Bizitza hegaldatzeko ahala

  • Ekainainaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertuaren kronika.


2018ko ekainaren 25ean - 13:57
Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press.

Lagun bat inpresio eske biharamunean: zer, zer nabarmenduko zenuke atzokotik? Une bat? Kantu bat? Eta zu pentsakor, bat ezin esan, kolpe argi bat, buruan oihartzun egiten jarraitzen dizun irudi bat baino areago, tripetan su-inar txikiak utzi zizkizula azaltzen saiatzen zara. Ahurriak eta ugariak. Baina kantu bat esatera, Epilogoa diozu, Txapekin batera kantatua, indar hori nahi zenukeelako beti. Anariren azken diskoko azken kantu hori diozu, ez alferrik, Anariren 21 urteko ibilbidea, nolabait, berrienetik zaharrenera egin duzulako zuk, Epilogo bat (2016), eta Zure aurrekari penalak (2015) lanetatik Anari –raino (1997) kasik, musikariak berak Adarra saria ospatzeko hautatu zuenaren kontrako norantzan.

Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik saria jaso eta lehen diskoa irekitzen duten berbekin hasi baitzuen emanaldia Anarik. Gaua da, kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan, eta ilargiak ez dit esaten, ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan. Egungo bandakideekin azaldu zen agertokira –Mikel Abrego baterian, Drake baxuan, Ander Mujika gitarran eta Mariano Hurtado teklatuan–, baina ez bakarrik. Iragarria zien zaleei orain arteko diskoetan konplize izandakoak gonbidatu zituela, eta Xabi Strubell eta Pello Ramirez izan ziren lehenak agertzen. Publikoa aulkietan lasai, kanturik kantu joan zen ehuntzen emanaldia: Gure mundua, Minaren funtsa, Bihotza galdu dut, Denbora… Petti eta Mursego igo ziren hurrengo. Jon Oiartzun Jomes heldu zen ondotik, eta Aztarnak jo zuten Anari eta bien artean, gitarra eta zerra, biharamunean lagunari kontatzeko une ederretako bat. Zebra (2005), Irla izan (2009), Bidea eta denbora (2013) diskoetako aleak jarraian, eta konplize gehiago: Borja Iglesias, Beñardo Goietxe, Karlos Osinaga Txap, Ager Insunza. Familia bat ospakizunean, eta publikoa haien gertuko, musikatik bizitza hegaldatzeko ahala ospatzen agian.

Topera zegoen Victoria Eugenia. Sartu aurreko giroa ere aztertzekoa zen, biharamunean lagunarekin komentatzekoa gutxienean. Irteeran, dena esatera, esango nuke bat baino gehiago geratu zela gorputza gehiago askatzeko gogoz, Anari bereagoak diren eremuetan gozagarriagoa dela iritzita. Besterik zen emanaldi hura, baina, eta hori ere fin bete zuen taldeak. Kantuak kolpetik sartu baino, bestela ahogozatzeko tartea bihurtu zen hartara.

Bakarrik eta mikrorik gabe, oholtza puntan Ihia jo zuen gitarra hutsez. Iparraldeko neska ekarri zuen bisak gero, eta, azken opari bat; Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua kantu berria eskaini zion publikoari, konplizeak oholtza gainean dantzan. Su-inar txikiena zuretzat utzita, familia horren gertuan segitzeko irrika nabarmendu diozu lagunari, hori eta bere garaian galdu zenituenen bila joateko behar bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adarra Saria
2024-06-24 | Irutxuloko Hitza
Adarra saria jaso du Errobik

Anje Duhalde eta Mixel Ducauk osatzen duten Errobi euskal folk-rock taldeak Viktoria Eugenian jaso zuen saria Eneko Goia alkatearen eskutik.


2022-06-08 | Kepa Matxain
Joseba Tapia
“Moderno aitzakian erdara hobesten dugu”

Egon edo ez egon bakarkako bederatzigarren diskoa argitaratu du Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964). Horri buruz solas egitekoak ginela iritsi da berria: aurtengo Adarra Saria eman dio Donostia Kulturak, bere ibilbide oparoaren aitortza modura. Elkarrizketaren fokua zabaldu dugu,... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Joseba Tapiak jasoko du aurtengo Adarra Saria

Joseba Tapiak jasoko du aurten Donostia Kulturak ematen duen Adarra Saria. Ekainaren 21ean egingo dute ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du ondoren Lasarteko musikariak.


Adarra saria jasoko du Berri Txarrak taldeak

Ekainaren 21ean izanen da ekitaldia. Kontzertua eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian


2018-06-22 | Nahia Ibarzabal
Anari Alberdik Adarra Saria jaso du

Musika munduan egin duen kalitatezko ibilbidea aitortuz Adarra Saria eman dio Donostia Kulturak ostegunean.


Eguneraketa berriak daude