Balbino García de Albizuk (Donostia, 1943) urteak daramatza 1936ko Gerran Ameskoan izandako errepresioa ikertzen. Bere aitona hainbat lagunekin hil eta Urbasako Arrasoko leizera bota zuten. Egindako ikerketari esker, aitonaren gorpuzkinak ez ezik, beste zazpirenak identifikatu dituzte, eta garrantzitsuagoa dena: Urbasako beste leize eta amildegietan jazotako sarraskiak argitzeko bidea ireki du. Aurki liburua aterako du hori dena kontatuz.
Ameskoan 1936tik aurrera izandako errepresioari buruzko liburuak, atal esplizitu bat ekarriko du: “Urbasako hiltegia”. Oroimen historikoan toki berezia gordetzen duen mendizerrako triskantzek argi pixka bat izango dute Balbino García de Albizuren eta berarekin aritu direnen lanari esker.
Peritu industrial kimiko honek aspaldi ekin zion “historia txikia” ikertzeari. Aurretik beste lau liburuki kaleratuak ditu Ameskoako iraganaz. Toponimia, euskalkia, elur-zuloak eta festak ikertu izan ditu eta dibulgatzea du helburu orain, “idatzi, idatzi, idatzi!” Jose Migel Barandiaranek eman zion aholkua jarraituz. Industria ataleko zuzendari gisa jarduten zuen enpresa kimikoa utzi eta arbasoen bailarako udalekin kontratua sinatu zuen, soldatarik jaso gabe bertako plan estrategikoa diseinatzeko.
García de Albizuk oso ondo ezagutzen ditu Urbasako bazterrak, ez soilik Jose Maria Jimeno Jurio etnografo eta lagunarekin topografia eta kartografia landu zuelako, ezta hango egunsenti eta saiei argazkiak ateratzeko duen zaletasunagatik ere, lotura sakonagoa da: bertan du lurperatuta aitona, hura ere Balbino García de Albizu, 1936an fusilatu zuten Eulateko UGTko militante eta basozaina.
García de Albizutarren historia errepresaliatutako familia batena da. Osaba bat II. Errepublikan hil zen kartzelaren ondorioz: 1936ko otsailean Fronte Popularraren amnistiarekin irten zen kalera, baina ordurako tuberkulosiarekin zegoen. Beste osaba bat 1939an hil zen Burgosko kartzelatik atera berritan, hori ere tuberkulosiarekin. Tartean, aitona fusilaturik, izeba bortxatua, eta aita Asturiasen errenditu ostean Condor Legioan zerbitzen preso: “Gernika bonbardatu zutenean aita eta ama, biak bertan zeuden, baina ez zuten elkarren berri izan. Hori dena ez zidaten inoiz kontatu”, dio García de Albizuk.
Aitari familia birrindu zioten. Nola eraman zuen hori?
Gure aitaren erdia orduantxe hil zen. Ez zuen horretaz inoiz gehiago hitz egin.
Ezta aitonaren fusilatzeaz ere?
Ezta ere. Ezer ez.
Eta nola izan zenuen zuk horren berri?
Pixkanaka. Nire arreba nagusiak, gerran oso txikia zen arren, bazekien zerbait gehiago. Frantziara exiliatu eta handik Bartzelonara pasa ziren; han ibili zen haur udalekuetan. Nik, aldiz, urte asko igaro nuen zein nintzen ere ez nekiela. Donostian bizi ginen eta ez gindoazen Eulatera. Orain ez naiz harritzen, dakidan guztia jakinda.
*********
Aitonaren fusilatzearen kronika itzalez beteta dago. 1936ko irailaren 7an Eulateko udalean inprobisatutako kalabozoan herriko UGTko sei lagun atxilotuta zeudela, apaizak haietako hiruri aitormena hartzeko agindua jaso zuen: Balbino García de Albizu, Gregorio García eta Balbino Bados. “Horrekin garbi zegoen zeini eta zer gertatuko zitzaien ‘zerbait’”, dio Garcia de Albizuk. Ez dakite iluntzeko zein ordu zehatzetan eraman zituzten Urbasara, antza denez kamionetan. Artzain batzuek tiro hotsak entzun omen zituzten. “Agian dena egon zen argi hasieratik, hilotzak abandonatu zituzten tokia izan ezik, hori geroago jakin zen”.
