VIII. Etxepare saria eskuratu zuen album honek izenburu eta azal deigarriak ditu. Hiltzaileak terminoa beti erlazionatzen dugu gaizkileekin, indarkeriarekin, jokabide maltzur eta gizartearen kontrakoekin. Eta zalantzak uxatzeko azalean bertan ageri zaigu aizkora bat… gizaki baten gorputz zati bat eta gizaki horren eskutik oratuta aizkora: hiltzaileak daukan arma.
Leire Salaberria ilustratzaileak bigarrenez irabazi du Etxepare saria eta oraingoan bi bereizgarri nagusi dituen obra batekin; testuari dagokionez hitz joko batean oinarrituriko testua dugu, irudiak, aldiz, piro-grabatuen bidez eginiko ilustrazioak dira; eta teknika hori argumentuarekin ere erlazionaturik dago –izan ere, orriak erretzen edo erredura markak egiten lortzen dira irudiak–.
Albumeko orrietan barrena abiatzen den irakurleak kolore gutxiko orriekin egiten du topo, marroi, beltz, gris… koloreak erabiliz eginiko irudi sinpleak –haurrentzako literaturan hain landua den sinpletasuna–; “Hiltzaileek uniformea janzten dute. Eskularruak eta gomazko bota beltzak”. Eta liburuaren azaleko irudia ageri zaigu bere osotasunean –azala eta kontrazala hartuz–; “Batzuek bibotea daramate, baina ezinezkoa da ikustea, burua ere estalita eramaten baitute” eta hainbat lagun ekintza ugari egiten ari diren bitartean urrutian, pertsona –hiltzaile– baten lehen planoa dugu, buruan begiak bakarrik ageri zaizkiola buruko estalki antzeko batek ezkutaturik.
Hiltzaileek egiten dituzten hamaika gauza ikusiko ditugu hurrengo orrietan, bai eta haiei buruzko ezaugarriak –igerilari apartak, indartsuak, zain egoten dira…– harik eta liburuaren amaieran argitzen den arte nortzuk diren hiltzaile horiek: suhiltzaileak!
Leire Salaberriaren liburua jolasa da: ez hitz jokoaren ondorioz bakarrik, baita orrietan irakurtzean ageri diren detaile txikiengatik eta ilustratzaileak eginiko proposamen literarioengatik ere. Eta hori guztia erraztasunetik, sinpletasunetik abiatutako proposamen sortzaile bati esker. Izan ere, irakurleak orrietan aurrera egin ahala, egileak proposaturiko pisten eta deskribapenen ondorioz hasierako ustea aldatzen duela ikusiko du; hiltzaileei buruzko aurreiritzi txarra izatetik sinpatia eta haien aldeko jarrera izatera pasatuko da. “Nork ez ditu maite hiltzaileak?” esaldiarekin aldaketa horri helduz.
Finean liburu bitxi eta erakargarria, jolas egiteko aproposa, umeekin irakurtzeko eta haiei ikus eta irakur dezaten uzteko moduko proposamena. Euskal letretan azken urteotan ongi egiten ari direnen adibide argia.
Tras deixar atrás o mes de abril dos libros, as bibliotecas e os seus beneficios, desde Kabiak Saharauí queremos lembrar o lado escuro da súa historia, que cobra maior importancia na defensa da identidade e a supervivencia dos pobos. Estamos a falar da destrución das... [+]