Emakumeen Mundu Martxak 1995ean Quebec-en egindako emakumeen martxan du jatorria eta mundu osora 2000. urtean zabaldu zen; orduko hartan Euskal Herriko mugimendu feministak ere parte hartu zuen. Egunotan, IV. Nazioarteko Ekintza egiten ari dira Gure gorputzak, gure lurraldeak lelopean. Kapitalismoaren kontrako kutsu nabarmena du oraingoak. Martxoaren 8an irten zen karabana feminista Kurdistandik eta Europan barrena ibiliko da urriaren 17ra arte. Euskal Herrira irailaren 28an iritsi eta urriaren 4ra arte egongo da. Emakumeek ondo dakite euren zapalkuntzaren atzean kapitalismoa dagoela, ez genero edo sexuaren ikuspegitik soilik, baita ekonomiaren arloan ere: langabezia, pobrezia, prekarietatea, diskriminazioa eta desberdintasunak sortzen ditu sistema horrek.
Euskal Herriko mugimendu feministak bizitza oinarrian eta zentroan jarriko duen eredu jasangarriagoaren alde egiten du, alde batera utziz etekinak handitzea baizik bilatzen ez duen merkatuaren logika. Argitara atera behar dira ohikoan ikusezin bihurtutako lanak, gure egunerokoa zutik mantentzen duten horiek, eta sistema kapitalista heteropatriarkal honetan ezkutatuta daudenak. Lan horiek historikoki emakumeen bizkar utzi izan dira, derrigortuta eta dohainik. Generoa, sistema sozioekonomikoaren aldagarri gisa hartu beharko litzateke, generoen arteko desberdintasuna kapitalismoa oinarritzen den sistemaren ardatz estrukturala baita momentu honetan.
Mugimendu horrek egitura sozial berria sortu nahi du, pertsonengan eta euren behar eta gaitasunengan oinarritua, ez kapitalaren pilaketan eta etekin gosean. Aberastasunaren banaketa bidezkoa, jasangarria eta bideragarria izango luke egitura berriak, oraingo eta geroko pertsona guztientzat bizimodu duina bermatuko lukeena. Ezaugarri horiek dituen karabana feminista eta antikapitalistak elkartasun eta babes osoa merezi du gure herrietatik igarotzen denean, berarekin dakartzan aldarrikapenak nork bere egin eta praktikan jarriz. Horiek konkistatzen lagundu behar dugu.
Imajinatu sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzeak eragiten duen zamarekin, eta arnasa hartzeko premia larriz, oheratzen zarela ostiralean. Larunbata izan arren inguratzen zaituen egitura zapaltzailea bihar ere hortxe egongo dela jakin badakizu, baina asteburuaren... [+]
Aste osoan Bilbo jasotzen ari den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren ekitaldi nagusia izanik, guztion indarrak batu eta askotariko alternatiba feminista erakustea izango du helburu ekimenak.