Nayib Bukeleren atzaparretan katigatuta

  • Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere judiziala lagun, berriz hartu du kargua. Salbuespen egoera betean lortu du, hain zuzen ere: dagoeneko bi urtez daude giza eskubideak etenda herrialdean, 70.000 atxilotu baino gehiagorekin. Nayib Bukelek menderaezin jarraitzen du, botoen %85 eskuratu duela esan eta bere buruari koroa jarri dio. Eta berarekin bat ez datorren oro herrialdearen etsai bihurtu du. “Oposizio guztia hauts bihurtu da”, adierazi zuen otsailaren 4ko hauteskunde gauean.

Nayib Bukelek menderaezin jarraitzen du, botoen %85 eskuratu duela esan eta bere buruari koroa jarri dio otsailaren 4an.

2024ko otsailaren 06an - 08:30
Azken eguneraketa: 10:02

Zuri beltzezko erretratua da El Salvadorko oraina. Zuri beltzezkoa, ez atzera begirakoa delako; markoan zuria edo beltza baino ez daudelako baizik. Otsailaren 4ko hauteskundeetan aukera ugari zeuden, paper eta kolore ugari, eta presidentea eta legebiltzarreko diputatuak bozkatu zituzten. Baina praktikan ez da horrela izan: Bukele eta bakea, ala basakeria zituzten aukeran salvadortarrek. Edo horrela zirudien, eta horrela saldu zuten.

Politika berriaren promesa gisa agertu zen panorama nazionalean Bukele, duela bost urte. Aurretik, Nuevo Cuscatlaneko alkate izan zen –San Salvador alboko hiri bat, aberastasun nabarmena duena–. FMLN alderditik lortu zuen garaipena, gerrillari ohien alderditik. Handik, San Salvadorrera, hiriburura, egin zuen salto, orduan ere FMLN alderdiarekin. Alkatetza horretan zegoela, liskarrak sortu ziren alderdia eta bere artean, eta bertatik kanporatu zuten. Horrek ez zuen Bukele gelditu, ordea, eta bere ibilbide politikoan pauso bat harago joan zen: herrialdeko presidente izateko aurkeztu zuen bere burua. Alderdirik ez, baina.

Egoera horrek eraman zuen bere alderdia sortzera: Ideia Berriak. Eta izen horixe bera zen bere kanpaina nagusia: bipartidismoaren aurkakoa, ideia berrien aldekoa. Alderdia sortu berria zegoen 2019ko hauteskundeetarako, eta bere horretan ezin izan zuen aurkeztu: Aldaketa Demokratikoa alderdiak babestu zuen bere hautagaitza, zentro ezkerreko alderdia hura. Hori ere ez zen ondo atera, ostera, Justizia Auzitegi Gorenak bertan behera utzi baitzuen alderdi hori. Hauteskundeetarako denbora gutxi falta zela, GANA (Gran Alianza por la Unidad Nacional) zentro eskuineko koalizioarekin aurkeztu behar izan zuen hauteskundeetara. Gehiengo absolutua lortu zuen azken hauteskunde horietan.

Aurtengoak ez dira gutxiago izan. Lehen kontaketen arabera, 1,3 milioi boto lortu ditu, eta gehiengo absolutua izango du parlamentuan: emaitza guztiak publiko egin aurretik bere gehiengo absolutua aldarrikatu zuen Bukelek hauteskunde gauean. Hain zuzen ere, datuak horren bizkor jakiteak, oraindik kontaketa amaitu barik egonda, iruzur kexak ere sortu ditu herritarren artean. Dena den, bera boterera heldu arteko bi alderdi nagusien (FMLN ezkertiarra eta ARENA eskuindarra) binomioa hautsi eta deuseztatu du. Otsailaren 4ko hauteskundeetan ere aurkeztu dira bi alderdi horiek, baita eskuin muturrean Fraternidad Patriota Salvadoreña; eskuinean eta ARENAtik oso hurbil, Fuerza Solidaria; eta ezkerrean, aldiz, Nuestro Tiempo. Dena den, alderdi horiek botoen ehuneko oso baxua lortu dute: Nuestro Tiempo baizik ez da pasatu 15.000 botoren langatik.

Parlamentuaren gehiengoa bere alde, botere judizialean ere izan du eragina, eta bere aldeko magistratuak jarrita baimendu diote Bukeleri berrautaketa. / Argazkia: AFP.

