AHT saboteatu egin behar dela esateagatik kartzelan amaitu dezake idazle italiarrak. De Lucak, ordea, esandakoari eusten dio. Halere, adierazpen askatasunean mugak badaudela uste du.
Ikasketarik gabeko intelektuala, autodidakta, hebreera klasikoaren maitale laikoa eta alpinista; zaila da Erri de Luca (Napoli, 1950) esaldi batean xehatzea. Liburuak idazten hasi baino lehenago obrero, kamioilari eta igeltsero izan zen Fiat-ek gobernaturiko Turinen. Lotta Continua ezker muturreko mugimenduaren militante garaiak ziren horiek, Italiako gazte iraultzaileek Bartzelonako anarkistak inspirazio iturritzat zituzten egunak.
Ondoren hitzak josteari ekin zion, eta bere kabuz hizkuntza zaharrak ikasten eta itzultzen hasi zen. Jiddisha eta hebreera klasikoa ditu geroztik bidelagun. 1989an bere lehen eleberria idatzi zuen: Non ora, non qui (Orain ez, hemen ez). Literatura lehorra, bizitzaren ikuspegi gordina erakusteko. La Parola Contraria (Kontrako Hitza) da De Lucaren azken sorkuntza. Suminduraz idatzitako liburuxka horretan AHTren kontrako sabotajea babesten du, salaketa jarri dion Turin Lyon Ferroviaire kontsortzioaren aurrean. Bere eleberrietan nagusi den lehortasun berarekin erantzun digu.
“AHT sabotatu egin behar da. Artaziek hesiak mozteko balio dute. Hori ez da terrorismoa”. 2013an Huffington Post hedabideari egin zenizkion adierazpen horiengatik bost urteko kartzela zigorra eskatu dute zuretzat.
Elkarrizketa horretan adierazitakoa berresten dut. Ziur naiz Turin-Lyon arteko AHT alferrikako egitasmoa dela, eta beraz, bidezkoa iruditzen zait azpiegitura sabotatzea. Val di Susako herritarrek 25 urte daramatzate AHTren kontra borrokatzen, baina ez materialki hau edo bestea eginez, borondatez baizik. Bailarak ezetz esan dio egitasmoari. Badaki mendi horiek amiantoz beteta daudela eta harriak pozoia isurtzen hasi direla. Val di Susako herritarren sabotajea prebentzio borroka bat da, izan ere, ingurumenaren hondamendi bat saihestu nahi dute. Etorkizunean negar egin beharrean suntsiketa ekidin nahian dabiltza.
Salaketan nabarmendu dute zure hitzek “delitu egitera bultzatu dezaketela”. Ekintzaile askoren erreferentzia izaki, “irakasle txartzat” jotzen zaituzte.
Hori baino harago doaz. Akusazioak dio nire hitzek eragina izan dezaketela pertsonen jokabideetan. Halere, inork ez dit erakutsi nik esandakoaren eta ekintza jakin baten arteko konexio zuzenik. Lehenik eta behin, ni ez naiz inoren irakasle, eta iritziekin ez dut katedrarik ezarri nahi. Tamalez, nire kontrako sorgin ehiza hasi dute. Plaza publikoa erabili baitut komunitate txiki bateko herritarren borroka defendatzeko. Azken urteetan Turingo fiskaltzak 1.000 prozedura judizial hasi ditu AHTren kontrako ekintzaileen aurka. Horregatik, nire ahotsa isilarazi eta zentsuratu nahi dute. Nahikoa izan da enpresa frantziar batek (Turin Lyon Ferroviairek) salaketa jartzea. Turingo fiskaltzak onartu egin du, artxibatu beharrean.
Zergatik?
Italiarentzat Turin-Lyon AHT azpiegitura estrategikoa delako. Kosta ala kosta egin behar dela dirudi. Horregatik militarizatu dute Susako bailara. Kuriosoena zera da, ordea, ez dela izan Estatua nire kontra altxatu den ahotsa, enpresa pribatu bat baizik.
Salaketan zure iraganari egin diote erreferentzia, legaltasunaren mugan bizi izan zarela esanez. Etsenplua emateko erabakia al da?
