Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kostaldeko Ospitaleek egin dute hitzarmena, hiru urterako balioko duena. EEPk lehenengo urtean 3.000 euroko diru-laguntza eskainiko die, bigarrengoan 2.000 eurokoa, eta hirugarrengoan 1.000 eurokoa. Ospitaleetan, besteak beste Baionakoan eta Donibane Lohizunekoan, euskara sustatu nahi dute. Hitzarmena sinatu dutenen ustez, integrazioa eta konfiantza lortzeko bektore garrantzitsu izan daiteke hizkuntza.
Ahozkoan eta idatzizkoan, bietan hartuko dituzte neurriak. Idatzizkoari dagokionez, seinaleak euskaraz jarriko dituzte, webgunea euskaratuko dute eta prebentzio kanpainak euskaraz ere egingo dituzte.
Ahozkoari dagokionez, euskaraz (asko edo gutxi) dakiten langileekin egingo dute lan. Haiei baliabideak emango zaizkie euskara erabil dezaten, eta besteak beste prestakuntza eskainiko zaie. Hitzarmena EEPren eta Euskal Kostaldeko Ospitaleen artean sinatu bada ere, Ospitalean Euskaraz langileen boluntario taldea izan da bultzatzaile. Ospitaletan, euskaraz aritzeko gai diren langileak identifikatuko dituzte, eta nahi izanez gero, euskaraz dakitela adierazten duten txartelak erabili ahal izango dituzte. Batek “Euskaraz mintza gaitezke” leloa izango du eta besteak “Euskara ikasten ari naiz”.
Michel Glanes Euskal Kostaldeko Ospitaleetako zuzendariaren ustez, hizkuntzaren erabilera terapeutikoa egokia da: “Momentu batzuetan edozein motibaziori heldu behar zaio sendatu edo bizi ahal izateko, eta horretarako ona izan daiteke”.