Baina Bukeleren aurretiko bi alderdi nagusiek ere ez dute egoera hobea: Bukele lehen aldiz presidente aukeratu zutenean, 2019an, FMLN 1,3 milioi bozka izatetik 300.000 izatera pasatu zen. Aurten 100.000 lortu ditu. Beherakada nabarmena da. Okerragoa izan da, ordea, ARENAren kasuan: azken hauteskundeetan 857.000 boto atera zituen, aurtengoetan, ostera, 97.000 azpitik, behin behineko emaitzen arabera.

Horrela, beraz, beste aukerak ezdeusak izan dira; eta ezdeusak ziren Nayib Bukele herrialdearen jaun eta jabe delako. “Hirugarren bidearen ideiak, polarizazioa amaituko zuenak balio izan zion aurreko hauteskundeetan. Uste dut gaur egun hori ahaztuta dugula, hain zuzen ere, ez dagoelako beste aukerarik. Aukera bakarra da bera”, dio Maya Olivares antropologoak. Parlamentuaren gehiengoa bere alde, botere judizialean ere izan du eragina, eta bere aldeko magistratuak jarrita baimendu diote berrautaketa; herrialdeko konstituzioko sei artikuluk debekatu izan dute orain arte. 2021etik dator kontua, orduan egin ziren Justizia Auzitegi Goreneko aldaketak. Horretarako erabilitako taktika hau da: sei hilabeteko baimena hartu du hauteskundeen aurretik, eta, horrela, berrautatzea ontzat eman du Justizia Auzitegi Goreneko Konstituzioko epaimahaiak.

Herrialdea bitan banatu da: konstituzioaren azken irakurketa hori bere egin dutenak, eta Bukeleren gobernu berrian konfiantza osoa jarri dutenak; eta egoeraz galdetuta bekozkoa jarri eta ahopeka kexatzen direnak. Tartean egon dira ustelkeria kasu ugari, pandillekin tratuak eta inkonstituzionalitatea bera. Baina Bukelek ondo ezagutzen du bere herrialdea eta tekla egokiak sakatu ditu. Herrialdea banatzea lortu du, eta alde okerrean daudenak kriminalizatu ditu.

Indarkeriaren mamua

Polarizazio horren erdian, edo are, muinean, indarkeria dago. Horixe uste du Maya Olivares antropologoak. “Denak du zerikusia indarkeria zilegi egitearen narratibekin. Giza eskubideak triangelu baten barruan ulertzen dira hemen: segurtasuna, demokrazia eta giza eskubideak. Eta ulertzen da ezinbestekoa dela eskubideak urratzea segurtasuna bermatzeko. Estatuek erabakiak hartzen dituzte segurtasunaren izenean”.

Bukeleren gobernuak hartutako lehenengotariko erabakia izan zen bizilagunek elkar salatzeko aukera ematea. "Horrek egiten duen gauza bakarra da komunitateko lotura guztiz suntsitzea"

Ulerkera horretatik abiatuta heldu zen 2022ko martxoan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera. Baina Bukelek egoera muturrera eraman eta herrialdea militarizatu eta hertsiki mugatu badu ere, segurtasun politika errepresiboak ez dira albiste El Salvadorren. “1992ko Bake Akordioetatik hona, segurtasun politikak beti izan dira zapaltzaileak. Ez da gauza berria Bukelek militarrak ateratzea, segurtasun plan guztietan atera dituzte”, azaldu du Olivaresek.

Bukelek, beraz, ez du paradigma aldaketa eragin, bere horretan. Herrialdean egiturazkoa den arazoa da indarkeria. Historikoki, mara edo pandilla kriminalak izan dira herrialdean eta Erdialdeko Amerikan indarkeria nonahi barreiatu duten aktoreak. El Salvador, Honduras eta Guatemala –azken hori gutxixeago– gerrarik gabeko herrialderik bortitzenak izan dira urte luzez. Datuek ere hori erakusten dute, El Salvadorren bertan, pandilla horiek su etenak apurtzen zituztenean hildakoak ehunka zenbatzen baitziren: 2015ean, kasurako, 100.000 biztanleko 105 hilketa egon ziren. Konparaziorako, azken datuen arabera, 2023an hirura jaitsi zen kopurua.

