Gerora “mareak” etiketa orokorrarekin izendatu diren udal hautagaitzek, oro har, arrakasta handia lortu zuten Galizian maiatzeko udal hauteskundeetan. Batez ere A Coruña probintziako hiru hiri nagusietan jo zuten kolpea, hiruretan alkatetza eskuratu baitzuten. Ezkerreko alderdiek eta herritar mugimendu ugarik olatu haren indarra baliatu nahi dute orain, Espainiako eta Galiziako hauteskundeetan formula errepikatzeko. Batasuna gauzatzea ez da hain erraza, ordea.
2012ko urtarrileko azken egunetan, politikoki antolatutako galiziarren zati esanguratsu bati eskemak hankaz gora jarri zitzaizkion, eta sektore bati bihotza erdiratu ere bai. Urteetako tentsio ugarien ostean, Amioko azokagunean (Compostelan) egindako BNGren nazio batzarrak hausturaren bidea ireki zuen alderdi soberanistan. Zatiketa handik oso gutxira gauzatu zen, Xosé Manuel Beiras buru zuen Encontro Irmandiño taldeak alde egin zuenean. Luze gabe bide beretik jo zuten beste talde eta militante batzuek. Okerra litzateke pentsatzea gertakari hura izan zela M24an ustekabeko emaitzak lortu zituzten marea izeneko udal hautagaitzen jatorria, baina maila bereko okerra litzateke ez konturatzea Bloque-ko zatiketa dela gertakari politiko horren abiapuntuetako bat. Mareek ezusteko galanta eman diote galiziar ekosistema politikoaren zati handi bati. Hainbat analisik hala iradoki duten arren, zaila da haiek azaltzea madrildar dinamika politikoaren erreprodukzio hutsa bailiran.
BNGren hausturatik urte erdi besterik igaro ez zela, Xuntako presidente Alberto Núñez Feijóok 2013ko udaberrian egitekoak ziren hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Popularrak aitzinatze horren alde egitera eraman zuten faktoreen artean, oposizioa ia guztiz indargabetuta egotea zen nagusia: PSdeG-PSOEk aukeratzeke zuen hautagaia, eta BNGk guztiz burutu gabe zeukan Amion gertatutakoaren digestioa.
Bitartean, Bloque-tik aldendutako taldeak, eta haiengana hurbiltzen ari ziren pertsonak eta antolakundeak, irakinaldi betean zeuden. Novo Proxecto Común behin-behineko izena eman zitzaionaren zati bat Anova-Irmandade Nacionalista bihurtua zen, Beiras buru, eta beste talde txiki batzuk, banakako zenbait militanterekin batera, hasiak ziren Compromiso por Galicia zentro-ezkerreko alderdi gallegista martxan jartzen. Denek ekin zioten, arrapaladan, ustekabean deitutako hauteskundeetarako elkarguneak bilatzeari.
AGE izeneko kometa
Testuinguru hartan jaio zen mareen beste ernamuinetako bat. Hainbat forotan segurutzat jotzen zen galiziar hautesleek hamarkada bat baino gehiagoz Parlamentua osatu zuten hiru alderdien –PP, PSOE eta BNG– eta Bloque-a utzia zutenen batasunaren artean aukeratu beharko zutela, baina orduan gidoia aldatzen hasi zen.
Munduko Foro Sozialean eta antzeko guneetan mugimendu altermundistarekin hainbat urtez harremanean eman ondoren, eta M15ean gertatutakoa eta haren eztanda uhina arretaz behatu ondoren, Beirasek eta haren inguruak areagotu egin zituzten eskuinaren aurkako “fronte zabala” osatzeko deiak. Fronte hartan, azaldu zutenez, ezker soberanistarentzat ez ezik lekua zegoen beste indar batzuentzat ere; esaterako, Esquerda Unidarentzat (EU). Azkenean, EUk Anovarekin bat egin zuen, eta Espazo Ecosocialistarekin eta Equorekin batera Alternativa Galega de Esquerda (AGE) sortu zuten.
