Josune Muñozek hitzostean dioen bezala, Afrikako literatura euskaraz irakurtzeko aukera gutxi izan dugu orain arte, eta hori aldatzera dator Iokin Otaegiren itzulpenari eta EDO! argitaletxearen ekimenari esker dugun Mariama Bâ-ren Hain gutun luzea. Nobela 27 ataleko gutun gisa dago egituratua. Ramatulaye-k bere lagun Aissatou-ri gutun bat idazten dio senarraz alargundu eta gero etxean pasa behar dituen berrogei dolu-egunetan. Bertan bien bizitzaren gorabeherak aletuko ditu, deskolonizazio ostean aldaketa garaiko zurrunbiloan dauden bi emakume senegaldarren kronika eginez.
Gutunaren formatuak partikularretik kolektibora salto egiten utziko dio: bi lagunen eskola garaitik irakasle lanbidera, ezkontzatik seme-alabak izatera, eta jasandako poligamiatik honi aurre egiteko modu desberdinetara garamatza. Muñozen arabera, narratzaileak “bere barrua hustuko du” pertsonaletik politikorako bidea eginez eta bikotea, familia eta nazioaren arteko loturak josiz.
Lehen emakume aurrerakoi hauek Afrika berriaren ordezkariak dira: “Gure belaunaldiaren pribilegioa izan dun bi garai historikoren arteko giltzarri gertatzea; mendetasunarena bata, independentziarena bestea”. Oso kontziente dira haien belaunaldiaren ardura soziopolitikoaz, eta sozialismoa eta feminismoa dituzte aldaketarako ardatz nagusi: “Mundua astintzen ari ditun emakumearen askapenari buruzko ur-biziek, eta ez naiten ezaxola uzten”. Hala ere, badakite zuriengandik jasotako guztia ez dela urrea eta bi suren artean dabiltzala dantzan: “Kanpotik ekarritako grina gaiztoen eta bertute zaharren erresistentzia itsuaren artean, bere oinarri sakonetan astindua dagoen gizartea” baita bizi dutena.
Pentsamolde tradizionala eta modernoa haragiztatzen dira pertsonaia desberdinetan: Farmata da antagonista, Ramatulaye-k adinkide duen auzokoa, “haren egia ezin zunan nirea izan” diosku une batean protagonistak, bien arteko mentalitate desberdinak islatuz. Poligamia da sakonen jorratzen duen gaia, “kontzientziaren zama gertatu diren eragozpenak, gezurrak eta bidegabekeriak” direlako honen ondorio lazgarriak eta miseria edo bakardadea besterik ez duelako ekartzen bere hitzetan.
Amatasuna eta belaunaldi berriak ere oso presente ditu. Horrela definitzen du lehena: “Ama gaitun azaldu ezina ulertzeko... uholdeari aurre egiteko”. Bere hamabi seme-alabak belaunaldi berriak irudikatzeko baliatzen dira: “Nik amets egiten dudan bikotearen irudia dun” dio bere alaba nagusia den Daba eta bere bikoteari buruz hitz egitean. Honen adimena eta argitasuna harrigarri eta pozgarri gertatzen zaizkio: “Guztiaz ematen zinan arrazoia ume honek”.
Azkenik, maitasuna eta adiskidetasuna dira bere bizitzaren zutabe nagusiak, eta nahiz eta maitasuna “bizitzaren ahogozoa eta gatza” dela esan, “adiskidetasunak badin maiteminak ezagutzen ez duen handitasuna” dio. Aissatou-rekin duen adiskidetasunaren seinale da noka hitz egiten diola, itzultzaileari eskertzen dioguna. Emakume idazle afrikarren literatura ezagutzen jarraitzeko gogoa piztu zaigunez, Muñozen gomendioari jarraituko diogu Ken Bugul eta Fatou Diome-ren lanak bilatuz. Auskalo, agian egunen batean, hauek ere euskaraz egongo diren esperantzarekin.
Tras deixar atrás o mes de abril dos libros, as bibliotecas e os seus beneficios, desde Kabiak Saharauí queremos lembrar o lado escuro da súa historia, que cobra maior importancia na defensa da identidade e a supervivencia dos pobos. Estamos a falar da destrución das... [+]