Egoera horrela, indarkeria indarkeriaz borrokatzea izan da gobernuek hartutako erabaki gehienen oinarria. “Badago dioenik, ironiaz betiere, El Salvadorren hiru pandilla direla nagusi: letrak, Mara Salvatruchari erreferentzia eginez; zenbakiak, Barrio 18gatik; eta hiru letrak, PNCgatik (Polizia Nazional Zibila)”, dio Roberto Valencia El Salvadorren finkatutako Euskal Herriko kazetariak bere Carta desde Zacatraz liburuan. Eta horixe da, hain zuzen ere, Bukelek berak ere indartu duena. Oraingoan, ostera, neurri barik egin du: “Aldaketa da oraingoan militarrak katerik barik atera direla”, dio Olivaresek. Antropologoa bat dator Valenciarekin: “Indarkeria soziala izatetik estatala izatera pasatu da: biktimagilea ezberdina da. Lehen ere bazegoen, noski, elkar elikatzen zuten pandillek eta poliziek. Baina gaur egun poliziak eta soldaduak dira beldurraren figura”.

Argazkia: Reuters.
Biktimak, albo-kalte

Hogei hilabete dira Aidee Marquezek bere iloba [izena ezkutuan mantendu du, babesteagatik] azken aldiz ikusi zuenetik. Goiz batean etxe paretik auto ezezagun ugari pasatzen ikusi zituzten, eta, arraroa egin bazitzaion ere, ez zion garrantzirik eman: Amaren Eguneko bazkaria zuten eta horixe prestatzen ari ziren. Bazkaltzen amaitu bezain pronto, ostera, auto horietan ikusitako jendea hurbildu zitzaien etxera, bere ilobaren izena esan eta eraman egin zuten: “Ez ziguten ezer azaldu. Galdetu genien agindurik ba ote zuten, eta ez ziguten ezer erakutsi”. Ordutik ia bi urte pasatu dira, ilobarekin ez dute berbarik egin, eta herrialdeko beste muturrean dagoen kartzela batean dagoela uste dute; uste, ez dutelako berarekin telefonoz ere berba egin. Orain, atxilotuaren bi seme-alaben kargu geratu da familia: 22 urteko alaba eta 14ko semea. Ondo gogoan dute ama atxilotu zuten eguna, baita ondorenak ere, gau betean agertzen baitziren poliziak, semearengatik galdezka. Ama eramateko arrazoia, herrialdean atxilotutako beste milaka pertsonen berbera: legez kontrako elkarte bateko kide izatea.

Marquezenaren antzerako kasuak artatu ditu Olivaresek Servicio Social Pasionista (SSPS) gizarte erakundean, giza eskubideen aferatik. Marquezen iloba bezala, 70.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte akusazio berberarekin, eta gobernuak berak onartu du horietatik asko (6.000) arrazoi barik egin zituztela. Olivaresek dio atxiloketa masibo horiek mendeku politikan oinarrituta daudela, pandillen indarkeriaren ordainetan errepresioa beste lagun askok pairatu dutela: “Erraza da jendeak esatea 'ustel dadila kartzelan'. Ez dio axola pertsona bat errugabea bada, gainontzeko errudunek merezi dute”.

Albo-kalteak dira, beraz, pertsona horiek: “6.000 lagun kartzelatu dituzte arrazoirik barik, eta gero publizitatea egin dute esanez askatu dituztela. Atxilotzeak eraginik izango ez balu bezala, berarengan eta ingurukoengan; baina atxilotuetako asko dira etxera dirua eramaten dutenak. Nola espero dute atxiloketa batek ez izatea eraginik familia edo komunitate batean? Oso deskonektatuta daude errealitatetik”, ziurtatu du Olivares antropologoak.

Baina gobernuaren ikuspegi hori jende askok egin du bere, hori ikusi du Olivaresek; baita salbuespen egoera jasan eta atxilotu dituztenek ere. “Salbuespen egoera ondo dagoela dio jende askok, baita atxilotuta izan direnek ere”. Horren alde agertu diren biktimek ere diote “gaiztoak” atxilotu behar dituztela, baina “gaiztoak” atxilotze horretan jende asko sartu dela tartean, arrazoirik barik: “Atxilotuta dagoen jende asko pandillen biktima izan da, eta argudio horren pean atxilotu dute orain”.

Amerika osoko handiena izateko eraiki zuten "megakartzela", eta presoak guztiz inkomunikatuta egon zitezen. / Argazkia: Reuters.
Kartzeletan ere, salbuespen egoera

Bukelek salbuespen egoera dekretatu zuenean, alarma asko piztu ziren giza eskubideen defendatzaileen artean, eta horietako bat zen kartzeletako egoerarena. Izan ere, atxilotuak milaka kontatzen hasi aurretik ere, kartzeletako egoera jada kezkagarria zen. Ordurako, kartzelek beren edukiera gaindituta zeukaten: %130ean zeuden beteta. Salbuespen egoerak kopuru hori areagotu baino ez du egin: UCA Universidad Centroamericanako giza eskubideen behatokiak  2022ko abuztuan kaleratutako ikerketa batek zioen kartzelak edukieraren %247,6an zeudela.