Anxo Lugilde kazetariak De Beiras a Podemos: A política galega nos tempos da troika (Beirasengandik Podemosera: galiziar politika troikaren aroan) saiakeran azaldu bezala, krisiaren eta murrizketa larrien urteetan pilatutako sumindura ezkerretik bideratzeko sortua zen hautes-tresna baten gidaritza hartu zuen buruzagi abertzale historikoak. Haren karisma, troikaren aginduei –kasu honetan Núñez Feijóorekin identifikaturik– amaiera emateko lelo nagusiarekin batera, nahikoa izan zen AGEk bozak jaso zitzan bai abertzaletasunetik, bai PSOEko sektore desengainatuetatik, bai eta Izquierda Unidak Galizian duen hautesleria txikitik ere. Hala, hilabete eskas batean, Beiras buru zuen koalizioak Parlamentuko hirugarren indar bilakatzea lortu zuen, bederatzi eserleku eskuratuz, BNGk baino bi gehiago.
AGEren hauteskunde kanpaina oso bizia izan zen, ia eromenezkoa. Beiras, ordurako 80 urte betetzear zela, bigarren gaztealdi politiko betean zegoen, eta areto guztiak mukuru egotea lortzen zuen. Haren atzealdean, antolakunde jaioberriko kide askok bere buruari galdetzen zioten “zer gertatuko ote da”, eta zein izango litzatekeen arrakastaren tamaina kanpainak pare bat aste gehiago iraun ahal balu. Pertsona haien artean zegoen kolaboratzaile anonimo bat, IUren inguruan zebilen Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea, Pablo Iglesias izenekoa. Urtebete geroago bere AGE abiarazi zuena: Podemos.
Eta orduantxe iritsi zen Podemos
Berak behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, Iglesiasek ondo gogoan hartu zuen Galizian bizi izandakoa. EUko koordinatzaile Yolanda Díazen aholkulari jardun zuen Beirasen kanpaina hartan, eta bizipen hura Podemosen diseinuaren giltzarrietako bat izan zen. Galiziar laborategian, Iglesias jabetu egin zen haserrea bideratzeak emaitza onak zituela hauteskundeetan, eta horixe egin zuen 2014ko europar bozketan, bi urte lehenago Galizian AGEk jokatutako rol bera jokatuz.
Galizian, Iglesiasen alderdiak boto asko atera zuen AGEk irekitako arrantzagunetik. AGE bera, berriz, hasita zegoen “politika zaharra” esaten zaionaren ajeetako batzuk jasaten. Esaterako, diputatu batek alde egitea eragin zuen barne liskar garratza. BNGren zatiketa bezala, gertakariok ez dira nahikoak, baina bai beharrezkoak, mareen sorrera ulertzeko.
Marea Atlantikoa eta haren eztanda-uhina
Europako hauteskundeetako lurrikararen ostean arnasa hartzeko ia astirik gabe, uztail erdialdean Marea Atlántica manifestua, hasiera batean 99 lagunek sinatutakoa, hasi zen han-hemenka agertzen A Coruñan. “A Coruña %99ri itzultzeko jaio gara”, esan zuten beren lehen ekitaldi publikoan. Han bildutako 300 lagun ingururen artean, ezkerreko indarretako eta indar abertzaleetako aurpegi ezagunak zeuden. “Batuketa prozesua da hau, eta ez buruzagitzen arteko elkarrizketa”, azaldu zuten. Haien helburua hiri osoan sare bat ehuntzea zen, urtebete geroago, ziotenez, PPren aurka borrokatzeko bertako gobernua eskuratze aldera. Une hartan, popularrek gehiengo absolutua zuten bertan.
