Zazpi film labur hautatu ditu Kimuak bilduma prestigiotsuak, hemengo lanak munduan barna erakusteko. Euskal Herrian bertan apenas antolatu duten emanaldirik, baina laburretako hiru ikusteko aukera izango da herri ugaritan, Euskaltzaleen Topaguneak martxoan abiatuko duen Laburbiraren baitan.
Erronka handia da A Serious Comedy, Lander Camarero bilbotarraren dokumental faltsua. Nizar Rawi Irakeko zinemaldiko zuzendaria da protagonista, nazkatuta dago zinemaldira ez dutelako inoiz komediarik aurkezten eta beraz, Irakeko lehenengo komedia egiteari ekingo dio, nazioartean herrialdeaz duten irudia aldatzeko esperantzaz. Baina denek ez dute begi onez ikusiko testuinguru latzetan barre egin nahi izatea. Egoera zailetan umoreak duen garrantziaz, eraginaz eta botereaz mintzo da Camarero, salaketarako aukera galdu gabe. Komedia kritikoa baita berea, indartsua eta sinesgarria. Aktibismoari buruzko trilogiaren bigarren emaitza dugu hau; aurretik A Political Story egin zuen, eta hirugarrena prestatzen ari da orain: A Revenge Story.
Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen filmak Urrezko Antzara lortu du Lekeitioko Euskal Zine Bileraren azken edizioan. Ahul eta zapaldu izatera kondenatuta al daude batzuk, ala eskubidea dute haserretzeko, protesta egiteko, eztanda egiteko? Ederki taxuturiko istorioa eta gogoeta dakar oñatiarrak, Nagore Aranburu protagonistaren antzezpen ona lagun. “Uste dut denok edo ia denok sentitu izan dugula noizbait ikusezinak garela eta sentsazio horri heldu nahi izan diot. Batzuk gustura dabiltza gatazka etengabe batean, beste batzuei kontrakoa gertatzen zaie, amore eman eta ikusezin bilakatzen dira, sarri duintasuna kaltetzeraino”. Duintasun hori berreskuratu nahi duen emakume baten istorioa kontatu du Arregik.
Ederra da Koldo Almandozen berriena: Hubert Le Blonen azken hegaldia. Motorraren munduan aitzindari izan zen Hubert Le Blonek izandako bizitza eta Donostian abioiez egindako erakustaldia du oinarri, haren emaztearen begiradatik kontatua, modu sinple eta sotilean, artxiboko materiala eta animazioa uztartuz. “Emazteari eman nahi izan diot ahotsa, bikote berezi honen historian ezezagunena delako. Eta azken hegaldia animazio bidez erakustea ederra iruditu zitzaidan, halako ukitu ameslaria ematea”, adierazi digu Almandozek.
Bankuei eta bankarien etikari igorritako mezu zuzena eta garbia da Kote Camachoren Don Miguel, motzean narratua. Originala du trazua, Sin City eta komiki estiloa gogoratzen duena.
Asier Altunaren Soroa filmak berriz, Jorge Oteizaren olerki bat du abiapuntu, Deja cada muerto un dedo acusador al cielo, eta surrealismoa dario. Bardeetako paisaia boteretsuek berenganatzen dute ikuslearen arreta; lur idorrek, zeru hertsiek, euri-jasa bortitzak…
Gaztelaniaz dira azken bi lanak. Batetik, Anómalo, Aitor Gutiérrezen obra, prismatikoen laguntzaz pareko bizilaguna zelatatzen duten adineko hiru gizonen istorioa. Umorea eta misterio puntu bat nahasten ditu filmak, eta asmatzen du hainbatetan, baina irregularra iruditu zaigu une batzuetan.
Sailor’s Grave lan kolektiboa da, itsasoa gai hartuta mundu osoko hamar artistek irudikaturiko animazio lana. Sormena eta esperimentazioa ditu abiagune eta helburu, eta hain juxtu ohiko zinemagintzatik baino gehiago du arte, sormen eta esperimentaziotik.
Edurne Azkarate dixo no alto desde o micro do escenario que o cine vasco ten pouco eúscaro na celebración do Festival de Cine de San Sebastián. A frase retumba pola súa veracidade. Na escena da arquitectura pódese repetir o mesmo lema e estou seguro de que noutras tantas... [+]