Polemika horietan zeudela heldu zen Bukeleren azken obra faraonikoa. Cecot terrorismoaren konfinamendu zentroa izena eman zion “megakartzela” ezizenez ezagutu den kartzela erraldoiari, 40.000 presorentzat diseinatua. Amerika osoko handiena izateko eraiki zuten, eta presoak guztiz inkomunikatuta egon zitezen. Azken datuen arabera, 12.000 preso inguru daude bertan. Biztanle kopuruarekin alderatuta, El Salvador da munduan preso gehien duen herrialdea.

Disidentziak, hormara

Olivaresek berretsi du herrialdea polarizatuta dagoela, aldeko ala etsai bihurtzen dela jendea, eta badu horretarako arrazoirik. “Ezinbestekoa da etsaiak sortzea”, hortik abiatzen da antropologoa. Etsai komuna indarkeria izan da urte hauetan guztietan, eta horri aurre egin diote indarkeriaz. Baina behin, teorian, horien mehatxua desagerrarazita, beste etsai berri bat bilatu du Bukelek: giza eskubideen defendatzaileak, edota, funtsean, berarekin bat ez datorren oro. “Bukelek gizarte zibilaren parte garenok erabili gaitu errudun gisa. Lehen pandillak ziren, beraien inguruan sortu zen etsaiaren ideia, eta egia zen: baina, behin horiek atxilotuta, etsai komuna geu gara, gizarte eskubideen babesleak”.

Antropologoak argi du ez dela ausazkoa atxilotuetako asko komunitateko prozesuetan parte hartzen duen jendea izatea. “Ez da kasualitatea, jende horrek bere eskubideak ezagutzen dituelako, badaki giza eskubideen defentsarako auzitegiak daudela. Komunitateetarako jende oso baliagarria izan den asko eraman dituzte: lurraren alde borrokan eta erresistentzian ari zen jendea, ekintza politikoak egiten ari zena”.

Etsaiak isilarazteko estrategia gisa ulertu du Olivaresek, baina ez hori soilik: gizarte sareak guztiz desaktibatzeko asmoa ere nabaritu dio. El Salvadorko kasua, gainera, berezia da. Indarkeria bortitza pairatu dute urte luzez, pandillak mehatxu izan dira herrialdeko jende askorentzat. Baina pandilla ez da talde isolatu bat: pandilla komunitateen parte da, eta horrek mesfidantza handia sorrarazi du. “Pandilla egitura bat da, gazte bakoitzak bere ama, aita, osaba eta beste dituelako eta horiek ere badaude egituraren barruan, nolabait. Horregatik da oso sentikorra”.

Azkenaldian, konstituzioaren aldaketa ezkero, autokrata edota diktadore izan nahia ere egozten diote Bukeleri

Komunitateko edonor pandillaren atzaparretan egon daitekeen sentsazio horrek beldurra zabaldu du herrialdean, eta gizartea saretzea oztopatu du: “Gure gizarte sarea ia ezereza da, mesfidantzaren logika egon delako urte luzez. Horrek mugatzen du gizarte sareak egonkortzea eta eragiten du mesfidantza handia egotea, jendea prozesu komunitarioen parte ez izatea”. Egoera horrela zela egin zuen eztanda salbuespen egoerak, eta are gehiago okertu zuen komunitateetan edota gizarte mugimenduetan sinets zezakeen jendearen papera. “Jende guztia desaktibatuta dagoela, salbuespen egoeran, beldurra ematen du desadostasun txikiena ere agertzeak. Egoera zail batean jarri zaitzake”, dio Olivaresek. Hori gutxi ez, eta Bukeleren gobernuak hartutako lehenengotariko erabakia izan zen bizilagunek elkar salatzeko aukera ematea. “Horrek egiten duen gauza bakarra da komunitateko lotura guztiz suntsitzea. Bizilagunekin duzun edozein haserrek eraman zaitzake poliziarengana”, aztertu du antropologoak.

Hain zuzen ere, Olivares kide den SSPS erakundeak eta giza eskubideen aldeko beste zenbait elkartek salatu dute jazarri izan dituztela, eta atxiloketa saiakerak izan direla. Hari horretatik, erakunde eta kazetari ugarik salatu dute atxilotutako jende asko aktibista politiko edo giza eskubideen defendatzaile izateagatik eraman zituztela, ez pandillaren parte izateagatik. “Ezer txarrik egin ez duenak ez du zertan beldurrik izan; beldur denak zerbait egingo zuen”, errepikatu du behin eta berriro Bukelek. Bada, bai, egin dute: giza eskubideak defendatu. “Esaten du giza eskubideak defendatzen dituenak pandilleroak defendatzen dituela: giza eskubideek kartzela onak eskatzen dituzte, justizia eskatzen dute, eta Bukelek dio ez dagoela horretarako denborarik”, laburbildu du egoera Olivaresek.

