“Martin Larralde ez da sekula itzuli, baina itzuli balitz...”.
Jaio.Musika.Hil aldarrikatzen zuen Berri Txarrak taldeak.
Aldi berean dena eta deus ez, hori da musika enetzat. Musikan ez badut deus egiten gaizki sentitzen naiz, espiral beltz batean sartzen, eta gainontzeko eginbeharrak ere bazter uzten bukatzen dut. Musikak ematen dio zentzua ene bizitzari, eta hala ere, badakit ez dela deus. Bortitza da enetzat ene indar guziak musikan ezartzea egiten ari naizena deus ez dela jakinik. Musikak naizena ez dela deus oroitarazten dit etengabe, baina aldi berean, mozkorraldi edo amodioarekin soilik sentitu ditudan poz, emozio eta euforiak oparitu dizkit. Lehengusuak utzitako Michael Jacksonen CD batek ireki zidan musikaren atea. Nirvanak ene bizia aldatu zuen eta Negu Gorriakek lotu zituen nintzena eta izan nahi nuena. Musika egin nahi nuen, ez nuen Michael Jackson izan nahi, ezin nintzen Kurt Cobain izan, eta Negu Gorriak-i esker musikari izatea posible zela iruditu zitzaidan.
Ama hizkuntza zenuen euskara berreskuratzeko grina ere piztu zizun Negu Gorriak-ek.
Oso harreman konplikatua dut euskararekin. Ama hizkuntza dut euskara, lehen mailara arte ikastolan nenbilen, baina arrazoi praktikoengatik karrikan bertan genuen eskola frantsesera pasa eta oharkabean frantsestu nintzen. Izugarria zait Azkarateko ene aitatxiren oroitzapen guziak euskaraz mintzo zela ukan eta bi belaunalditan euskal elebakar batetik frantses elebakar batera iragan ginela pentsatze hutsa. Arras bortitza zen enetzat 10 urteko haur bat bere aitatxiri mintzo irudikatu eta biek hizkuntza berean ez elkar ulertzea. Euskara arras galdua nuenean ezagutu nuen Negu Gorriak. Musikarekiko zein militantziarekiko interesa banuen ordurako eta euskal komunitate horretan berriz sartzeko gogoa piztu zidan. Hala, euskara berreskuratu nuen, euskal ikasketak masterreraino eraman ditut, arras kontent naiz, baina beldur naiz euskara ez ote zaidan sekula hizkuntza naturala bilakatuko. Gaizki bizi dut hori. Aldi berean, euskaraz baizik ez dut kantatzen ahal eta euskaraz baizik ez ditzaket kantuen hitzak idatzi. Are gehiago nahasten nau horrek. Ez ote naizen dena itxura galdetzen diot ene buruari, zergatik pasatzen naizen euskarara pertsonaia publiko bihurtzean ene egunerokoan ez banaiz hala ari, kasualitatea ote den nire alde publikoa izatea alde pertsonal edo intimoena, zergatik idazten dudan euskaraz erran nahi ditudanak ez bazaizkit euskaraz jiten... Batzuetan dena bluf bat iruditzen zait eta krisi identitarioak sortzen dizkit gaiak.
Musikari profesionala bihurtzeak krisi identitarioak sortu dizkizu?
Ez dut musikak duen magia kutsua inoiz galdu, ez naiz sekula lanean ari nintzela pentsatuz jotzen hasi. Nik musikarekin dudan harreman kuttunena etxean kantuak sortu eta maketatzea da. Hori ez da aldatzen inguruan egiten duzunaren arabera. Mundutik mozten zaituen parentesia da. Horregatik bizi ditut zuzenekoak jendearekin biltzeko memento bezala. Talde baten biziaren aldaketa nabarmenena profesionalizazioari baino gehiago lotua da ikusgarritasunari. Willis Drummondekin berdin-berdin entsaiatzen genuen musikatik bizi aitzin eta gero. Jendeari, alta, telebistan bi segundoz pasatzen zarenean, Sud Ouesten artikulua argitaratzen dizutenean, edo ezagutzen ez duten baina famatua dirudien talde anglosaxoi batekin jotzen duzunean, talde handia zarela iruditzen zaio. Hori taldeon errua ere bada, nonbait. Profesionala bihurtzean aferak nola funtzionatzen duen ikasten duzu eta mundu horretako tresnak erabiltzen hasten zara zure taldeari itxura bat eman eta nahi duzun lekuan kokatzeko. Horregatik da betiereko borroka musika zentroan atxiki eta perspektiba ez galtzea.
