Martxoaren 11n lau urte beteko dira Fukushimako zentral nuklearra lehertu zenetik. Ikerlariak bat datoz historiako istripu nuklearrik kutsagarriena izan dela, baina ez dira ados jartzen izango dituen ondorioez. Orain arteko ondorioak ebaluatzea, berriz, zaila da, erradiazioak ez diolako momentuz isurtzeari utzi, nola airean hala uretan.
Fukushimaren kudeaketaz arduratzen den TEPCO enpresak zentrala desmuntatzeko 40 urtetik gora beharko zituela esan zuen; horrek nahiko garbi adierazten du gaurko belaunaldia ez dela gai izango arazoari aurre egiteko. Lerro hauetan inoiz aipatu izan dugu zentrala saiakera zientifikorako gune bilakatuko dela, horrek duen ondorio txar eta on guztiekin. Egia esan, beste irtenbiderik ez zegoen.
Testuinguru horretan kokatu behar da zentralean egindako azken saiakera. Fukushimako hiru erreaktoreren guneak desegin zirela jakina da, baina ez erregaiaren kokapena. Hura ateratzeko edozein ekintza egin aurretik non dagoen jakin behar da, eta horretarako muoi izeneko partikula subatomikoen arrastoa bilatu nahi dute.
Minuturo eta metro koadroko 10.000 muoik zeharkatzen dute Lurra, eta substantzia gutxi batzuekin topo egitean baino ez dira harrapatuta geratzen; uranioarekin eta plutonioarekin, esaterako. Erreaktoreak zeharkatzen dituen muoien presentzia atzemateko detektagailuak jarri dituzte, eta horren bidez erregai puskak egon litezkeen lekuen mapa osatu nahi dute. Teknologia hori sumendi batzuen barne irudia lortzeko erabili izan da, konparazio baterako.
Oraingoz proba bat baino ez dute egingo. Japoniako Gobernuak, badaezpada, aldez aurretik ohartarazi du neurketaren emaitza ez dela perfektua izango. Erregai lagin txikiak ez dira detektatuko, eta beste horrenbeste gertatuko da sakonera handienetan daudenekin.
Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.
Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]