Marquezen ilobaren kasuak ere badu horren zantzurik. Herrialdeko departamenturik pobreeneko eta azpigaratueneko kide, komunitatearekin lotura estua du bere ilobak; hori dio Marquezek. Segundo Montes komunitatekoa da, eta bertan, gizarte sare sendoak dituzte, eta elkarte eta erakunde ugari. Bertako ekintza guztietan parte hartutakoa izan da Marquezen iloba, babesa adierazten zien beti. Bera bezala, Araceli Ramosen seme Jaime Diaz egoera berean dago. Eta bere osaba, eta bere lehengusua. Guztiak herrialdeko komunitate baketsueneko kide eta partaide.

Giza eskubideen defendatzaileei moduan egin diete eraso kazetari independenteei. El Faro agerkari digitalaren kasuan, espioitza, difamazioa, mehatxuak eta Ogasun Ministerioaren salaketa ugari jaso dituzte; egunkariaren egoitza herrialdez aldatzera derrigortzeraino.

Maya Olivares, antropologoa: “Bukelek dio giza eskubideak defendatzen dituenak 'pandilleroak' defendatzen dituela: giza eskubideek kartzela onak eskatzen dituzte, justizia eskatzen dute, eta Bukelek dio ez dagoela horretarako denborarik”.
Etorkizuna, zalantzazkoa

Duela bost urte izan zuen arrakasta eta sonarik ez du galdu Bukelek: are, irabazi duela uste duenik egongo da ziur. Bere forma eta estilo politiko berriak ekarri zion fama, herritarrei zuzentzeko era informalek lortu zuten jendearen artean bere mezua zabaltzea. Hasiera-hasieratik jaso zituen populista kritikak, hain zuzen ere, Twitter erabiltzen zuelako politika egiteko, edota ironia fina erabiltzen zuelako bere aurkarien aurka. Azkenaldian, ostera, konstituzioaren aldaketa ezkero, autokrata edota diktadore izan nahia ere egozten diote. “Bera eta bere familia. Beraiek daukate boterea. Pertsona eta familia bat gurtzea da. Hori arriskutsua da, ideia mesianikoa da”, ohartarazi du Olivaresek.

Bukeleren beste bost urteek zein bide hartu dezaketen ikusteko dago orain. Familiako kideak preso dituztenek eta beren abokatuek espero dute behin hauteskundeak pasatuta epaitegiek martxa hartuko dutela, eta jendea kalera irteten hasiko dela. Dena den, parlamentuaren gehiengoa bere alde izanda, ezin da norabide aldaketarik espero herrialdean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: El Salvador
Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


2024-02-02 | Gedar
Milaka preso lanera bidali dituzte El Salvadorren, “kartzelako egonaldiaren kostuaren truke”

"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.


Preso pilaketak eta indarkeriarako deia eragin ditu El Salvadorreko “megakartzela” berriak

“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]


Isabel Aleman. Amaiur-El Salvador-Amaiur
“Duela ehun urte Amaiurren egon ziren lau diputazioak, ez dakit aurten etorriko diren”

Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.


PODCAST 2x3 | Bitcoina moneta ofizial bihurtu du El Salvadorrek

Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]


Burbuila lehertu daitekeela jakin arren, bitcoina moneta ofizial bihurtu du El Salvadorrek

Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]


El Salvadorretik dator berria

El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi... [+]


Oasi kolektiboa

Etorkizun beltza iragarriko lioke askok Erdialdeko Amerikako herrialde txikienari. Azken ehun urtean apenas ezagutu dute bakerik El Salvadorren, armak hartu eta azala tatuatzea da gazte askoren irtenbide bakarra. Bide horrek, ordea, kartzelara edo lurrera bueltan eramaten du... [+]


“Gu ez gaitu koronabirusak hilko, gu goseak hilko gaitu”

Koronabirusak eragin duen krisiari askotariko erantzunak eman dizkiete gobernuek, baina gehienek etxean geratzera derrigortu dituzte herritarrak. Zenbait gobernuk erabili duten hizkera belikoari jarraiki, “etsaia” kanpoan dago, eta norbere burua babesteko erarik... [+]


Eguneraketa berriak daude