1950eko hamarkadan espeleologo batzuk Arrasoko leizera jaitsi ziren eta hezurrak aurkitu zituzten bertan.
Lizarrako Eugenio Roa jaitsi zen, pultsuz. Oso konplikatua da, leizeak 10 metro ditu higakina arte, baina gero beste 10 metro daude beherantz. Berarekin zihoana zorabiatu egin zen ikusitakoagatik: 8-10 lagunen hezurrak behintzat ba omen zeuden. Goran jende asko zegoen zain, artzainak-eta, denek uste baitzuten hor bazegoela zerbait.
Orduan, aurkituko zutenaren jakitun ziren?
Roak dio esaten zutela omen zegoela jendea hara jaurtia. Baina hori toki askorengatik esaten zen. Gainazalera igo zirenean ez zuen ezer kontatu nahi izan ikusitakoaz. Zorionez, Ameskoako medikuarekin hitz egin zuen, eta honek Eulaten geratzen zen gure izeba bakarrari jakinarazi zion. Seguruenik berak aholkatuta erabaki zuen izebak zuloa ixtea, aitonarekin batera hil zituzten beste bi lagunen familiekin hitz egin eta gero.
Baina nola zekiten hor zeudenak gerran hildako euren senideak zirela?
Hiruak herriko jendeak hil zituelako, horren zalantzarik ez da: hil zituzten gauean Lizarrara joan ziren ospatzera, kafea, kopa eta puruarekin. Nik jende askorekin hitz egin dut hura gertatu zenean bizi zena eta haiek bazekiten.
*********
Santu Guztien egunaren bezperan itxi zuten leizea zementuz, apaiza bertan zela. Zaila da pentsatzea Frankismo betean baimena eskatu ere egin zutenik. Hilarri bat jarri zuten hiruen izenekin. Geroztik han dago, gerra zibileko oroimen historikoari loturiko Euskal Herriko monumentu zaharrena izan litekeena. García de Albizuk badaki zeinek landu zuen hilarria. Baina ez daki zer esan nahi duten goiko aldean kasik ezabatuta dauden JEL hizkiek, bere ustez “imajinazio handia” behar baita EAJri loturiko ezer dela pentsatzeko.
Leizea itxi zen, baina zauriak ez. Hasiera batean, García de Albizuk ez zuen kezka handirik izan fusilatuen deshobiratzeekin: “Nik ontzat jotzen nuen nire aitona hor zegoela”. Baina 90eko hamarkadan, Zudairin zegoela, pertsona bat hurbildu zitzaion: “Balbino izena nuela entzun eta galdezka etorri zitzaidan, Balbino asko ez baitago parajeotan. Berarekin hitz egin eta jakin nuen leizean hamar bat gorpu egon zitezkeela. Orduan hasi nintzen gehiago ikertzen, ikusi nuenean ezer ez zekiten beste zazpi familia egon zitezkeela”.
Ordurako Te vas a enterar aldizkaria autoeditatzen hasia zegoen Ameskoako kontuekin, eta pertsona bat auzitara ere eraman zuen “halako gauzak egiteagatik ponebombas eta etarra deitu zidalako. Bere aita alkatea izan zen, nire aitona kargutik kendu zuena eta seguruenik leize hartara botatzeko oniritzia eman zuena. Epaitegian isilarazi nuen”.
2011n, udal gobernu berrien osaketarekin aukera ikusi zuen Ameskoako hainbat herritan –tartean Eulaten– hobia irekitzearen aldeko mozioa sustatzeko, eta sorpresaz, denek onartu zuten.
75 urte igaro behar izan ziren erakunde ofizial batek eskatu arte leizea irekitzeko. Zergatik?
Erraza da: Balbino Bados maisua zen eta seme bakarra UPNkoa atera zitzaion. Gregorio García ezkerreko zinegotzia alarguna zen, arrebak eta ilobak baino ez zituen. Isiltasuna. Eta gure aitona: bi seme hilak, etxebizitza bahitzeko espedientea zabalik… Zer egin behar zuen amonak?
Estigma konturik ez, beraz?
