Espainiako Leónen jaioa, fisikaria, Bartzelonako Itsaso Zientzien Institutua du ohiko lantokia. Eguneroko ikerketa esparrua ozeanografia fisikoa badu ere, petrolioaren gailurraren ondorioez kezka du aspalditik, eta horrek bultzatu zuen The Oil Crash bloga sortzera, energia krisiaren gakoak ulertzeko erreferentziazko iturri bihurtu dena. Frackingaren aldeko apustuaz zalantzarik ez du Antonio Turielek: “Iruzurra da”.
Petrolio gailurraren tesia esplika daiteke modu laburrean?
Gauza jakina da petrolioa ustiatzen den hobi bateko ekoizpenak ez duela etengabe irauten, eta hobian bezala gertatzen da eskualde batean, herrialde oso batean... eskala guztietan. Hasieran, esploratu ahala, inguruaren ezaugarri geologikoak hobeto ezagutu ahala... produkzioak gora egiten du urtez urte. Baina uneren batean ekoizpen gailurra iristen da, zaila da leku berrietara iristea, eta fluxua gutxitzen hasten da, arrazoi fisiko eta geologikoengatik. Guk ekoizpena handitzeko ahaleginak egin ditzakegu, horretarako teknika ugari daude, baina azkenerako energia eta diru gehiago xahutzen da petrolioa ateratzeko petrolio horrek berak emango dituena baino. Ateratzen den petrolio kopurua baxuegia denean, hobia utzi egiten da.
Baxuegia eta garestiegia, ezta?
Argi dago zenbat eta gutxiago egon zailagoa dela erauztea. Gainera, hasieran hobi handi eta ustiatzeko errazetara jotzen da, gero txikiagoetara, zailagoetara, garestiagoetara... Eta azkenik, ustiatzeko oso zailak edota ingurumen aldetik arriskutsuak izateagatik baztertuta zenituenetara joko duzu, besterik ez duzulako. Horixe da frackingarekin gertatzen dena.
Hor ditugu haustura hidraulikoaren bidez erauzten diren hidrokarburo ez konbentzionalak, ingurumen aldetik hain kaltegarriak diren hondar asfaltikoak... Blogean esanda duzu horren ostean ez dagoela besterik, ilusioaren azken muga direla.
Zaila da aurreikuspen hori egitea. Beti izaten da ustiatzeko moduko beste baliabideren bat, baina... Aipatutako horiek baldintza txarretan daude, ateratzeko oso zailak eta garestiak dira. Ez dira ekonomikoki errentagarriak, eta etsipenak bultzatuta ustiatzen dira; horren kostua oraindik etekina ematen duten baliabideei esker finantzatu da. Ez nuke esango ostean beste ezer etorriko ez denik, uste dut zerbait egongo dela, baina gero eta bazterrekoagoa eta iraupen laburrekoagoa. Frackinga bost-hamar urte iraungo duen burbuila da. Ez da harago joango.
Burbuila hori honezkero lehertzen hasita dago...
Bai. Sintomak oso argiak dira. AEBetako putzu aktibo kopurua %40 murriztu da iazko urriko maximoetatik. Dena barne hartuta, fracking putzuak baina konbentzionalekoak ere bai. Itxura osoz hau lehertzen ari da. Dagoeneko izan dira kiebra batzuk, eta gehiago gertatu ahala, inbertsiogileek beldurra izango dute, dirua galtzen dela ikusten baitute. Azken urteetan frackingak izan duen aparraldia ez da errepikatuko.
Espainiako Estatuan haren aldeko apustu politiko tinkoa egiten ari da, alta.
Hasteko, komeni da azpimarratzea Espainian ez dagoela fracking-petroliorik, fracking-gasa baino ez dago. Eta gasak askoz muga gehiago dauka, ez da petrolioaren ordezkatzaile ona, eta haren merkatua askoz murritzagoa da. Gauzak AEBetan bezala izango direla sinestarazi nahi dute, baina han fracking bidez ustiatzen dena, batez ere, petrolioa da. Eta hain zuzen petrolioa da Espainiak behar duena. Gasa garestia da, eta bere prezioa petrolioarenari lotuta dago, baina ez da Espainiaren arazo handiena, Espainiak batez ere petrolioa kontsumitzen duelako; hortik ateratzen du gaur egun erabiltzen duen energiaren erdia, eta gasetik %20 baino ez. Arazoa da nola edo hala eduki nahi dutela hidrokarburo iturri bat aberrian. Apustu handia egin da hori lortzeko. Izango da horretarako interes ilunen bat, baina uste dut arrazoi nagusia ez dela hori; sinetsi egin dute, sinetsi nahi izan dutelako. Zerbaiten premia duzunean, errazagoa da behar duzun hori eskuratuko duzula sinestea.
Arrazoiak ideologikoak dira, orduan.
Ezta hori ere. Hara, egon badago, hasiera-hasieratik, eztabaida ideologiko bat, ingurumena kontserbatzearen aldekoen eta garapen industrialaren aldekoen artean. Baina enpresa-sektoreari begiratuta, iruditzen zait ideologiak baino etsipenak bultzatzen dituela; horniketa arrazoizko prezioan bermatuko dien baliabideren bat behar dute.
Orain dela hilabete batzuk agerraldia egin zenuen Eusko Legebiltzarreko Energia sailean. Hantxe esan zenuen, besteak beste, alderdi politiko gehienek aldarrikatzen duten hazkundera itzultzea ezinezkoa dela. Nola hartu zintuzten?
