1936ko altxamenduarekin lerrokatu ez ziren herritarrek gerraostean jasandako jazarpena izugarria izan zela jakina da, baina errepresio horri tamaina hartzeko beste iturri bat zabaldu berri zaigu. Orain arte eskuraezin egon diren Erantzukizun Politikoen Epaitegietako espedienteek erakusten dute frankistek ekonomikoki zanpatu zituztela lehendik ere erbestera, kartzelara edo heriotzara zigortutakoak.
Oso ezagunak zaizkigu 1936ko Gerraren ondorioz errepresioak hartu zituen hainbat adierazpide: heriotza zigorrak, kartzelaldiak, erbesteratzeak… Aitzitik, beste zenbait errepresio mota ez hainbeste, nahiz eta jendartean eragin oso handia izan, esate baterako gerraren hasieratik bertatik egin ziren konfiskazioak eta isun ekonomikoak.
Oroimen historikoaren inguruko ikerlanei erreparatuz, hedabideek lehen atal errepresibo haietan jarri dute arretarik handiena, baina duela gutxi arte eskuraezinak ziren eta ezkutaturik zeuden paper sortak eta dokumentazioa bistan geratu dira orain, eta ortzemuga historiko berriak ireki zaizkigu. Izan ere, errepresioaren izeberg handiaren beste atal iluna argitzen ari da Erantzukizun Politikoen Epaitegiak metatutako dokumentazio oparoan arakatzen dugun heinean.
Errepresio sail hau gerrarekin batera abiatu zen, erakundeen eta herritarren ondasunen aurka, baina gerra bukatzear zegoela jo zuen goia, 1939ko Erantzukizun Politikoen Legearekin. Legearen hedadura, gogorkeria eta herritarren artean izan zuen eragina izugarriak izan ziren eta hastapenetako frankismoaren osagai errepresibo nabarmenetako bat bilakatu zen.
Jabetzak harrapakin bihurtzen direnean
1936ko uztailaren 18ko altxaldiarekin, lehen unetik talde falangistek eta karlistek lapurretak egiteari ekin zioten inolako zailtasunik eta euskarri juridikorik gabe. Zigorgabetasun osoz eraso zituzten alderdi errepublikanoen, ezkertiarren eta nazionalisten egoitzak, eta halaxe berenganatu zituzten biltokiak, komunikabideen inprimategiak eta baita ondasun pribatuak ere. Jokaera horri bultzada handia eman zion matxinada militarrarekin bat egin ez zuten alderdi eta erakundeen legez kanporatze bitxiak. Ez baita ahaztu behar garaileak suertatu ziren arren, frankistak izan zirela legalitate errepublikarraren aurka oldartu zirenak.
Testuinguru horretan kaleratu zuten, Donostia hartu zuten egun berean, 1936ko irailaren 13an alegia, 198 zenbakidun dekretua, alderdi errepublikar, ezkertiar eta abertzaleak legez kanpo laga zituena. Horren ondorioz, haien jabetzak militarren, karlisten eta falangisten harrapakin bihurtu ziren.
Frankistek gerran egin zituzten aurrerapen militarren ondorioz, harrapaketak gero eta garrantzitsuagoak bilakatu ziren, eta azkenik 1937ko urtarrilaren 10ean beste dekretu bat kaleratu zuten, horiek era antolatuan eta kontrolpean egiteko asmoz. Hala, “Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Nazionala” eta honen menpeko eskualdeetako adarrak sorrarazi zituzten matxino frankistek, eskuratuta zituzten lurraldeetan nahi bezala aritzeko. Euskal Herrian ere –Bizkaiko kasuan 1937ko uztailaz geroztik– erakunde hori arduratu zen errepresio ekonomikoa aurrera eramateaz.
Lege berezia, epaitegi bereziak
Baina ekimenik latzena 1938az geroztik hasi ziren diseinatzen –gerra kasik amaitzear zutelakoan– Tomás Domínguez Arevalo “Rodeznoko Kondeak” gidatzen zuen justizia sailetik eta militarren batzorde batetik: 1939ko otsailaren 9an onartutako Erantzukizun Politikoen Legea hain zuzen ere. Hari esker, gerra amaitzeko hilabete pare baten faltan, indarrean jarri zuten Erantzukizun Politikoen Epaitegi Nazionala, baita eskualdeetako beste 17 auzitegi ere, hiriburu guztietan baitzeuden tokian tokiko epaitegiek hornitutako txostenak, eta horietan oinarritu ziren errepresioa zabaltzeko.
