Londres kartoizkoa da (Elkar, 2009) eleberritik, bost urteko itxaronaldiaren ostean, itzuli da Unai Elorriaga Iazko hezurrak (Susa, 2014) lan erraldoiarekin. Erraldoia luzera kontuagatik eta baita edukiari dagokionez ere.
Iazko hezurrak azken 40 urteetako biolentziaren inguruko hausnarketa da, munduko edozein txokotan eman den indarkeria-momentu desberdinen collage moduko batek eraikia. Ruanda, Euskal Herria, Japonia, Argentina… Liburuko protagonistak indarkeriak konparatzeko ohitura hartzen du –testuak, koplak, baladak, lo kantak–, eta konturatzen da “ezin dela gehiegi ere konparatu, beti dela desberdina, beti dela gauza bera” (267. orrialdea). Azken finean, zer axola du konparaketak? Han edo hemen, baladak, koplak, kantak zein ipuinak, dena odol pilatua baita. Lurrun diren hezurrak.
Eleberriz, saiakeraz, kronikaz duen lan hibrido honen hari narratiboa Irene Arriasen bizitza da. Liburuko protagonista 1971ko urtarrilaren 25ean jaio zen Algortan, Idi Amin Dada jeneralak Ugandan estatu-kolpea abiatu zuen egunean eta Glasgowko agintari baten etxean bonba batek eztanda egin zuenean. Irene eta Ibon 2004ko apirilaren 10ean ezkondu ziren, Ruandako genozidioaren hamargarren urteurrena bete zenean. Ireneren momentu bitalak biolentziak markatuak dira, munduko edozein bazterretan edonoren bizitza bezala. Ireneren istorioa, beraz, aitzakia baino ez da. Gizaki orok zainetan daramagun pozoiaz hausnartzeko aitzakia hain zuzen ere.
Tristea bada ere, betidanik bizi izan dugu gerra, indarkeria, biolentzia… Eta hori nahikoa ez balitz, ahozko tradizioan zein tradizio idatzian, beti kontatu nahi izan dugu: “sugeekin, muskerrekin, txakurrekin. Egunkaririk gabe, kamerarik gabe, baina beti kontatu nahi izan da” (213. orrialdea). Esan gabe doa berdin gertatzen dela gaur egun grabatzen diren eta jendeak ikusten dituen indarkeria momentuekin. Grabatzeari nazkagarri deritzot, baina ikusteari oraindik iraingarriago. Zer bilatzen du, bada, biolentzia begiratzen duenak?
Eta gerraz, biolentziaz, indarkeriaz hitz egiten jarraitzen dugu beste behin ere. Betiko eta betiereko gaia. Iazko hezurrak nobelak erakusten du pauso bat aurrera egin dugula. Hau da, biolentzia kontatzen duen literaturatik, biolentziaz hausnartzen duen literaturara iragan garela gogorarazteko heldu da. Okerrena da, pauso bat aurrera egiten dugunerako, jada hamaika atzera egin direla beste edonon. Hori ez da, baina, hausnartzeari uzteko arrazoia.
Tras deixar atrás o mes de abril dos libros, as bibliotecas e os seus beneficios, desde Kabiak Saharauí queremos lembrar o lado escuro da súa historia, que cobra maior importancia na defensa da identidade e a supervivencia dos pobos. Estamos a falar da destrución das... [+]