Marea Atlantikoaren prozesua sektorekako hamaika bilera eginez eta auzokako “marea” gogotsuak sortuz zihoan aurrera, eta jakin-minez eta, zenbaitzuetan, inbidiaz begiratzen zioten Galiziako beste hiri batzuetatik, batez ere PPren agintepekoetatik . A Coruñako ispiluan begiratu zioten beren buruei, konparazio baterako, Santiagon Compostela Aberta plataforma bultzatzea erabaki zuten pertsonek. Antzeko zerbait gertatu zen Ourensen, eta Ourense en Común izan zen emaitza. Berdin beste hiri eta eskualde-buru batzuetan. Jaiotza horiek zalantzaz betetako itsasoan gertatu ziren; nagusietakoa, nolako harremana edukiko ote zuten mugimendu berriek BNGrekin, eta alderantziz.
Irakurketa bakarra, ezinezkoa
Oso zaila da, edo besterik gabe ezinezkoa, mareen fenomenoa gertakari bakartzat aztertzea, haien errealitateak oso desberdinak baitira, ia hauteskundeetan lortutako emaitzak bezainbat. Marea Atlantikoan, adibidez, hasieratik parte hartu zuten abertzaletasunean eta soberanismoan ibilbide luzea zuten zenbait pertsonak, hala nola estatuko ezkerreko indar politikoetako (EU, Podemos) hainbat kidek, A Coruñako herri mugimendukoekin batera. Prozesua lasaia izan zen, hilabeteak iraun zituen, eta kontsentsuzko hautagaia buru zuen zerrenda izan zen emaitza: Xulio Ferreiro, magistratua eta zuzenbide irakaslea, oinarrizko mugimendu abertzaleetan eskarmentuduna, baina politikaren lehen lerroan aurrez sekula aritu gabekoa.
Prozesua askoz azkarragoa izan bazen ere, antzera gertatu zen Compostela Abertan. Plataforma, edonola ere, ez zen guztiz abiatu Martiño Noriegak –Anovako bigarrena, 2007 eta 2011n Teoko alkate aukeratua BNGrekin– zerrendaburu izatea onartu zuen arte. Hala, aurreko hilabeteetan egindako lan politikoaren “traktore” bihurtu zen. Aldi berean, udal batzuetan bi ‘marea’ sortu ziren. Ferrolen, esaterako, Ferrol en Común izan zen batetik, batik bat AGE inguruko jendeak osatua Podemoseko batzuekin batera, eta marea Ártabra bestetik, Pablo Iglesiasen alderdiko kideak eta beste hainbat arlotakoak bildu zituena. Ourensen, berriz, hasiera batean A Coruñako eta Santiagoko prozesuen antza zuenak porrot egun zuen azkenik, barne hauteskundeak oso nahasiak suertatu baitziren eta kideen arteko gatazka bizia eragin baitzuten.
Emaitzak
Osagai horietatik abiatuta, M24an galiziar mareek A Coruñako hiru hirietan izan zuten arrakasta batez ere. Marea Atlantikoak, Compostela Abertak eta Ferrol en Comúnek alkatetza lortu zuten, lehenbiziko biek zerrendaburu soberanistekin; Ferroleko kasuan, aldiz, alkate berria, Jorge Suárez, EUko kidea da. Galiziako lurraldean osatutako 70en bat hautagaitzak jatorri desberdinekoak dira, batzuk BNGtik irtendakoen baturatik sortuak, beste batzuk Podemosen tokian tokiko bertsioak…
Testuinguru horretan, zaila da gertatutakoa Podemos fenomenoaren errepikapen hutsa bailitzan azaltzea –Galizian jazotakoa Iglesiasen alderdia sortu baino lehenagokoa da–, edo BNGren hausturaren ondorio hutsa bailitzan. Hurrengo Espainiako hauteskundeetan, eta batez ere, 2016ko Galiziakoetan jakingo da soberanismoaren eta ezker hausturazale eta federalistaren arteko nahastetik sortutako espazio politiko berri bat sendotzen ari den, edo aliantza horiek udal gutxi batzuetako anekdota hutsean geratuko ote diren.
Galiziar Marea?