Auzitegi berri horiek osaera berezia zuten eta ohiko epaitegietatik bereizten ziren. Epaimahaiburua militarra zen eta harekin batera beste epaile batek eta Falange Tradizionalistaren ordezkari batek –batzuetan legegilea zen, baina beste askotan hori ere ez– osatzen zuten tribunala. Jazarpena aurrera eramateko oinarri hartu zuten legea ere berezia zen erabat. Alde batetik, errepresioa jardun politikoen aurka bideratuta zegoelako. Legearen izenak berak eta artikuluen edukiak argi eta garbi adierazten zuten ekimen politikoen arduradun eta partaideak zanpatzea zutela helburu. Ez zen gerra garaiko jardun militarra soilik epaitzen, gerra aurreko lan eta ideologia politikoa ere bai, bere ere atzeraeraginezko izaerak 1934ko urrira arte eramaten zuelako zigorraldia. Erabat zilegi ziren ekimen, aktibitate eta erakundeak lege horren menpe gelditu ziren. Beraz, lege horrekin zigortu nahi zituzten ez bakarrik gerra garaian izan zitezkeen jardun politikoak, baita II. Errepublikako urteetako militantzia ere.
Gerra auzitegi batek zigortzea arrazoi nahikoa zen Erantzukizun Politikoen Epaitegiak beste prozesu bat abiarazteko. Hala, aurretik ezarritako zigorrari –askotan kartzelaldia edo heriotza zekarrena– zigor ekonomikoa gehitzen zioten.
Horrez gain, beste 16 arrazoi gehiago zeuden edozein pertsona inputatzeko eta haren kontrako espedientea abiarazteko, esaterako: Fronte Popularreko edo legalitate frankistatik kanpo utzitako alderdi edo erakunde baten partaide izatea; legalitate errepublikarrari eustea eta ondorioz, frankisten arabera, “Mugimendu Nazional Loriatsuari” aurre egitea. Era berean, nahikoa zen erbestera joatea, denbora laburrez bazen ere, errudun zantzuak izateko eta jazarria izateko.
4.000 sententzia Euskal Herrian
Estatu osoan zabaldu zituzten 17 epaitegietatik 4 Euskal Herrian zeuden. Bat Bilbon –hiru azpi auzitegi zituen– eta bana Gasteizen, Iruñean eta Donostian, nahiz eta azken bien egoitza Iruñean kokaturik egon. Euskal lurraldeetako auzitegi horiek guztiek 1941 arte 10.101 epaiketari eman zieten hasiera, eta horietatik 4.066 bukatutzat jo zituzten. Estatuko beste zenbait tokitan gertatu zen legez, epaitegiek berek martxan jarritako mekanismo errepresiboak gainditu egin zituen; 1942an legea erreformatu behar izan zuten eramanezina bihurtu zitzaielako.
Hala ere, epe horretan egindako lana eta zabaldutako errepresioa eta izua ez zen makala izan. Iruñean aritu zen auzitegiko epaimahaia honakoek osatu zuten: Eladio Carnicero militarrak, Leocadio Tamara epaileak eta Joaquin Ochoa de Olza falange tradizionalistaren ordezkariak. 1940ko abuztuaren 4tik 1941eko urriaren 21a arte soilik –14 hilabete eskasean– 1.249 epaiketa egin zituzten. Gipuzkoatik eta Nafarroatik helarazten zizkieten txostenetan oinarritu ziren epaitzeko. Informazio hori tokian tokiko guardia zibilek idazten zuten gehienetan, baina Falangearen komisaldegietako iturriek eta informazio zerbitzuek, herrietako alkateek eta apezek ere hartu zuten parte informazio trukaketan. Azken horiek, kristau moralitate kontuez gain, batzuetan politikagintzaz ere aritzen ziren. Batzuek zein besteek emandako datuekin, zenbait kasutan txosten mardulak osatu zituzten, informazio politikoaz aparte, akusatuen egoera ekonomikoaren berri ere zehatz-mehatz emateko.
