Podiumeko azafata baten ipurdia; tratu txarrak justifikatzen dituzten kantak; eta homofobia borrokatzea xede duen egitasmoa. Kirolean ere,urrats asko falta da matxismoa desagerrarazteko.
Podiumeko azafaten egitekoak eztabaida berria eragin du, Flandrian egiten den E3 Harelbeke txirrindularitza probaren kartel ofizialak hauspoturik oraingoan. Irudian ageri dira neska horietako baten ipurdia –kulero urdinarekin–, eta hurbiltzen ari zaion ziklistaren eskua. Inspirazio bezala erabili dute 2013an Harelbeken bertan Peter Sagan eslovakiarrak egindakoa, azafata bati ipurdia ukitzeko keinua egin zuenekoa. Horrekin nahikoa ez eta hamar egun geroago, Flandriako Tourreko podiumean keinutik ekintzara igaro zen. “Ez zen nire asmoa emakumeak iraintzea; broma bat besterik ez da”, adierazi zuen txirrindulariak. Barre gutxi, baina. Irainduak sentitu ziren orduan eta irainduak sentitu dira orain, baita gizonezko asko ere. Ez da gutxiagorako.
Hainbat lagun, Historian doktore Maria Castejón esaterako, protagonisten generoa trukatzeak sortuko lukeen erreakzioaz mintzo dira: “Zer gertatuko litzakete emakumezko kirolarien alboan mutil katxarroak agertuko balira? Ipurdia publikoki ukituz gero jendeak esango luke lizun hutsa dela, puta samarra. Desberdintasun handi bat dago, gainera. Neskek, oro har, ez dute pentsatzen inguruan duten edozein gizonengan halakorako eskubiderik dutenik”. Txirrindularitzan aditu Paloma Castroren hitzetan, bestalde, emakumezko irabazleei sariak “mutil lerden eta maitagarriek” emango balizkiete, eta ez 50 urtetik gorako tokian tokiko agintariek, neska gehiagok jarraituko lukete kirol hori. Hala balitz ere, ez dugu uste podiumean ar-eme paperak trukatzea litzatekeenik matxismoa borrokatu eta egoera iraultzeko gako nagusietakoa.
Azken urteotan podiumeko azafata bezala lan egin duen Magalie Thierry frantziarrak onartu du lasterketa amaitu osteko zeremonia jende bati “antigoaleko samarra” iruditu dakiokeela, baina gehitu du ikusle gehienek maite dutela, “amets bat” bete zuela Frantziako Tourrean aritu zenean, eta kirol jarduerari “feminitate ukitua” ematen diola haien presentziak. Aitzitik, Laura Weislo Cyclingnews.com webguneko editoreak argi du neskek laga egin behar diotela arrakastadun gizonezkoen “dekorazio hutsa” izateari: “Txirrindularitza profesionalari dagokionez, hedabideek erakusten dituzten emakume bakarrak podiumeko modeloak dira. Kirol arloko desberdintasunak handitzen ditu horrek”. Ikusgarritasuna eta tratamendua, horra gakoetako bi, arrazoi sakonagoetan murgildu gabe.
Saganen balentriak kasu isolatuak diren arren –guk bederen ez dugu besterik gogoratzen–, gero eta zale gehiagok eskatzen du podiumeko azafaten egitekoa birplanteatu dadila, modu leun batean esatearren. Etapak amaitzen diren herriko edo inguruko ziklista gazteak jarriko genituzke guk atleten ezker-eskuin, lasterketak musu-truk antolatzen dituzten boluntarioak, itzalean lan egiten duten horiek. Marka komertzialek eta ekitaldiak diruz laguntzen dituzten gainerako eragileek, ordea, argazki ponpoxoak bilatu ohi dituzte.
Gutxien gutxienez, H3 Harelbeke lasterketaren antolatzaileek erabaki dute kartel polemikoa publizitate euskarri guztietatik kentzea, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak desadostasuna azaleratu eta gero.
Indarkeria matxistari gorazarre egiten diote Sevillako (Andaluzia) Betis futbol taldeko ultrek, haien taldeak etxean jokatzen duen aldiro. Euren kantuekin Rubén Castro jokalaria animatu nahi dute, bikotekide ohiari emandako tratu txarrengatik auzipetua dagoena –Sevillako Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatu du–, bost salaketa medio. Zer gutxiago, taldeari hainbeste eman dion “mitoari” txalo eta biba solidarioak eskaintzea baino.
Izugarria da letra: “Rubén Castro ale, Rubén Castro ale, no fue tu culpa, era una puta, lo hiciste bien”. (“Rubén Castro ale, Rubén Castro ale, ez zen zure errua izan, puta bat zen, ongi egin zenuen”). YouTuben duzue bideoa okagai (otsailaren 8koak dira bolo-bolo zabaldu diren irudiak).
Espainiako Indarkeriaren Aurkako Batzordeak proposatu du ultrak biltzen dituzten harmailak ixtea, gaur arte sekula egin gabeko zerbait. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeak hilaren amaieran erabakiko du harmailak ixteko aginduko duen, ala Betis taldeari espedientea ireki eta alegazioak eskatuko dizkion. Bigarren hautua, gaiari buruz herritarrek duten iritzia aintzat hartuta, “zentzurik gabeko atzerapen gisa” interpretatuko litzateke, agentziek diotenez. Atzerapena, zentzu guztietan.
Rayo Vallecano (Madril) futbol taldeko jokalariek ortzadar koloreko sokak eraman zituzten euren zapatiletan, otsailaren 22an San Mamesen jokatu zuten partidan, Espainiako Estatuko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Federazioaren (FELGTB) Homofobiarik gabeko futbolaren alde kanpainaren baitan.
“Futbola komunikaziorako tresna da, bozgorailu gisa balio dezakeena askatasuna, berdintasuna, errespetua edota integrazioa aldarrikatzeko”, dio Rubén López FEGTB federazioko Kirol arloko arduradunak. Kanpaina horrek Stonewall UK erakundeak Erresuma Batuan egindakoa du ardatz. Hainbat talderen babesa izan zuen egitasmoak, Arsenalena tartean.
FEGTBren helburua da horrelako urratsekin “apurka-apurka homofobia estadioetatik kanporatzea”. Ea hala den. Kirol erakundeak, dena den, ez dirudi prestuegi daudenik. LFPk babesa azaldu dio kolektiboari, baina uko egin dio erakunde bezala edozein egitasmo sustatzeari. Kirol Kontseilu Gorenak (CSD), bestalde, oraindik ez dio FEGTBrekin biltzeko gonbiteari baiezkorik eman.
Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira.
Hoxe en día, as voces das mulleres e dos nenos e nenas permanecen no seo dunha cultura que deslegitima as súas voces, silenciando as súas experiencias, dentro dun sistema tendente a minimizar ou ignorar os seus dereitos e necesidades básicas. Un exemplo mediático deste... [+]
O novo mandatario sirio retirou a man ao peito do ministro de Exteriores alemán, a ministra, e negoulle o apertón de mans. Amablemente, Annalena Baerbock sofre un desprezo. Antes, o sirio Ao-Golani tendeu a man ao ministro de Exteriores francés, Jean-Noel Barrot, e... [+]
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.