Eta azalak mamia jaten duenean?
Musikaren magia hausten da. Musika besteak bezalako jarduera ekonomiko bat dela ohartzen zara. Ostatu bat irekitzen duen norbaiti garrantzitsuagoa irudituko zaio dekorazioa eta komunikazioa bertan zerbitzatuko duena baino. Gaur egun, dena da “kontzeptua” eta musika ez dago hortik salbu. Alabaina, orohar jendea ez da tronpatzen. Talde bat irudian soilik oinarritzen denean diskoetan edo zuzenekoetan deus berezirik eskaini gabe, fite ahanzten da. Horregatik diot irauten duten taldeek, nahiz eta denak gustuko ez izan, jendearentzat zerbait dutelako irauten dutela. Besterik da jendeari gustatzen zaiona zuri ez gustatzea. Fase istorio bat da musika. Biziki ona edo biziki txarra izan zaitezke, baina jendeak oharkabean espero duena proposatzen baduzu txinparta pizten da. Horregatik saiatzen dira ekoiztetxe handiak jendeak zer nahi duen jakiten, edo okerrago, esku artean dutenaren araberako gogoa pizten.
Artistikoki zer eskatzen dizu gogoak?
Willis Drummondekin ez dugu sekula kontzeptu batean sartu nahi izan. Bildu, kantuak egin eta barnean genuena kanporatzea izan da gurea, musikaren funtsari esker gure mementoko isla zabaltzea. Pertsona bezala aldatzen naizen heinean normala iruditzen zait ene musika aldatzea. Horregatik dut batzuetan kantuak inkontzienteak egiten dituen sentsazioa. Entzun duzunaren, bizi duzunaren edo zarenaren araberako kantuak dituzu buruan. Halako batean zati bat eskapatzen zaizu eta mingain puntan duzun baina oroitzen ez duzun hitza ateratzea da jokoa. Psikologoarengana joatea bezalakoa da, gauzei ateratzen uztea nora eramango zaituzten pentsatu gabe. Konplikatua da, alta. Lehen istantetik hasten zara filtro batzuk ezartzen. Zerbait eztitsuegia atera bazaizu, taldekideei ez zaiela gustatuko erran eta zure buruari jotzea debekatzen diozu. Errazena da debekua besteen ahotan ezartzea zure kontua ez balitz bezala. Hala, bakarkako disko honetan, etortzen zitzaidan guztia atera eta onartzea izan da xedea. Bitxia da, ez duzula erabakirik hartzen iruditzen zaizu, kantu batzuk ez direla zureak, nahiz eta funtsean inoiz baino zureagoak izan. Ez dut alferrik usu hotza eta gertatzen denarekiko distantea naizen sentsazioa. Ez dut arazorik gauzak gordin ikusi eta gordin errateko. Holakoa zarenean, ez baduzu poesiara jotzen, gogor, gordin eta ezkor ateratzen zaizu dena. Afrusa ederki errateko balio dit poesiak.
Mintza gaitezen alde afrusaz. Biziki erraza omen da musikaz bizitzea... musikarientzat salbu.
Oraintsu arte, aski ongi neraman industriarekiko bizikidetza. Onartzen duzu ekonomia bat badela, badakizu zenbat jende mugitu dezakezun, zenbat disko egin dituzun, zure prezioa horren araberakoa dela... Neurtu beharrekoak neurtzen ikasita eroso sentitzen nintzen. Arazoa da, funtzionamendua ulertu arren, ez duzula aski diru sortzen lasai, goxo eta ongi bizitzeko. Topera ari zarenean ez zaizu hainbeste inporta, perspektiba bat daukazu, badakizu zergatik eta zertarako ari zaren, zuzenekoen plazera duzu... Baina pauso bat egitea erabakitzen duzu eta 5-6 hilabetez dena bukatzen da. Ez duzu deus ondoan, prekarietate gorria. Jendearekin naizenean alde baikorrari heltzen diot, fedeari eusten saiatzen naiz, baina asteak eta asteak pasa ditut aski zela eta dena pikutara igortzeko tenorea zela pentsatuz. Aldi berean dena eta deus ez, berriz ere hori da musika enetzat. Jotzen duzunean jendea kontent da baina gelditzen zarenean inori ez zaizkio zure akordeak eskas. Gainera, musikan dena ez doa batera. Zure taldea anitz ibil daiteke hortaz bizitzera heldu gabe eta beste batzuk gutxi joz ederki bizi dira. Parisko Olympian jo genuen hilabetean ez nintzen egun baino askoz aberatsagoa.
