1975eko salbuespen egoerari eta frankismoaren blokeo informatiboari aurre egiteko sortu genuen "Noticias del País Vasco durante el estado de excepción" buletina. Zenbaki bakoitzetik 50.000 ale banatu ziren isilpean eta eskuz esku, Euskal Herrian, Espainiako Estatuan, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Hauxe duzue esperientzia klandestino haren atzean egon zirenen historia.
Askatasun eta demokrazia garaietan prentsa funtsezkoa da, are funtsezkoagoa errepresioa eta zentsura ofiziala nagusitzen direnean, Frankismoan gertatu zen moduan. Zentsurak eta desinformazioak behartzen du, behartu gintuen, klandestinitatera jo eta egiazko informazioa zabaltzera. Euskal Herrian urte horietan jasaten ari ginen errepresio basatiaren aurrean elkartasun mugimenduak sortzeko beharra zegoen, eta horretarako informazioa –ezkutukoa jakina– sekulako tresna zen.
Halako zerbaitetan saiatu ginen lagun talde bat, erabat isilpean, Noticias del País Vasco durante el estado de excepción (Euskal Herriko albisteak salbuespen egoera garaian) buletina kaleratzen hasi ginenean. Egoera hura bizi izan ez zuten belaunaldiek lehen eskutik ezagutu beharko lituzkete buletin horren moduko historia txiki baina garrantzitsuak.
ETA eta FRAPeko militanteen fusilatzeak
Irailaren 27an beteko dira 40 urte José Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz FRAPeko hiru kideak eta ETAko Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria, heriotzara zigortu eta fusilatu zituztela. Francoren erregimen faxista indarrean zegoen. Gerra Kontseiluak, izaera militarra zuten epaiketa makur haiek, fartsa judizial hutsak ziren, Lege Antiterroristaren dekretuak edozer egiteko eskua eman baitzien poliziei eta epaileei. 1975eko maiatzean Bizkaian eta Gipuzkoan deklaratutako salbuespen egoeraren ondorioz hasitako gorakada errepresiboak goia jo zuen bost militanteak fusilatu zituztenean –Argiaren zenbaki honen 11. orrialdean Mertxe Urtuzaga Otaegi, Angel Otaegiren senideari egindako elkarrizketa duzu irakurgai–.
Euskal Herrian, 1967tik hainbatetan bizi izan genituen salbuespen egoerak: berme “konstituzionalak” ezabatu eta indar errepresiboei nahieran jokatzen uzten zieten garai lazgarriak. Horretarako, frankismoak hedabide gehienen babesa zuen. Nolanahi ere, maiatzaren 22an Bizkaia eta Gipuzkoari buruzko informazio oro “erreserbatutako materia” izendatu zuten. Desinformazio ofiziala are lasaiago zabaltzen zuen erregimenak modu horretan, eta errepresioari ateak parez pare zabaltzen zitzaizkion atxiloketa eta torturen bidez.
Testuinguru horretan sortu zen Noticias del País Vasco durante el estado de excepción argitaratzeko ekimen klandestinoa, talde politiko eta sindikatuekiko independentea. Asmoa zen egiatan gertatzen ari zenaren berri ematea ahalik eta jende gehienari –batez ere sektore borrokalari antifaxistari, zuen ideologia zuela ere–, eta Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan eta hortik harago zabaltzea.
Erbestetik itzuli ondoren, berriz ere atzerrira jo behar izan nuen 1975ean, hain justu salbuespen egoera indarrean jarri zenean. Madrilen ezkutatu nintzen. Han, esparru progresisten artean harremanak egin nituen, batez ere Eliza ez ofizialaren oinarrian zegoen jendearekin, baita zenbait alderdi politiko klandestinorekin ere. Kontaktu horien ondorioz, segituan konturatu nintzen Euskal Herriaz zegoen desinformazioari aurre egin behar zitzaiola sistema alternatibo bat eraikiz. Xabier Sanchez Erauskin kide eta laguna ere Madrilen bizi zen orduan. Berarekin hitz egin nuen, gaia aztertu genuen, eta erabaki genuen Euskal Herrira, Estatu osora eta Europara ere iritsiko zen buletina sortzea. Etxea, dirua eta kotxea utzi zigun Madrilgo euskaldun baten laguntza ordain ezinari esker, eta Euskal Herrian genituen informazio iturriak erabiliz, buletina martxan jartzeari ekin genion.
1975eko maiatzaren 28a: lehen buletina
Maiatzaren 28an irten zen lehen buletin informatiboa. Data horretatik salbuespen egoera amaitu zen arte igarotako bi hilabeteetan 15 buletin egin ziren, gutxi gora behera 200 orrialde. Horiei gehitu behar zaizkie ondoren osatutako beste bost zenbaki: Gerra Kontseiluen nondik norakoak eta haien kontra herritarrek izandako erreakzioa jaso zuten azkeneko horiek.