Fiskaltzak nire ibilbide guztia zigortu nahi duela dirudi. AHTren kontrako adierazpenak nire biografia politikoaren jarraipena izango balira bezala. Horrek ez du ez hankarik, ez bururik. 1970eko hamarkadan gazte iraultzailea nintzen, mugimendu iraultzaile bateko kide. Orain, ordea, ez dut komunitate bat ordezkatzen. Gizabanako bat naizen heinean, nire buruari bakarrik zor diot leialtasuna. Gainera, 40 urte hauetan idazle bilakatu naiz eta hitzaren erabilera aldarrikatzen dut. AHTren inguruan esandakoak ez du zerikusirik nire iraganarekin.
Hain zuzen, zure azken liburuxkan “kontrako hitza” erabiltzea defendatzen duzu. Adierazpen askatasunari buruz hainbeste mintzatzen ari garen uneotan, askatasun horrek ba al du mugarik?
Bai, noski. Norberaren adierazpen askatasuna bukatzen da besteari min egiten diozun momentuan.
Askoren ustez, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak kolokan jarri du modernismo kulturanitza. Amaitu al dira txantxak?
Charlie Hebdo, azken mendeetako mugimendu anarkistaren azken adierazlea da niretzat. Botere faktikoei aurre egiteko lotsagabekeria aldarrikatu zuten. Ez zioten inori edo ezeri kontzesiorik egin nahi. Baina Islamarekiko begiramenik ez izateak iraintzat edo arnegutzat jotzen dute musulman askok. Gaztea nintzenean lau hitzetik behin birao bat botatzen nuen. Adinak arduratsuago bihurtu nau. Ez naiz sinestuna, baina denbora pasa ahala erabaki dut jainkotasuna ez iraintzea, ondoan daukadana mindu dezakedalako. Bestearen larruan jartzea falta zaigu gehienetan.
Arrazoiaren eta fedearen arteko borroka berri baten aurrean al gaude?
Sentimendu erlijiosoa hunkiberagoa bihurtu da azken 20 urteetan. Beroegia esango nuke. Erlijio monoteistetan nabaritzen da hori, Islamean, baina baita judaismoan ere. Kristautasunak, adibidez, barre egiteko edo adarra jotzeko lizentzia onartu behar izan du. Islamean, baina, blasfemiatzat jotzen da hori. Kontziente izan behar dugu, ezin dugu jakingo ez bagenu bezala jokatu. Fedea bizitzeko tenperatura desberdinak daude eta horrek muturreko erreakzioak eragiten ditu.
Haatik, Islamaren barruan atzera bueltarik ez duen gerra bizitzen ari dira, hau da, sekta suni baten (Estatu Islamikoa) eta beste korronteen (gainontzeko sunitak eta xiitak) artekoa. Pariseko atentatuak testuinguru horretan aztertu beharko genituzke. Jainkotasuna, fusilen aurretik doan bandera berria da.
Horren guztiaren aurrean ezkerrak ba al du ezer esatekorik? Europako ezker mugimenduak berpizten ari direla entzun dizut...
Europa hegoaldean, Mediterraneoaren ertzean, jaio diren ezkerreko mugimendu berriak azken urteetako albisterik onena dira niretzat. Greziako Syriza Europako bankuen deriba geratzeko jaio zen. Europako ezkerraren bandera berria bilakatu da Grezia, eta horregatik, babestu egin behar dugu. Italian zailagoa ikusten dut halako mugimendu bat hezurmamitzea, izan ere, haserre hori Bost Izarren Mugimenduak kapitalizatu zuen duela bi urte. Beppe Grilloren alderdiak, ordea, pikutara bidali du mugimendu independente eta ezkertiar bat egituratzeko aukera.
Que non busquen este enlace desde Ezkio nin desde Altsasu, e moito menos atravesando o río Ebro por Castejón. A conexión, ou mellor dito, as conexións entre a E vasca e o TAV navarro, xa son unha realidade. Eses vínculos en plural son os que deberían preocuparnos e os que... [+]
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotzeko konpromiso politikoa... [+]
Datorren udaberrian, Stop AHT Zundaketak ekimenak bi urte beteko ditu. 2023ko maiatzean, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak... [+]
Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.
"Gasteiztik egin ezean, ez da egingo", adierazi du PSNren bozeramaile Ramón Alzorrizek. Kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP.
Nas últimas semanas estamos a ler "propostas" para a recuperación da liña ferroviaria Castejón-Soria e o mantemento da estación de tren de Tudela na súa localización actual, ou para a construción dunha nova estación de alta velocidade fóra do centro urbano coa escusa das... [+]