Alta, artistak ez, industria da krisian dagoena.
Musikarien bizkar sosa irabazten zutenek ez dute etekinik ateratzen, edo ez lehen bezainbat, beraz krisia da. Eni ederki iruditzen zait artisten kontura inor ez aberastea. Afera da gauzak inoiz baino fiteago aldatzen direnez, etengabe zerbait galtzen ari garela iduri duela, baina berehala agertzen da ordezkoa eta funtzionatzeko manera da aldatzen. Beti pentsatzen dugu lehen hobeki zela, sanoagoa, gizatiarragoa. Diruak dena usteltzen duela errepikatzen dugu behin eta berriz. Baina ez gaitezen engaina, 1970eko hamarkada idealizatzen dugunean, ez dezagun ahantzi Beatles, Jimmy Hendrix eta abarrak famatu egin zirela biziki onak zirelako, baina batez ere, “musikaren bidez sekulako dirutza irabaz dezakegu!” erranez loriatzen zen jendea zutelako gibelean. Orain logika hori festibaletara pasa da eta guk giroa ez dela lehengoa edo diruak dena usteltzen duela marmarka segitzen dugu, hurrengo aldaketa gertatzean festibalak izugarriak zirela erraten bukatuko dugula ohartu gabe. Betikoa da, batzuek badakite haien sosa non inbertitu egoerari probetxua ateratzeko, eta egun, festibalak kenduta, musika ez da errentagarria. Orain arte bankari batek nahiago zuen dirua musikan inbertitu oihalgintzan baino, musika ekonomia indartsua zelako, aberasteko modukoa. Orain ez. Hori da aldatu den gauza bakarra. Lehen musikan inbertitzen zutenek orain material ekologikoetan inbertitzen dute. Ez dute ez musikan ez ekologian sinesten, baina beti berdinak dira sosa irabazten dutenak.
Sinesmen inbertsio bat da Willis Drummond zuretzat?
Orain urtebetera arte ene bizitza osoa izan da. 2004an taldearekin hasi ginenetik ez dut besterik izan buruan. Aurten ikasi dut Willis Drummonden kantaria soilik ez izaten. Orain arte taldea, taldea eta taldea zen ene bizitza, garbi nuen hala behar zuela eta horren kontzientzia osoa nuen. Taldekideak beti izan dira biziki hurbileko pertsonak, beti elikatu dugu familia harreman bat, une batean ez bada bestean gehienak elkarrekin bizi izan gara, etxean entseatu dugu... Egiazkotasun horren gainean eraiki dugu taldea, hori transmititzen genuen eta horregatik zioen jendeak zuzeneko talde bat ginela. Pixkanaka, bizimoduen aldaketak, bakoitzak bere bidea urratu izanak, musikalki nabaritzen den eboluzio bat eman digu. Luzaz galdetu diot ene buruari taldearen mamia zen lotura fusional hori gabe berriz jotzen hasteak merezi ote zuen. Gaur baietz diot, merezi duela. Orain arte genuena mantentzen tematu gabe, gauzak aldatu direla onartuz, argi dut ederki pasa genezakeela. Ez gara damutzen Willis Drummond guretzat izan den eskolaz. Bata bestearen ekoizlea, managerra, musika irakaslea... izan gara. Guk grabatzen genuen, guk zuzentzen genizkion elkarri akatsak. Sekulako eskola da grabatu duzuna berriz entzun eta ondokoak “ahotsa desafinatuta da!” erratean txistua irentsi eta onartzea. Taldearekin joz ikasi dut dakidan musika pixarra eta artistikoki ez dugu inolako kontzesiorik egin. Beharbada ez dugulako gehiago elkarren epaile izan nahi sortu da pausatzeko behar hori. Zerbait galdu genuen, ez genuen onartzen bilakatzen ari ginena. Horregatik diot, hori sanoki aipatu eta bakoitza zertan den onartuz gero, ez dela arrazoirik berriz ez hasteko.
