Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Himno handien garaia da, baina pertsonen istorioak gehiago interesatzen zaizkigu"

  • Bi urtez Arrainentzako himnoak sortzeko abenturak kontatu ditu Morauk, izen bereko blogean. Lagunen ekarpenak aintzat hartuta, eta hamaika bertsioren ondoren, Beñardorekin batu eta disko batean bildu ditu 16 kantu. Solasaldian, diskoan bezala, Morauk jarri ditu hezurdura eta hitzak, eta Beñardok izan du konponketak egiteko ardura.

"Edozein hizkuntzatan esanda ere, zer eta nola esaten duzun da garrantzitsuena. Unibertsalago ez gaitu ingelesak egiten, gure burua konplexurik gabe erakusteak baizik".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Sei urte igaro dira azkenekoz zerbait argitara eman zenutenetik. Zer aldatu da ordutik hona?

Morau: Motibazioa aldatu da, kantuak egiteko gogoa. Lehen ez bezala, orain banuen zerbait kontatzeko nahia. Nire buruari galdetu nion: zer egingo dut musikarekin? Erantzuna izan zen Beñardorekin zerbait egin nahi nuela, soila eta biluzia, distrakziorik gabekoa, eta bestelako modu batera antolatua.

Beñardo: Esperientzian ere irabazi dugu. Musikalki aberatsagoak gara. Urteekin batera, eta beste proiektu batzuetan ere bagabiltzalako, kantak ontzeko gaitasuna handitzen da. Musikari hobeak gara gure txikitasunean.
Morau: Gure mugen jakitun izatea ere oso garrantzitsua da, lotsarik eta konplexurik gabe aritzea. Beldurrik gabe erakutsi dugu zer den egiten duguna.

Arrainentzako himnoak bloga izan da horretarako plaza. Nola etorri zitzaizun burura prozesu guztia kontatzeko asmoa?

Morau: Gogoeta oso sinplea da. Konturatu nintzen kantuak egiten baditut ez dela musika menperatzen dudalako edo teknika izugarria dudalako. Kantuak egiten ditut istorioak kontatzea gustatzen zaidalako. Gaur egun horretarako inoiz baino tresna gehiago ditugu; gero eta bitarteko gehiago, bitartekaririk gabe. Eta otu zitzaidan: zergatik ez dugu kontatuko musikariok sekula kontatzen ez dugun hori? Lan handia eskatzen dit kantuak sortzeak; noan kontatzera eta norbaitek ekarpenik egin nahi badu, emango diot horretarako aukera.

Izan dute eraginik blogean emandako iritziek?

Morau: Eragin nahi izan duenak eragin du. Nabaritu dut jendeari zure abestia zer iruditu zaion galdetuz gero, asko errespetatzen dutela besteen sorkuntzatik datorrena. Sortzaileok erreparoa dugu gure lana erakusteko, baina besteek ere badute gure lanean eragiteko beldurra. Lortu duguna da berrogei edo berrogeita hamar lagunek prozesu guztia oso hurbiletik jarraitzea.

Beñardo: Bai, baina dena dela, Morauk egindako lana aperitifa zen oraindik. Gero ni lanean jarri naizenean hasi da musikalki kantuak moldatzeko prozesua.

Hortaz, Morauk egin du diskoaren oinarria, eta gero Beñardok orden pixka bat jarri du.

Beñardo: Ordena eta desordena, bai. Izan ditugu tirabirak normala den bezala, baina urte asko daramatzagu elkarrekin eta ikasi dugu elkarren alde on eta txarrak orekatzen.

Morau: Elkarrekin egiten dugun laugarren diskoa da, eta maila horretan, inoiz baino askatasun handiagoa eman diot. Benetan izan da elkarlana, eta hasieratik saiatu naiz, beti lortu ez arren, prebentzio neurri guztiak lausotzen eta lasaitzen. Horregatik da  Morau eta Beñardoren diskoa, Morauren beste disko bat izan beharrean.

Bat-batekotasunak agintzen duen honetan, bi urteko prozesua da mahai gainean jarri duzuena, publiko handiarengana heltzeko asmorik gabe. Korronte kontra eroso sentitzen zarete?

Morau: Guk gure burua ikusten dugu bere barazki propioak lantzen dituen baserritarraren moduan. Lantzen ditugun tomateak ez dira denak perfektuak, ez dute plastiko eta edukiontzi perfektua, baina zaporea badute, eta guk bilatu dugun publikoa zapore hori maite duena da.

Txikitasuna, gainera, balore bat da, horrelako prokuktuak egiteko aukera ematen baitigu, hanka sartuz, probak eginez, esperimentatuz, baina zintzoki aitortuz gure akats eta gabeziak zeintzuk diren. Industria hankaz gora eta txikituta egonda ere, gure ingurua proiektu txiki interesgarriz josita dago. Hori da gu erakartzen gaituena.

Kronista adjektiboa jarri izan dizute, Morau, eta gustura hartzen duzu zuk. Politologoentzat bezala, badira garai interesgarriak musikari kronistarentzat ere?

Morau: Beti dira garai interesgarriak kantautore kronista batentzat. Mundua oso lehengai ona da beti.

Beñardo: Garai hauetan, behar genituzke musikari kronista gehiago, umorez eta espiritu kritikoz munduaren gazi-gozoak kontatzen dituztenak modu pertsonalean.

Morau: Horrek lotura du arrainentzako himnoak kontzeptuarekin. Egun himno eta lelo handien garaia da, baina guri behintzat kantuak egiteko beste gauza batzuk interesatzen zaizkigu: istorioak, gorabeherak, jarrerak…

Horregatik egin duzue Leteren Gizon arruntaren koplak gaurkotzeko ahalegina?