Hil eta gero…
frankistek poltsikoa bero
Epaitu eta zigortu zituztenen artean oinarrizko militante asko zeuden, baita buruzagi politiko ezagunak ere. Horietako batzuk aldez aurretik erail zituzten, eta hargatik senideak zigor ekonomikotik libratu zituzten. Baina beste askotan, indarrez “desagertu” arazi zituzten, eta ondorioz, errepresio ekonomikoa zekarren prozesuak aurrera jarraitzen zuen. Senitartekoak izan ziren konfiskazioen kalteak eta isunak jasan zituztenak, kartzelan, erbestean edo hilobietan zeuden gertukoen erantzukizuna beregain hartuta. Esaterako, Tafallako kartzelatik atera eta fusilatuak izan ziren hainbat berbintzandar eta tafallar ezkertiarren kasuan, zinismo handiz “leku ezezagunean” zeudela esan zuen tribunalak, eta familiartekoek, heriotzaren minaz gain, zigor ekonomikoa jaso zuten.
Beste kasu batzuetan, epaitegi militar batek heriotzara kondenatua izateak ez zuen oztopatu familia berriz zigortzea, eta ondasun gehienak, etxea barne, bahitzea. Juan Arrastia buruzagi politiko sozialista dugu horren lekuko. Torrelavegan epaitu eta hil ostean, bere ondasun guztiak konfiskatu zituzten jarritako isunari aurre egiteko. Bere alargun Veremunda Olasagarrek, 1940an erbestetik itzulitakoan epeka ordaindu behar izan zuen senarra zenari ezarritako isuna. Antzekoa gertatu zitzaion Florencio Iracheta Irungo zinegotzi sozialistari. Heriotza zigorra izan zuen, baina epaimahaiak ez zuen erreparorik izan ondoren 75.000 pezetako isuna ezartzeko.
Erbestera joateak militante eta buruzagi politikoen errua larriagotu egiten zuen frankisten ikuspegitik. Horren ondorioz, Jose Antonio Agirre edo Manuel Irujo bezalako buruzagi jelkideei 20na milioi pezetako isun ezarri zieten, eta ezkerreko beste buruzagi batzuek ere, hala nola Constantino Salinas sozialista altsasuarrak edo Fernando Sasiain Donostiako alkateak “ondasunen erabateko galera” jaso zuten.
Isun ekonomikoarekin batera, hainbat kasutan, deserriratze zigorrak zetozen. Aipatu Sasiaini 15 urtekoa ezarri zioten, eta jakina denez, Frantzian egon eta gero Espainian (Palentzia) bizi behar izan zuen hil arte, Donostiatik urrun.
Zigor ekonomikoaz gain, oso ohikoa zen lan gaitasun-gabetzea izatea. Irakaskuntzan eta funtzio publikoan aritu zirenak izan ziren kaltetuenak baina zenbait arlo pribatutan zebiltzanak ere (abokatuak, arkitektoak…) jazarpen latza izan zuten.
Genero ikuspegitik, larria izan zen alargun askoren egoera. “Presoaren emaztearen” rola ikertu eta landu den bezala, alargunarena ere talaia horretatik jorratu beharra dago. Izan ere, hasieran aipatu dugun legez, hilik zeuden senarren edo gertukoen aurkako isunei eta konfiskazioei aurre egin behar izan zieten alargun geratu ostean ere. Batzuetan “autofede” edo damutze adierazpenak egin behar izan zituzten etxeko ondasunak ez galtzeko edo berreskuratzeko. Eta noski, asko ziren beraien jardun politikoagatik zuzenean zigortutakoak. Ekintzaile ezkertiarrez gain, Euskal Herrian Emakume Abertzale Batzako partaideak –batez ere euskal eskoletan eta ekimen kulturaletan ibilitakoak– bereziki errepresaliatuak izan ziren lege horren bidez.
Ikerketak hasi besterik ez dira egin, eta oraingoz zaila da jakitea lege horrek estatu frankistari zenbateko dirutza eman zion. Era berean, konfiskazioen ibilbide bihurriaren ondorioz ezin atzeman liteke zenbat eraman ziren muturreraino eta zenbatek berreskuratu ahal izan zituzten ondasunak 1960ko hamarraldian lege hori indargabetu zenean. Baina ikerketak aurrera doazen heinean, argi eta garbi esan daiteke Erantzukizun Politikoen Legea, izua eta egonezina zabaltzeaz gain, tresna ikaragarria izan zela galtzaileei “heriotza zibila” ekartzeko. Erbestearekin, heriotza zigorrekin, eta espetxealdiekin batera, errepresio frankistaren laugarren hanka izan zen.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.