Bitartean bakarka disko bat ateratzea zure abizena ez dela Willis Drummond aldarrikatzeko manera da?
Ez bakarrik musikalki, pertsonalki ere aurten jabetu naiz ene bizitza ez dela taldea bakarrik. Izugarrizko bertigoa da zure bizitza taldea baizik ez dela ohartzea. Horregatik sentitu dut taldetik askatzeko beharra, horregatik saiatu naiz filtro guztiak saltarazten. Taldetik libratu behar izan dut zer naizen onartzeko. Azken 15 urtetan buruan izan ditudan riff eta kantu zenbait biltzen ditu diskoak. Nahiz eta publikoki sekula ez jo, buruan hainbeste entzunik, abestiak bukatuak zirela iruditzen zitzaidan. Hori atera eta gorputza ematea izan da dena, autozentsuran eta apainketan erori gabe, ene buruarekin leiala izanez. Kantuak sortzea eta disko bat kaskoak jantzita behin eta berriz entzutea dira musikak ematen dizkidan plazer handienetakoak. Horregatik egin nahi izan dut diskoa diskoarentzat, gero jende aurrean joko dudan ala ez pentsatu gabe. Jendeak objektua eskuetan hartu eta kantuak behin eta berriz entzutea nahi nuke, sentitu dezala.
Baionan sortua 1980an. Willis Drummond taldeko ahotsa, gitarra, eta letragile nagusia da. Taldearekin Anthology, Willis Drummond, Zuzenekoak, Istanteak, eta A ala B diskoak plazaratu ditu, azken diskoarekin bi urtez 180 kontzertu eman eta Parisko Olympia bezalako aretoetan jotzera iritsi zirelarik. 2014ko azaroan, alta, parentesia ireki eta itzulera datarik gabeko etena egitea erabaki zuen taldeak. Hori probestuz, bakarkako lehen diskoa ateratzekotan da Ekiza. Hori gutxi ez eta Zura taldearen azken fitxajea da.
Luzaiden errefuxiatuta topatu dugu Jurgi. Musikarako eta burua egurasteko behar dituenak baizik ez ditu eskura. Ideiak, asmoak eta ametsak erdi kontrabandoan iristen zaizkio, frantses matrikuladun autoak tabakoa erosi eta ezantza botatzera nola. Hiltzeko prest daudenak soilik sortzen dira berriz. Geroz eta gutxiago falta da.
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023
-------------------------------------------------
Vexamos. A “música actual” chámase música a todo aquilo que teña unha caixa de ritmos electrónica, e, claro, así non se pode. Nestas liñas tentamos demostrar que as... [+]
A túa
Onde: Ahotsenea (Plateruena, Durango)
Cando: 8 de decembro
-----------------------------------------
Bufandas, paraugas e buracos de ollos son os protagonistas do día 8 de decembro en Durango. Ao último día da feira sumáronse o domingo ao mediodía e o ambiente... [+]
A novidade adoita ser unha das palabras máis escoitadas que se asocia á Feira de Durango. A novidade está alí, e aquí a novidade. Con todo, nalgúns casos é suficiente con dar un aspecto diferente ao anterior para pegar esa etiqueta. Os CDs e as reedicións remasterizados... [+]
Il Trittico de Puccini
por: Orquestra Sinfónica de Navarra e Coro de Ópera de Bilbao.
Dirección de escena: Paco Azorín.
Solistas: O gran C. Álvarez, A. Brancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza e I. O hotel.
Onde: Palacio Euskalduna de Bilbao.
... [+]
Anari + Belako Cando:
5 de decembro.
Onde: Sala Zentral de Pamplona.
-----------------------------------------------
Recordo que a primeira vez que vin aos de Belako en directo foi no primeiro mes de Erasmus. Non fun velos, senón un concerto que por fin foi suspendido. A... [+]
Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset Producións, 2024
------------------------------------------------
Co traxe de cómic vintage, o inicio do rock and roll e as vivencias da Guerra Fría foron testemuñas dalgúns personaxes de xeración que, cunha crítica feroz á nosa... [+]
Cidade de Po
Sal do Coche
Fume Internacional, 2022
-----------------------------------------------
Bo, xa se acabou a moda de citar a Gramsci, podemos traelo a estas liñas sen acusación de oportunismo. Máis aínda si os do Sal do Coque tráeno así: "Parece que os... [+]