Udal hauteskundeetan lortutako emaitza onak ikusita, ia berehala hasi ziren Marea Galega bat sortzeko aldarriak. Madrilgo Kongresurako hautagaitza izango litzateke, datorren urteko galiziar hauteskundeetarako proba-saio modura balioko lukeena.
Batasunaren aldeko urrats politiko ugari izan dira, eta batzuk oso berritzaileak. Esaterako, BNGk bere siglei uko egin izana, “galiziar nazio hautagaitza” osatzea errazteko. Batasunaren aldeko manifestuak han-hemen zabaldu dira, eta PSOEtik ezkerrera dauden indar politikoen arteko hartu-emanak biderkatu egin dira, salbuespen bakarrarekin: BNGk eta Podemosek ez dute elkarrekin hitz egin.
Aldi berean, oinarrian herritarrek osatutako baina alderdien parte-hartzea ere baduten bi mugimendu –Encontro Cidadán por una Marea Galega eta Pola Unidade–, batasunezko hautagaitza baten aldeko lanean aritu dira. Hauteskundeetan emaitza ona lortuz gero, Madrilgo Gorteetan galiziar talde bat egotea ekar lezake horrek, historian lehen aldiz.
Prozesu bizi horretan parte hartzen ari diren eragileak ez dira ausartzen emaitza zein izango den iragartzera. Inork ez du aldez aurretik balizko batasuna baztertu nahi. Hala eta guztiz ere, batek baino gehiagok iragarri du Marea markak, azkenik, Anova, Podemos, udal hautagaitzetako kideak eta are Esquerda Unida bilduko dituela, eta beste alde batetik oinarri soberanistako hautagaitza bat sortuko dela, BNGren inguruan.
Maiatzaren 24ak garaipen zaporea izan zuen Galiziako ezkerraren eta abertzaletasunaren zati handi batentzat, baina politikan ospakizunek labur irauten dute –begiratu Greziari– eta garaipen bakoitzaren ostean beste erronka batzuk iristen dira. Mareek ere badituzte eurenak, bai udaletako lanari dagokionez, bai euren eboluzioari eta nazio mailan egituratzeari dagokionez. Erronka horiek gainditzen asmatzearen menpekoa izango da haien arrakasta, eta arrakasta diogunean ez gara hauteskundeetan emaitza onak lortzeaz ari soilik, baizik eta –batez ere– jendartea eraldatzeko benetako gaitasuna izateaz. Hiru erronka erabakigarri nabarmenduko ditut.
Lehenbizikoa, inork kontuan ez duena, herritarren parte-hartzea mantendu eta handitzea da. Hautagaitza asko, funtsean, Anova eta Esquerda Unidaren (EU) arteko koalizioak izan ziren, baina beste batzuek gizarte eragile asko elkartzea lortu zuten. Etorkizuna bermatu nahi badute, bai batzuek bai besteek euren oinarriak zabaldu behar dituzte, eta ez dute utzi behar hauteskundeetako sukarraren ostean parte-hartzea apaldu dadin.
Bigarren erronka nagusia programa guztiz definitzea da. Ulergarria izan daiteke autogobernuaren gaia, Galizian berebiziko garrantzia duena, udal hauteskundeetan eztabaidaren lehen lerroan ez egotea, baina erkidegoko eta estatuko bozetan erabakitzeko eskubidea balizko Marea Galega baten zutabeetako bat izan beharko litzateke. Oraingoz, badirudi tartean dabiltzan ia eragile guztiek argi dutela Madrilgo Kongresuan talde galiziarra izatearen beharra, Konstituzioaren erreformaren aukera gerta daitekeenean. Bestalde, arlo ekonomiko eta sozialetan hartzen diren jarrerek adieraziko dute mareak beste PSOE bat besterik ez diren, edo 78ko erregimena benetan eraitsi nahi duen mugimendu batez ari garen.