Buletina Madrilen editatu genuen sekretuan, eta herritarren laguntzaz lortu genuen Euskal Herrira eta estatu osora zabaltzea. Europako beste herrialdeetara eta Amerikara ere iritsi zen informazioa, atzerriko kazetariek eta Madrilen kokatutako enbaxada garrantzitsuenek eskuan jasotzen baitzuten buletina. Radio Parisek, Pyrenaicak, BBCk, Le Mondek, baita France Press, Reuters, Asociated Press, Unaited Press International eta beste hainbat agentzia ezagunek ere, buletina izan zuten iturri. Etengabe aritu nintzen mezularitza lanetan haiekin; tartean zeuden Jose Antonio Novais eta Walter Haubrich Frantziako eta Alemaniako korrespontsal entzutetsuak.
Konfiantza osoko pertsonengandik jasotzen genuen informazioa (abokatuak, apaizak, laikoak...), Euskal Herriko txoko askotako jendeak bere segurtasuna eta bizitza arriskatu zuen, Guardia Zibileko Manuel Hidalgo kapitain zanpatzailearen itzala atzetik izan baitzuten. Hidalgok uste zuen buletinaren operazio zentroa (erredakzioa, inprenta, distribuzioa…) Durangaldean zegoela: Gernikako kuarteleko buru zela, hainbat atxiloturi galdezka aritu zitzaien ea buletina non inprimatzen zen, baina sekula ez zuen halakorik jakitea lortu. Hala ere, bera ziur zegoen Durangaldeko herriren batean argitaratzen zela, eta halaxe esaten zuen atxilotuen aurrean.
Buletinek harrera oso beroa eta zabala izan zuten, koordinatzaile lanetan aritu ginen Sanchez Erauskin eta biok ere harrituta geunden. Pertsona askok parte hartu zuen: batzuek dirua eman zuten gastuak ordaintzeko, beste batzuek etxeetako eta elizetako ateak ireki zituzten multikopistak kokatzeko, eta banaketa egiteko kotxea utzi zutenak ere ez ziren gutxi izan.
Banaketa gune nagusia Aranda de Dueron zegoen, hortik zabaltzen zen Euskal Herrira, Sevillara, Bartzelonara edota Valentziara. Euskal Herriarekin konexioa geuk egiten genuen, Madrildik Aranda de Duerora bidaiatuz; Bilbotik beste kotxe bat etortzen zen zorrotan bildutako buletinak jasotzera, eta hortik gainerako tokietara eramaten ziren. Zenbaitek euren multikopistak eta bulegoak erabiltzeko baimena eman ziguten dokumentuak editatu, fotokopiatu eta biderkatzeko. Eta zigiludun gutun-azalak ere behar ziren, bereziki bankuetakoak, modu horretan buletina azkar banatzen baitzen Espainiako Estatuan barrena. Buletinak berrargitaratzea ere ohikoa zen, nork bere herritik edo lantokiko bulegotik.
50.000 ale baino gehiago
Kolaboratzaileen eskuzabaltasunari esker 50.000 ale ateratzera iritsi ginen zenbaki bakoitzeko, seguruenik gutxienez 150.000 irakurle izango zituen buletinak. Parisen zegoen Ruedo Ibérico argitaletxeak gerora liburu bat kaleratu zuen: Euskadi, el último estado de excepción de Franco. Liburu hura buletinaren erredakzio taldeak egin zuen, eta ezkutuko esperientzia informatiboaren hainbat gorabeheren berri eman zen bertan.
Zergatik izan zuen hainbesteko arrakasta? Eta zerk bultzatu zuen hainbeste jende informazio klandestinoa zabaltzen laguntzera? Arrazoiak begi-bistakoak dira: buletinak informazio hutsune oso handia betetzen zuen; jendea egiazko albisteen gose zegoen. Buletinak osatzeko orduan, notiziak seriotasun eta objektibotasun handiz jorratzen saiatu ginen, hori ere berme bat zen irakurlearentzat. Modu berean, informazio erretorikoa bazterrean utzi zen eta askotan gertaeren deskripzio hutsak ematen ziren orrialdeotan.
Hidalgok ez zuen inoiz ezkutuko informazio hura desegitea erdietsi, eta herritarren zati handi bat gertatzen ari zenaren jakinaren gainean izatea lortu genuen. Gisa horretan, elkartasun mugimendu zabala ernatu zen Euskal Herrian eta kanpoan, eta horren adibide dugu ETA eta FRAPeko militanteen fusilatzeak jendartean sortutako erantzuna. Bada garaia 1975eko buletin hura posible egin zutenei eskerrak eman eta haien lana aitortzeko, batzuk jadanik hilda dauden arren.
Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.
Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.
Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi"... [+]
Kanposantuko nuarbeko aldapan gora / Orduan haurrak zirenak / Zazpi pinuak zain dauzkate / Kanposantuan ateak beti zabalik nuarbek. Poema gidari hartu eta abiatu gara kanposantuko Nuarbeko aldapan gora, orduan haurra zen Mertxe lagun harturik. Poetak ez dio gezurrik: kanposantuan... [+]