Euri jasa itxurazkoa bada, ondoren errioak ur-karga dezentekoa ekartzen duen tankeran, aurten fruitu urtea da. Gero atera beharko dira kontuak, eguraldiaren segidak edo zer arraio dela-eta aurten ia denak oparo eman duen: tomate (Lycopersicon esculentum), piper (Capsicum annuum), sagarrondo (Malus x domestica), udareondo (Pyrus communis), aranondo (Prunus domestica), hurritz (Corylus avellana) eta abar. Datozenak ikuskizun dira, baina ez dakarte itxura txarra artoak (Zea mays), babarrunak (Phaseolus vulgaris), intxaurrondoak (Juglans regia), elorri beltzak (Prunus spinosa) eta mizpirondoak (Mespilus germanica).
Urte ederra doa bai aurtengo hau, eta fruituen emana baliatu nahi dut oinarrizko gauza batzuk gogora ekartzeko. Adibidez: fruituak ez dira guk jan edo edateko sortu, hazi eta ekarriak. Fruituaren betebeharra haziak bildu eta bideratzea da; fruitua eman duen landare amaren espezieko izabanako berriak sortuko dituzten haziak. Aurreko batean nioen eran, hazi bakoitza informazio genetiko berezi eta parerik gabeko baten kontainerra da. Landare banako baten sortzailea, bere espeziean berdinik izango ez duen izabanako batena.
Hazia sortzeko sexu harremana gauzatu duten bi landareren helburua –landare berriak sortzea, alegia– egoki bideratzeko, nahitaezko baldintza batzuk bete behar dira. Lehenengoa hazia ondo heltzea eta osatzea da, osasuntsu eta gogor. Zaildu gabeko haziak ez du landare berririk sortuko. Sorkuntza hori ahalik eta errazena eta gauzagarriena izan dadin haziak ahalik eta bide naturalenari jarraitu beharko lioke. Naturan fruitua animaliaren batek jan eta haziak bere simaur dosiarekin hedatuko ditu. Edo, fruitua umotu, erori eta lurrean ustelduta, daramatzan haziei “luarra” emango die.
Usteldura bat da landarearen bizitzaren helburua lortzeko bitarteko. Usteak erdia ustel duela dio esaerak. Eta dena ustel balitz? Ustea, hau da, letorkeen landarearen sorkuntza ez al da uste soila? Edo hustea? Hutsaren hurrengoa ez al da sorkuntza guztia? Hutsa ustearen ustelduratik landarea sortzen da! Hala iruditzen zait. Iruditu ere, zura iruditzen denean ustel tankera du. Iruditzea ez al da ba uste izatea?
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.
Lagun baten gomendioa dela medio, Nafarroako Gobernuaren altzoko INTIA nekazaritza institutuko Laborantzen Babeserako atalean dagoen jakinarazpengunetik Fruta-arbolen osasun kudeaketa zuzena egiteko kontuan izan behar dituzun gomendioak dokumentua eskuratu dut, eta baita amaren... [+]