Uste dut amonak pentsatzen zuela: “Nik badakit non dagoen… Hil dute eta listo!”. Gainera, artean Franco bizi zen, eta herri horietan denak karlistak zirenez, hobe isilik.
Eta diktaduraren ondoren?
Nire teoria da inork ez duela interesik izan gaian gehiegi sakontzeko, batzuk beldurra eta saminagatik, bestetzuk ez zaielako gustatzen jakitea euren aitona izan zela hura sinatu zuena edo tiroak jo zituena.
*********
Hezurren deshobiratze eta identifikazio prozesua luzea izan da. Aranzadiko idazkariarekin jarri zen lehenik harremanetan, AFNA Nafarroako fusilatuen senideen elkartearekin ondoren. Tartean, 2012ko irailean, lehen omenaldi xumea egin zuten senide eta herritar gutxi batzuek. Baimena lortu eta 2013 amaieran ireki zuten azkenean leizea: “Igeltserotzan aprendiz ibilitako bat eraman nuen, zuloa oso ondo itxita baitzegoen, berak esan zuen ‘zulatu hemen, hemen eta hemen’, jaitsi eta hor aurkitu zituzten gutxienez sei lagunen gorpuzkinak”.
Ez zen sorpresa izan, areago, gorpuzkin gehiago egotea espero zuten. Baina halakorik ez esatea erabaki zuten, Gobernuak oztoporik jar ez zezan. Han utzi zituzten, harik eta 2014ko asteazken, ostegun eta ostiral santuarekin deshobiratze osoa egin zen arte. Jende asko hurbildu zen, “kontua glamourra izaten hasi zen –dio historialariak–, jada ez zen familientzako gauza bat, hildako asko zeuden”. García de Albizu oso kritiko azaldu izan da zenbait elkarte eta esparrutatik izandako jarrerarekin.
Egun batzuetara, Donostia Ospitalean Aranzadiko Lourdes Errastik eta Pako Etxeberriak lan egiten duten eraikineko gelara sartu zirenean, 10 lagunen hezurrak ikusi zituzten mahai banatan jarriak. Auztegi-medikuen azterketak ez zuen zalantzarako tarterik uzten: denak gizonezkoak, denak tiroz hilak, batzuek zuloa lokiaren parean zuten, gutxi batzuek goitik beherantz, eta gehienak bala bakarrez hil zituzten, hiru izan ezik, tartean Balbino García de Albizu: “Nahiko burugogorra zen eta bigarren tiroa eman behar izan zioten”.
Desobiratzeekin, gertatutakoaren detaile gogorrak jakin izan dituzue…
Hamar lagun zeuden, ez genuen beste informaziorik. Hori bai, leizera bota zituztenean denak hilda zeuden, eta eskertzen dut hori jakitea. Eugenio Roak behin aipatu zidan haietako bat bazterrean ikusi zuela, ezkutatzen saiatu izan balitz bezala…
Halako historia asko kontatu ohi dira Urbasako hilketen inguruan.
Bai, ahotsak entzuten zirela ere bai. Noski, bost zakur jaitsi zituzten bizirik soka batekin, hildakoak jan eta putreek moxal gazteekin egiten dutena egin zezaten. Zakurrek ezin zuten handik atera eta hormetatik behera zihoan ura edaten zuten. Hotsak entzuten zirela? Jakina, zakurrak ziren. Elkarri jaten hasi ziren arte. Bi baizik ez dira osorik geratu, gainerakoek hozkadak zeuzkaten. Ebidentziak horiek dira, zalantzarik ez dago.
Nola lortu duzue hezurrak zeinenak ziren identifikatzea?
Argitu nahi nuke identifikazioa ez zuela Aranzadik egin, hori zati historikoarekin egiten da, hezurrek ez baitaramate etiketarik.
Zerotik hasi behar izan zinen beraz?
Praktikan bai. Banekien Allin bailaran eta Arabako Haranan ez zela inor falta. Ezinbestean mendizerraren beste aldekoak izan behar zuten, eta orduan jabetu nintzen liburuan Urbasan hildako guztiak sartu beharko nituela. Zeinek zekien non zegoen zein?
