzentajean, %35 inguru euskaraz, %65 gaztelaniaz. Aztertutako hedabide horien artean, pieza gehien argitaratu zituena El Correo izan zen, eta gutxien Kazeta.

Corpusean, kultur entitateak eta kulturgileak atzemateko lana egin dute. Datu argigarria da: 9.532 eragile agertu ziren guztira, eta horietatik 5.637 izan dira Euskal Herrikoak –%60ren bueltan–. Titular interesgarria da hori, Euskal Herriko marko mediatikoan nor badiren hedabide zerrenda horrek kanpoko kultur ekoizpenei tarte handia eskaintzen die, Kultura ataleko pieza guztien %40. Beraz, hemen jasotzen eta hedatzen da kanpokoa, hemengoa inork kanpoan hedatzen ez duen bitartean.

Ikerketa-lanean aintzat hartu behar da produkzio uneko erabaki hau: hedabide bakar batean eta behin bakarrik argitaratutako kultur arloko eragileak kanpo utzi dituzte. Gainontzekoak barrura, baldin eta Euskal Herrian eginiko ekoizpena bada.

Musika eta literatura, nagusi

Hedabideetan agertu ziren Euskal Herriko 5.637 kulturgileen artean, ia %92a diziplina bakarrean aritu zen, edo, hobe esanda, diziplina bakarrean izan zuen esposizioa. Batean baino gehiagotan dabiltzanak, oro har, bertsolariak dira.

2023an, Euskal Herriko 11 komunikabide esanguratsu hartuta, grafikoa: kulturgile kopurua ehunekotan, diziplinaka banatuta, hedabidez hedabide NOR ikerketa-taldea

Ildo orokorrean, azpimarratu beharreko hainbat gako eman ditu NOR-en txostenak. Alde handiz, euskaraz zein erdaraz, musikariek dute presentziarik handiena komunikabideetan, eta atzetik dituzte literatura arloko sortzaileak eta zinema eta ikus-entzunezkoetakoak.

Aintzat hartu behar da, kopuru absolututan, literatur sortzaile gehiago daudela musikariak baino –hedabideetan duten presentzian hori horrela dela baieztatu dute datuek–, baina protagonismo handiagoa dute musikariek. Era berean, bertsolariak kopuruz gutxiago direla adierazi dute, baina agerpen-maila handia da. Beste muturrean dira, aldiz, arte-plastikoak eta antzezpenaren alorrekoak.

Lehen El Correo eta Kazeta aipatu dituzte pieza kopurutan, baina gerturatze bat beharrezkoa da horretan. Izan ere, Kazeta-k espazio handia ematen die bertsolariei, eta El Correo-k, erlatiboki, oso txikia. Norabidea markatzen du horrek, beste kasuetan ere horrela baita: bertsolarien agerpena erlatiboki handiagoa da euskarazko hedabideetan, baita elebidunak diren hedabideen euskarazko bertsioetan ere. Gaztelaniazko edukietan ez dago bertsolaritzarik, apenas. Eitb.eus da salbuespena, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak oso paretsuak baititu.

2023an, Euskal Herriko 11 komunikabide esanguratsu hartuta, grafikoa: kulturgile kopurua ehunekotan, sorkuntza hizkuntzaren arabera, hedabidez hedabide NOR ikerketa-taldea

Naiz-en kasuan, alde handia dagoela seinalatu dute. Euskarazko artikuluetan, presentzia izan duten kulturgile guztiek egiten dute zerbait euskaraz, eta hamarretik zortzik euskara hutsean. Aldiz, gaztelaniazko edukiari dagokionean, El Correo-ren pare agertzen da grafikoan.

El Diario Vasco-n ere ez dituzte edukiak parekatzen, ezta gutxiago ere. Euskara hutsean aritzen den kulturgilerik ez da ageri gaztelaniazko orrietan, baizik eta beti euskarazkoan. Eta, gaztelaniaz ageri diren gehien-gehienak, gaztelania hutsean ari dira. Bitxia da El Diario Vasco-ren Kultura atalean gehien errepikatu den izena Julian Iantzi izatea.

2023an, Euskal Herrian euskaraz eta erdaraz egiten duten lau komunikabide esanguratsuk euskaraz jarduten duten kulturgileei eskainitako tartea, kopuru absolututan. NOR ikerketa-taldea

Lau puntuko ondorio sorta

Zerrenda osatu du Mimenzak, aurkezpenaren amaieran. Intuizioaren ebidentzia izan da lehenbiziko ondorioa: "Euskarazko hedabideek eta elebidunek, argi geratu bezala, kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte. Euskarazko hedabideek garrantzia handiagoa ematen diote euskarazko sorkuntzei, eta gaztelaniazkoek gutxi". Horren adibide esanguratsu ipini ditu Naiz, El Correo, Diario Vasco eta Noticias de Navarra. Izan ere, hedabide horien euskarazko bertsioetan badute presentzia –gehiago edo gutxiago– euskarak eta euskaraz lan egiten duten kulturgileek, baina ukatuak dira gaztelaniazko artikuluetan, "karikaturara hurbiltzeraino". "Trakzioa vs galga (edo gutxienez neutralizazioa)", aipatu du Mimenzak.

Bigarren ondorioa: hamaika hedabideko sorta horretan, kultura arloko artikuluen %40 inguru izan ziren kanpoko kulturakoak. Argi esan du Mimenzak: "Gure komunikabideak, batez ere elebidunak, kanpoko kulturaren zabaltzaile dira".

Hirugarrena: transmititzen ez den kultura bat ezin da hautatu. Intuizioari ipinitako bigarren ebidentzia da. "Bada publiko potentzial bat ez dena jasotzen ari euskal kultura, baina ez zaio bazka ematen, ez zaio erakusten", finitu du hizlariak.

Eta, azkenik, euskal hedabideei enkargua: "Errealitatea aldatu da, baina badirudi kartografia zaharrekin ari garela". Hau da, ikerketa-taldearen iritziz, komunikabideek ez dituzte haien gaur egungo audientziak ongi ezagutzen, eta duela 40 urte zegoen errealitate soziolinguistikoarentzat ari dira oraindik.

"Garaia da komunikazio sistema, kultura sistema, orainetik gerora proiektatzeko, garena kartografiatzen hasteko, kultura hila baino, kultura bizia gailendu dadin", esanez amaitu du Libe Mimenzak txostenaren aurkezpena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


2025-04-16 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren bizitza

Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]


Euscool berriaren seinaleak?

Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


Eguneraketa berriak daude