Morau: Xabier Leterena garaiko gizartearen goitik beherako disekzioa da. Eta zer gertatuko litzake Leteren begirada zorrotz hori gaur egungo gizarteari aplikatzen ahaleginduko bagina? Hori izan da nire ahalegina, bere umore, garraztasun eta zorroztasun hori ekarri nahi nuen gure egunerokora. Kantu hori da gainera diskoan daudenetan zaharrena, buruan nuen aspalditik.

Beñardo: Bertsioa ere ez da, musika aldatu baitugu. Bigarren zatia izan daiteke akaso.
Morau: Aurretik egindako zerbait baliatu dugu, baina ahal beste mantenduz Xabier Leteren zorroztasun hori. Harekin alderatu nahi izan gabe, jakina.

Bada diskoan istorio bat kontatzeko balio duen beste kanta bat: Arma, txio, pum.

Morau: Bai, anekdota ederra da. Kantuen sorkuntza prozesua amaitua nuen hamabost kanturekin, baina orduan hainbat euskal presoren abokatuak atxilotu zituzten Bilbon. Barne Ministerioak atxiloketak egin aurretik filtratu zituen twitterren, eta sekulako zalaparta sortu zuen horrek. Egun hartan twitterreko erabiltzaile batek erronka bota zidan, horren gaineko kantu bat egin behar nuela esanez. Amuari kosk egin eta bi egunetan idatzi nuen azkenean hamaseigarrena izan dena.

Beñardo: Eskerrak ez zituzten gehiago eskatu, bestela 20 kantakoa aterako zitzaigukeen.

Kanta guztiak sarean daude entzungai, baina disko fisikoak ere egin dituzue, objektuari garrantzia handia emanez, gainera.

Beñardo: Bildumazale garenontzat plazera da objektuaz gozatzea, nahiz eta guk ere, MP3an entzuten dugun musika gehienetan…

Morau: Diskoa beti izan da objektu, baina orain objektu industrial arimarik gabea da kasu askotan. Hala ere, gero eta jende gehiagok ematen dio bere lanari ikutu pertsonala eta balio erantsia, eta hori egin dugu guk ere.

Diskoak proiektuaren ildoa jarraituz egin ditugu, auzolanean, lagunartean. Guk dugun gauzarik bereziena gure nortasuna eta gure lagunena da, eta hori da diskoari eman nahi izan dioguna. Jendeak eskertu egin du gainera. Egia da abestiak sarean doan jartzeak lasaitasuna eman digula. Diskoa gutizia bat da, benetan estimatuko duenarentzat sortua.

Zure abestiak ingelesera itzuli ditu Ixiar Artolak, eta nahi gabe bada ere, irakurtzean beste maila bat hartu dutela iruditu omen zaizu. Horren anglofiloak gara?

Morau: Pop eta rock musika zaletuon ezaugarri bat da. Ohituta gaude musika ingelesez entzuten, eta nik bezala ezer gutxi ulertu arren, gehien gustatzen zaizkigun kantak ingelesez dira. Badago, baita ere, ingelesez denak balio handiagoa duela pentsatzeko joera, edo euskal artista batetzat musika ezin daitekeela bizibide izan… Horrek ez du zertan hala izan. Edozein hizkuntzatan esanda ere, zer eta nola esaten duzun da garrantzitsuena. Unibertsalago ez gaitu ingelesak egiten, gure burua konplexurik gabe erakusteak baizik.

Zuzenekoen txanda duzue orain. Nekeza da zuena moduko emanaldietarako tokia aurkitzea?

Morau: Zorionez, aspaldion gertatu den fenomeno interesgarrietako bat, musika zaletasuna bultzatzen duten espazioak sortu izana da: Kafea eta Galletak, Motz taberna… Gero eta zirkuito zabalagoa dago. Toki txikiak dira, baina hori da gure ingurune naturala.

Beñardo: Eta antolatzaileak ere musikazaleak dira, musika estimatzen duen jendea. Asko eskertzen da hori. Musikariontzat pozgarria da, nahiz eta baldintza ekonomikoak onak ez izan, antolatzen ari denak egiten duguna estimatzen duela sentitzea.

 


Interésache pola canle: Andoni Tolosa 'Morau'
2018-05-18 | Lander Arretxea
Andoni Tolosa 'Morau'
"Ao abrir o disco hei visto que moita xente necesita compartir o que viviu nas tarefas de vixilancia"
O cantautor hernaniarra Andoni Tolosa ‘Morau’ comezou a pasear con ela todas as mañás polo Alzheimer da súa nai. En cada sesión fíxose unha foto e o Amencer decidiu difundila pola rede co nome de 'Alperrak'. Deu o mesmo nome ao disco que escribiu contando vivir e apreso... [+]

Hai un café que nunca se quenta
Café e galletas. Cando: 14 de marzo. Onde: Astra, Gernika. Músicos: Morau e Beñardo.

2013-08-29 | Lander Arretxea
Morauren arrainontzi musikala betetzen ari da

Duela sei hilabete ekin zion Andoni Tolosa Morauk disko berri bat osatzeko sortze prozesuari. Ez edonola ordea: pausoz pauso, inspirazioaren fruituak lagun eta jarraitzaileekin elkarbanatzen dihardu horretarako prestatutako webgunean. Hamasei abestiren zirriborroa osatu... [+]


Andoni Tolosa 'Morau':
"Ironiak samurtasuna babesteko balio du"
Kalamidade handi eta txikiei abestu die Andoni Tolosa Morauk Agotak taldearekin batera argitaratu duen Kalamidadiak disko berrian (Gaztelupeko Hotsak). Hamabi kantu inteligente dira, algara baino irribarre txikia eragiten dutenak.

Eguneraketa berriak daude