*********
García de Albizuk 100 lagun baino gehiago izan ditu inguruan lanean informazioa biltzen: ahozko eta idatzizko testigantzak jaso dituzte, Nafarroako Artxibo Orokorra arakatu dute, Espainiako Hezkuntza Ministerioari eta Ejertzitoari ere eskatu dizkiete datuak; Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 20 bat udaletan aritu dira bila, baita foru aldundietan ere.
Horri esker, Urbasako beste tokietan izandako krimenak argitzeko urrats handiak egin dituzte. Ubabako balkoian –Pilatosekoa ere deitua– ustez botatako jendeari buruzko datuak lortu dituzte, baita Otsaportilloko leizekoak ere, bertan egon daitezkeen hildakoen kopurua zehazteraino: “Jimeno Jurio 1977ko irailean jaitsi zen Otsaportillora eta berarekin zegoen Peio Iraizoz. Berak ziurtatzen duenez, bueltak eta bueltak eman ostean 14-15 buru-hezur baino ez zituen ikusi. Bada, niri kopuru bera ateratzen zait”. Leize horretan deshobiratzeak egiteko baimena jadanik eskatuta dago, 1936an bi aitonak fusilatu zizkioten eta ikerketan buru-belarri dabilen Amaia Urkijo etxarriarraren eskutik.
Urbasako Arrasoko leizetik berreskuratutako hezurrak aukera paregabea ziren DNA froga bidez ikerketa historikoko sospetxak baieztatzeko: “Bederatzitik bederatzirekin jo dugu, hamargarrena aurkituko dugu, zailagoa da, baina aurkituko dugu”. Eulateko hiru lagunez gain, Etxarri Aranazko bost eta Zegamako beste baten hezurrak dira. Kasu askotan García de Albizuk berak hartu dizkie mostrak biktimen senideei, emaztea duen erizainaren laguntzaz.
Nola erreakzionatu dute senideek berengana froga genetikoen bila jotzean?
Kontua da ezin geniela erabateko segurtasunik eman. Esaten genien: “Begira, gertatzen dena da, agian zure aitona edo aita ez dagoela Otsaportillon, beste leize honetan baizik”.
Egoera zailak dira horiek, inoiz izan duzu planto egiteko gogorik?
Ez horregatik, jendeak orokorrean zoragarri erantzun baitu. Baina kontu honen beste erabilera bat egin edo soilik argazkian atera nahi izan dutenak ere egon dira. Halakoetan pentsatu izan dut ez segitzea.
Zuek hartu dituzue mostrak, eta zuek ordaindu, udalen laguntzarekin. Nola azaldu Nafarroako Gobernuak ezer ez egin ez finantzatzea ere, oroimen historikoaz lege bat onarturik duenean?
Garbi zegoen UPNk xentimorik ere ez zuela jarriko. Rajoyk aurrekontua ezer gabe utzi zuen eta bagenekien Barcinak gauza bera egingo zuela. Gehiago harritu nau zenbait udalen atzetik ibili behar izateak. Iruditzen zait ez dagoela interesik zehaztasunetan sartzeko, hura egin zutenak estralurtarrak balira bezala.
Bingen Amadoz kazetariak Argian berriki egin diogun elkarrizketan dio herri guztietan zeudela “matoiak”.
Jendeak salaketak jarri zituen, kolaboratu egin zuen, eta nik aipatu egiten ditut liburuan, haiek azaltzen diren dokumentuetan oinarrituta: alkateak, epaileak, parrokoak, aguazilak… Denek ez zuten tiroa jo, baina askok hori gertatzea baimendu zuten beste aldera begiratuz. Ez dut inor erreduntzat jotzeko egiten, prebenitzeko baizik. Gaur egun jarraitzen badugu praktika horrekin, etsaia deabrua bailitzan tratatzen, ordukoa gerta liteke: azkenean jendea konbentzitzen duzu etsaia, ondoen, hilda dagoela.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Francoren heriotzaren ondoren, 1936ko fusilatuen senideak haien gorpuak berreskuratzen hasi ziren Nafarroan. Hasierako desobiratze haiek ezkutuan egin ziren, erakundeen laguntzarik gabe; hainbat herritar eta apaiz konprometituren ekimena izan zen, Ollakarizketako hobian 1979an... [+]