Gure genealogia feministak
Miren Aranguren, Edur Epelde, Iratxe Retolaza
Emagin, 2015
Hamar urteko lanaren ondoren, argia ikusi du Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburuak. 1960ko hamarkadatik hasi eta gaur arteko talde, aldarrikapen eta ekimen feministak bildu ditu 600 orrialdeko liburuak.
Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro feministaren eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik sortu zen Euskal Herriko feminismoen kronika jasotzeko beharra. Miren Arangurenek, Edur Epeldek eta Iratxe Retolazak ondu dute liburua.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean, Iratxe Esnaolak lapurrei eta espoliatzaileei dei egin zien: “Gau patriarkala zabaldu duzue, eskularru beltzek gure ahoa estaltzen dute. (…) Ez duzue lortzen gure memoria galtzea”. Borroka feministan, hasiera haietan, antortxak eskuan hartuta abiatu zirenei eskerrak eman zizkien, “su horretan eraman gaituzue guztiok”.
Hamar urtez Euskal Herriko txoko guztietako taldeen informazioa jaso dute liburuan, tartean argazkiak, afixak eta pegatinak. Egileen ustez, egin beharreko lana zen. Atzoko eta gaurko feminista militanteentzako liburua dela adierazi zuten, baina baita feminismoan edo genero kontuetan interesa duen edonorentzakoa ere. Lanean aritu diren bitartean, itzalean zegoen mugimendu ederra ezagutu dutela diote, Ipar Euskal Herritik abiatuta. Liburua antolakuntzarako eta kontzientzia feministarako deia da.
Miren Arangurenek Iratxe Esnaolaren hitzei tiraka esan zuen gau ilun eta luzea dela patriarkatuarena, eta “denon artean indarra biltzen dugu edo ezingo da egin”.
Jendez lepo zegoen aurkezpen aretoa, kulturuneko ganbara. Hantxe bertan dago ekainaren 13ra arte irekita egongo den erakusketa. Bisita gidatuak egingo dituzte erakusketa baliatuz. Bestalde, maiatzean eta ekainean mahai-ingurua, hitzaldia, tailerra eta irratsaioa eskainiko dituzte, besteak beste.
Tras deixar atrás o mes de abril dos libros, as bibliotecas e os seus beneficios, desde Kabiak Saharauí queremos lembrar o lado escuro da súa historia, que cobra maior importancia na defensa da identidade e a supervivencia dos pobos. Estamos a falar da destrución das... [+]