Erreakzioak, oro har, nahiko bitxiak izan ziren. Baten batek agerraldia eskertu zidan, esan nizkien gauzetako asko ez baitzituen ezagutzen. EAJko ordezkariak ez zituen ezbaian jarri eman nituen datuak –besteak beste, agentzia ofizialetako datuak zirelako–, baina esan zidan ez niola tarterik uzten berrikuntzari. Bazekitela apustuak ez zuela balio epe luzerako, baina zerbait egin beharra dagoela.
Frackingaz ari zara?
Bai. Edozelan, eta hazkundera itzultzeko ezintasunari dagokionez, inork ez zion gaiari heldu nahi zan, Bilduko ordezkariak izan ezik. Gai tabua da, ez-gai bat.
Ez da harrigarria ustez aholkulari onak dauzkaten politikariek naturaren lege oinarrizkoenak aintzat ez hartzea?
Jakin badakit nik esan niena ezagun dutela, eta ulertu egiten dutela. Kontua da ea onartu egiten duten ala ez, politikoki onartezina baita, hain dira erradikalak gai honek gure egitura ekonomiko eta sozialean dituen ondorioak. Nork ipiniko kaskabiloa katuari? Azken boladan Podemosetik hurbil dauden batzuei entzun diet Podemos ere ez dela ausartu hazkundearen printzipioa ezbaian jartzera. Asko kostatzen zaie, uste baitute jendarteak ez duela onartuko, eta horrek boto asko kenduko diela.
Eta zergatik ez luke jendarteak onartuko?
Makina bat aldiz esan eta gero prosperitatea hazkundetik datorrela, enplegua sortzetik, etab, ez da erraza hazkundeaz, ekoizpen-eredua aldatzeaz... hitz egiten hastea. Nik hitzaldietan beti esaten dut gaur egungoaren oso antzeko bizi maila lor daitekeela –zenbait aldaketa esanguratsurekin, baina oso antzekoa– askoz energia gutxiago kontsumituz. Kontua da horrek ezinbesteko baldintza duela, eta hortxe dago koska: horretarako kapitalismoa utzi behar da, bestela ezin. Hori da benetako zailtasuna: jende askorentzat errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino.
Eta kapitalismoaren ordez, zer?
Oso zaila da horri erantzutea, eta ez dut uste ni naizenik horretarako pertsonarik egokiena. Esan dezakedana da kapitalismoari eustea ez dela posible, hazkundean oinarritutako sistema ekonomikoa delako, eta hazkundea fisikoki ezinezkoa delako. Antolatzeko beste era bat behar da, ongizatea sortzeko eta jendearen beharrizanak asetzeko pentsatua, hazkunde beharrik ez duena eta kontsumoan oinarritzen ez dena. Horrek erabat aldatuko luke dena. Kapitalismoan, kapitalak eskubidea du ordain bat jasotzeko, eta horrek garamatza interesera eta hazkunde esponentzialera. Hori ezabatu egin behar da, eta errotiko aldaketa da. Sistema horren onuradunak, noski, ez dira ados egongo, kalte egiten zaiela pentsatuko baitute, baina ulertarazi behar zaie besterik gabe ezin dela honela jarraitu. Ez da negoziagarria, inork ez du gure iritzia eskatu. Naturak ez du negoziatzen.
Frackingaren burbuilari hel diezaiogun berriz. Petrolioaren multinazional handiak zenbait aktiboz libratzen ari dira.
Funtsean, zalantzazko errentagarritasuna daukaten aktiboak saltzen ari dira. Horrela errentagarritasunari eusten diote, baina euren tamaina murriztuz. Aktibo horiek, ez denak baina bai gehienak, frackingean, harea asfaltikoetan, nekazaritza-erregaietan... egindako inbertsioak dira. Saldu edo “izoztu” egiten dituzte. Kasu batzuetan, konpainia horiek dutena esploraziorako edo ustiapenerako baimen bat da, epemuga jakina duena. Eta baimen hori izoztu egiten dute. Bestela, Repsolek Kanarietan egin zuena egiten dute. Esplorazio eremu batetik alde egin zuen Repsolek, eta bigarren eremu bat esploratzeari uko egin zion. Isuna ordaindu behar izan zuten horregatik [zehazki, bost milioi eurokoa], baina nahiago dute, inbertitzen jarraituz gero ezin izango bailukete inbertitutakoa berreskuratu. Toki guztietan berdin gertatzen da. Baimen-eremuak ustiatu gabe uzteko joera ari da zabaltzen. Dirua galtzen da, baina gehiago galtzen da ustiatzen saiatuz gero.
Beharbada hidrokarburoen sektoreko enpresa handien finantza-osasunak ez die kezka handirik eragingo gure irakurleetako askori, baina ondo pentsatuz gero beldurra ematen du energiaren pagotxa berria omen zen hartatik erretiratzen direla ikusteak.
Egia esanda, bai. Etorkizun hurbilean hornidura arazoak izango direla adierazten du horrek.
Oso hurbilean?
Bi eta bost urte bitartean. Gaurko egoeratik abiatuta, eta joera aldatzen ez bada –zaila da aldatzea–, nik aurreikusten dut munduko petrolio ekoizpena %5-10 jaitsi daitekeela bizpahiru urte barrurako. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Uztailaren 12an New York Times-ek argitaratu zuen: “AEBetan fracking enpresak kiebra jotzen ari dira, iturrien inguruetan bizi direnei utziz pozoi arriskutsuzko kutsadurak eta herritar guztien bizkar hauek garbitzeko kosteak”. Kronikaren hasieran honako kasu bat... [+]
COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]
Orkestraren azken txostenak hainbat datu azpimarragarri dakartza enplegu munduari buruz; bestetik, Bizkaiko ekitaldi eta negozio erraldoi handiei lupa jarriko diegu, Pello Zubiria Argiako kazetariak frackingaren egoera EAEn aztertu du.