Azkenik, beharbada Marea Galegaren erronka latzena izango da alderdietako buruzagitzek prozesua beren kontrolpean hartzea eragoztea. Benetako herri frontea nahi duenak ez luke burokrazien mugimenduen zain egon behar. Gauzak ondo eginez gero –A Coruñan hala gertatu zen– alderdiek bi aukera baino ez dute izango: gainerako eragileekin berdintasunean bat egitea, edo hauteskundeetan zartakoa jasotzea. Berdin dio Podemos, EU, Anova edo BNG izena duten.
Raul Rios
(Novas da Galizako
kazetaria)
“Galiziar mareak” esamoldea erabiltzen hasi ginen, maiatzeko udal hauteskundeetan herritar plataformek lortutako arrakastaren ondoren. Hala izendatutakoek ezaugarri komun asko dituzte, baina ez dira elkarren klona, eta espiritu berean oinarritu arren tokian tokiko dinamiken isla izan ziren.
“Marea” izendapen bera ez dago hain zabalduta. Sortutako 70 udal mugimenduetako –Galiziak 314 udal ditu– gutxi batzuek baino ez dute izen hori. A Coruñako Marea Atlantikoa izan zen lehenengoa, eta ezagunena ere bada, ez hauteskundeetako arrakastagatik bakarrik, alderdi politikoek haren barruan jokatzen duten rola bigarren mailakoa izateak erreferente “herritarzale” bihurtu dutelako baizik. Askok uste dute horixe izan beharko litzatekeela Marea Galega handi bat sortzeko eredu egokiena.
Mareek hiru ezaugarri interesgarri dituzte. Lehenengoa da oraingoz hirietako gertakaria direla. Batez ere Galiziako zazpi hirietan eta beste zenbait gune urbanotan daude, galiziar gehien-gehienak bizi diren tokietan. Bigarrenik, inongo alderditan ez dabilen pertsona askok parte hartzen dute mareetan. Kasurik nabarmenena A Coruñakoa da. Eskuratu zituen hamar zinegotzietatik, zazpi ez dira alderdi bateko militanteak.
Hirugarren ezaugarria galiziar nazionalismotik datorren jende kopuru handia da. Horietako asko, noski, esparru abertzaleko alderdi handiena den BNGtik datoz, batzuk independente modura, A Coruñako alkate Xulio Ferreiro esaterako, beste batzuk militante izandakoak. Bigarren multzo horren barruan nabarmentzen da Martiño Noriega, Santiago de Compostelako alkate eta Anovako nazio bozeramailea Beirasekin batera.
Une honetan, Marea Galega baten sorrera Galiziako politikaren erdiguneetako bat da. Hainbat deialdi egin da herritarrek batasun hautagaitza baten sorreran parte har dezaten. Udaletako mareek ere ekarpena egin dezakete, hala nola PSOEren ezkerrean dauden eta Galiziaren nazio izaera onartzen duten alderdiek. Alderdi horiek izan beharko lukete prozesuaren “ordezko motorrak”, protagonismoa herritarren esku utzita. Ardatz horiek elkartuz sortuko da Marea Galega, eta hauteskundeetako garaipena lortzeko Alderdi Popularrarekin lehiatu daitekeela pentsatzea ez da zentzugabea.
Paulo Padin Alvarez (Politologoa, Galizaleak elkarteko kidea)
Un prestixioso arquitecto chega desde Londres a un pequeno pobo galego. Trátase de David Chipperfield, un edificio con oficinas en Berlín, Milán e Xangai, e que conta cun amplo equipo de edificios. Unha arquitectura elegante, requintada, feita por un Sir. A historia comeza na... [+]
Matute escribiu en twitter á mantenta dunhas declaracións de Feijóo na campaña electoral galega: “esta xente non pode gañar”. E gañaron. BNG subiu moito, din todos. En TVE din que os partidos nacionalistas non teñen por que ser malos (falaban de nacionalismos non... [+]
"Sindikatuak enpresa zekenenak bezalaxe jokatzen du", salatu dute beharginek. 2014tik izoztuta duten hitzamen kolektiboa eguneratzea eta soldata-igoerak eskatzen dituzte.