Queer Cinema for Palestine (QCP) jaialdiak azaroan irekiko ditu ate birtual nahiz fisikoak. Hamar eguneko zinema festibala kolektiboki komisariatua izan da, eta queer errealitateak globalki azaldu nahi ditu, palestinarrei elkartasuna adieraztearekin batera. Azaroaren 11tik 20ra bitarte, hamaika ekitaldi abiatuko ditu bost kontinenteetan. Bilbon, azaroaren 19an izango da zinema proiekzioa eta filmaren osteko eztabaida, Sare Lesbianistak antolatuta, Karmelan.
Zinemagileek eta zinema artistek osatzen dute QCP, palestinar LGTBQ+ kolektiboarekiko sostengu espazio gisa. Jaialdiak iraungo duen hamar egunetan internet bidezko nahiz aurrez aurreko saioak eskainiko dira Hego Korea, Hegoafrika, Tunisia, Libano, Kosovo, Italia, Irlanda, Frantzia, Kanada, Bulgaria, Brasil eta Euskal Herrian. Jaialdiak filmak eta dokumentalak aurkeztuko ditu –tartean Palestinakoak eta Afrika hego-mendebaldekoak zein iparraldekoak–. Horrez gain, bestelako ekimenen eskaintza zabala ere badakar: klase magistralak zinemagileekin, mahai-inguruak, drag queen emanaldiak, queer indigenei elkartasuna adierazteko ekitaldia, eta beste.
Ekimena Israelgo gobernuak babestutako TLVFest jaialdiaren harira sortu da. Apartheidaren erregimenaren aurpegi zuriketa izan nahi duen LGTB zinema jaialdiak 50 zinemagile baino gehiagoren lanak kendu ditu bere filmen artetik, eta queer komunitate palestinarrak jaialdiarekiko boikota eskatu du. Gainera, 200 bat zinemagile posizionatu egin dira palestinarren deiari erantzunez, eta lanak ez dituzte TLVFesten proiektatuko. Brasilgo film laburren programa berezi batek, adibidez, 2020an TLVFestetik erretiratu ziren zortzi zinemagile brasildarrak omenduko ditu.
QCP-k artearen bidez gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertu nahi izan du jaialdia. Queer zinema juduaren programa bat aurkeztuko du bere baitan, baita palestinarrekiko elkartasunak izan ohi duen errepresioari buruzko mahai-inguru bat. Horrekin lotuta, “Apartheid-a lehen eta orain” programak Hegoafrikako, Palestinako eta nazioarteko filmak bilduko ditu, baita zinemaren eta komunikabide berrien erabilerari buruzko hitzaldiak ere, apartheidaren eta boikotaren aurka egitea xede, taktika aktibista gisa. Aswat Genero eta Sexu Askatasunerako Palestinako Zentro Feministaren sortzaileetakoa den Ghadir al Shafie militanteak hala adierazi du: “Queer palestinarrak zaretenez, Queer Cinema for Palestine jaialdian gurekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu. Jaialdi feminista, arrazakeriaren aurkakoa eta antikoloniala da, eta ‘bai’ oihukatzen dio queer zinemari eta ‘ez’ Israelgo apartheidari”.
QCP zinema ekimena mundu mailako koalizio batek antolatzen du, askotariko eragileak biltzen dituena, zinema jaialdietatik hasi eta mugimendu sozialetako kolektiboetaraino. Horien artean dago Euskal Herriko Sare Lesbianista, QCPrekin elkarlanean azaroaren 19an Bilboko Karmelan proiekzioa antolatu duen kolektiboa. “Palestina libre: decolonialismo y alianzas bolleras” (Palestina aske: dekolonialitatea eta aliantza bolleroak) izenburupean antolatu du ekimena, eta Beyond the Frontlines: Tales of Resistance and Resilience from Palestine (Frontetik harago: erresistentzia eta erresilientzia istorioak Palestinatik) filma proiektatuko dute bertan. Filma 2017an eginikoa da, Alexandra Dols zinemagileak zuzendua eta ekoitzia. Palestinako hainbat pertsonaren parte-hartzearekin –besteak beste Samah Jabr psikiatra eta idazlearekin– Israelen okupazioak Palestinako herriaren buru-osasunean dituen ondorioak, trauma koloniala eta alienazioaren zein desalienazioaren gaiak aztertzen ditu. Palestine Cinema Days jaialdian film dokumental onenaren Sunbird saria irabazi zuen.
Samah Jabr psikiatra eta idazle palestinarrak idatzitako zutabe batzuetan oinarritzen da filma; idazleak horiek irakurtzen ditu, eta filmaren egitura osatzen dute. Bestalde, hainbat elkarrizketa eta artxiboko nahiz filmatutako irudiak azaltzen dira filmean. Jabr-en ikuspuntutik, “Israelen okupazioa ez da soilik auzi politikoa, buru-osasun arazoa ere bada”, eta filma emakume eta gizon palestinarrek okupazioaren kanpo eta barne ondorioak esperimentatzeko duten moduaren azterketa da. Izan ere, Dolsen arabera, “eguneroko kolonizazioak ez dakar soilik lurra, etxeak, zerua edo ura okupatzea. Ez du bere nagusitasuna armen bidez bakarrik inposatu nahi; gogoak ere moldatzen ditu, fronteetatik harago”. Elkarrizketatuek identitate, erlijio, orientazio sexual, kultura politiko, ingurune sozial eta jatorri geografiko ugari irudikatzen dituzte. Aniztasun hori Alexandra Dols zuzendariak jarrera politiko gisa aurkeztu du. Jabr-en arabera, “filmak ez die bizkarra ematen eztabaidagarritzat jotzen diren eta, beraz, saihestu eta aintzat hartu behar ez diren pertsonei; elkarrizketatuak ideologikoki desberdinak dira, baina bat datoz askapenaren aldeko borrokan”.
Alexandra Dolsek Moudjahidate lehen film luze dokumentala osatu ondoren ezagutu zituen Samah Jabr-en idazkiak, zeintzuetan Nazio Askapenerako Fronteko aljeriar emakumeen independentziaren aldeko aktibismoa aztertzen zen. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruzko Jabr-en perspektiba Frantz Fanon psikiatra antikolonialaren analisian inspiratzen da, zeinak dioen nazioaren askapena ezin dela gertatu deskonposaketarik gabe. Interesgarria gertatzen da oso, ikustea nola QCP bezalako egitasmo baten baitan, teoria dekolonialek gidatutako lanek zentraltasuna hartzen duten.
Euskal Herrian Sare Lesbianistaren eskutik egingo den proiekzioan interesatua dagoenak taldearen sare sozialetan izango du eskuragai informazio gehiago datozen egunetan.
Edurne Azkarate dixo no alto desde o micro do escenario que o cine vasco ten pouco eúscaro na celebración do Festival de Cine de San Sebastián. A frase retumba pola súa veracidade. Na escena da arquitectura pódese repetir o mesmo lema e estou seguro de que noutras tantas... [+]
Bound in Heaven
Dirección: Xin Huo
País: Chinesa
Duración: 109 minutos
Estrea: Non implantado
Fuxir da morte, cara a adiante. O home que sofre unha enfermidade terminal farao así, xunto ao seu amante, amigo e compañeiro de viaxe. Unha película dura pero positiva,... [+]
E iso onte era sábado e non domingo. Custoulle traballo aclarar o día, porque había moita menos xente na rúa e non había présa. Algúns se achegaron pronto ao Kursaal e ao Teatro Vitoria Eugenia, onde proxectaron a película de clausura da noite, We Live in Time, e... [+]