2006ko irailaren 1etik 2007ko apirilaren 10era arte bildutako datuetan oinarrituz, NASA espazio agentziak bideo adierazgarri batean kokatu du Asian kutsaduraren eraginez sortutako elementuen higidura.
Kutsadura-lainoak nonahi higitzen dira, eta euriaren bidez erortzen diren lekuetan alergia, asma eta arnasbideetako gaixotasunak areagotu ditzakete. Lekuan lekuko eragina neurtzea ez da lortu, lainook mundu osoko zeruetan bidaiatzen dutela baino ez da ikusi. Hala ere gertaera bat garbi ikusi dute: Asian –batez ere Txinan– askatutako aerosolek, Ozeano Barea zeharkatzean, itsasoko ura xurgatzen dute, eta Amerikako mendebaldera heltzean ohi baino hodei trinkoagoak sortzen dituzte. Hodei horiek biziki lodiak dira Ozeano Atlantikora eta Karibera heltzean, eta oso zikloi bortitzak eragiten dituzte.
Gertakaria urtero errepikatzen ote den aztertzen ari dira, baina badirudi erlazio zuzena dagoela Asiako kutsaduraren eta Karibeko zikloien indarraren artean. Halaber, kutsadura horrek Europako kliman eragina ote duen begiratzen ari dira.